www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Joakin Lizarraga
1771-1800, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Unibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

Sermo XXXI:
De devotionis in eucharistiam,
probatione et praxi

 

Dilectus meus mihi, et ego illi. Cantic. 2.

 

        Konparaturik arima kristioa esposareki, ta esposoareki Kristo sakramentatua San Pablok dionaren gisara: Despondi vos uni viro virginem castam exhibere Christo, desposatuzaistet Kristoreki zuek presentatzeko berai zuen arima, nola birjin kasta garbi bat. Aipatu gindue arimak bear dion amorioa ta debozioa bere esposo bakar amanteai bekala, inveni quem diligit anima mea, aurkitu dut onesten duena nere arimak, tenui eum, nec dimittam, daukat ia firmekiro, ta estut utziko. Orai ia debozioaren progua ta praktika. Dilectus meus mihi, et ego illi; nere onetsia neretako ta ni beraindako, dio arima esposak amorosturik bere esposo dibinoas. Baña estu eroain tratua egiten, estu galdu trukadan; Jesus Jangoiko dena zuretako, eta zu deus guti zarena Jesusendako? Esta bardin batain ta berzeain irabazia. Alaere alzinatuago dago Jesus komunikatzeko arimai bera dena ta duena, ezi ez arima entregatzeko Jesusi bere deus gutia. Ain ona ta liberala da esposo dibino gau! errendi zaite bada ene arima ainberzeko amorioai ta ontasunai, entrega zaite berai zaren guzia erreserbatu gabe pixkarik ere, erran zazu egiareki sines ta gogotik: Dilectus meus mihi, et ego illi; nere onetsia neretako, eta ni beraindako. Orrek, Jauna, onesten banau ni, nik onesten dut berori; berori nai dut sollik, ta aski dut. Baña ezin fia itz solles; goazen ikusis zenbait progu eman beartuenak bere debozioaren, ta zertan monstratu bear duen arimak, segitus desposatuen konparazioa. Baña gure esposo dibinoaren amak, xakin zuenak estimatzen ta tratatzen mereji bekala Jesus dibinoa, erakutsi bear digu guri ere mostratzen debozioa Jaunoni. O grazias betea, alako semeari zegokion ama digna, bigu, otoi, guri ere bear dugun grazia. Abe Maria.

        Nere onetsia neretako, ta ni beraindako, dio Jesus sakramentatuaren deboto den arimak. Erratea baizik ezpada, esta progu aski. Errezu pixka batzuetan fundatzeunte batzuek debozio guzia, baña engañua da. Jauna, Jauna erraten didaten guziak estire sartuko zeruetako erreinuan, dio Jesu Kristo berak (Math.7). Eta eskriba ta fariseoei erran ziote: O hipokritak, ongi erran zue Isaiasek zuengatik, pueblo gonek honratzen nau ezpañes, eta biotza urrun daukate enegandik (Ib.15). Eta berriz: Ai zuetas, eskriba ta fariseo hipokritak, amarren itenduzienak mendas, anisas eta komioas, eta ustentuzienak inportazioskoagokoak; ebek egin bear da, ta aiek ez utzi. Kidari itsuak, eltxo batengatik maunka usatzen, ta bitarteo kamelloak irestentuzienak. Zer da au? Da erratea iten dela anitz-kaso gauza exteriore aises ta txipies, ta ajolarik ez larries, nekosoagoes. Beterik dago mundua alako hipokrita engañatues ta engañazalees; laur errezu ta exterioridade egin kunplimentus, laur debozio-iduri pasatu axal axala, ta bitarteo erreinante suberbia, kodizia, luxuria, ira edo berze bizioren bat, in gabe garaitzeko dilijenziak, estutela nai mortifikatu deustan, ez utzi lagun gaistoak, ez goardatu sentidoak, ez kendu okasio ta peligroetaik. Sinpleak deitzentuste goardatzen direnak, ta sinpleza goartze gura. Baña errealki sinpleak dire fiatzen direnak debozio-iduri exterioreetan goartu gabe bekatuetaik ta bekatu-bideetaik. Sinpleza dena da ajolaik ez Jangoikoaren ofensatara tiratzeunten pasionees, okasioes, gauzes, ta gero soña erru ezkilak, itxeki ainberze kandela, eraman eskapularioa, errezatu bizpiru kanta edo orazio memorias, ta alako materialidadees, kontriziorik ta propositorik gabe emendatzeko. Itz bates, Jangoikoagana mia ta azal gañekoa; kontra biotza ta substanzia. Alako debozioes pagatzen baliz Jangoikoa, trebe naiz erratera sinple litzakela; ala nola errege pagaleikena sonbreluak edo txapelak edekirik kortesia egiteas traidore traiziatzendagokiotela dakienak.

        Bada, Jauna, gaixto dire errezuak ta deboziosko gauzak? Ez por zierto, baizik ezpada bateo prokuratzen ontzea arima, ta Jangoikoai plazer egitea, diot estaikela fia, ala nola erregei eginagatik kortesia, emanagatik egun onak, ta anitz agur ageri denean, ezpazaio kunplitzen manatzen duena, ezpaita kontentatuko; ala nola induzituagatik, pintatu ta estaliagatik etxea, zimenduak falsuan badoaz, pareteak utsgunean, guzia urratzera etorko baita, ala. Beras, Jauna, esta konbeni errezatzea, debozioak egitea, bekatuan badago arima? Konbeni da, ta in bear dire intenzioreki atratzeko estado gortaik, ta logratzeko Jaungoikoaren eskua ortako; baña prokuratzen ezpada au, ark estu balio, edo deus guti. Ikusi bear dugu deboziorik obenean, sakramentu sanduaren debozioan. Goazen klaro; debozioa, nere fielak, berze birtuteak bekala, dago biotzain edo arimain barnean, naiz monstratzea iten bada gauza exterioreetan. Daike izan ura guti mostraturik estelaik preziso mostratzea, eta daike ere mostratu agerrian dena barnean, ta konbeni da au askotan exenplu ona emateko bere menekoei, ta proximo guziei, baita ere zerbitzatzeko Jangoikoai arima ta gorputzareki estalian ta agerrian. Baña beti ta noiz esten biotzaren ta arimaren barnean, desengaña, monstratzea errezu ta alako gauzetan da debozio-iduri, ta ez ia. Debozioa bere esenzian da biotzaren edo borondatearen prontitudea edo fruntasuna gure Jaunaren agradoko gauzetara. Senti duenak, bada, bere baitan deseo, ansia, afizione ta anhelo kontentatzeko Jaunoni, ark dio debozio. Señale onak egotea in naiak zer edo zer Jaunonen obsekiotan, guzia guti iduri zaiola, alegratzea izan daien honratua, tristatzea ofenses, egon naia Jaunonen presenzian, gusto artzea komekatzeas, oroitzea kanpoan ere jaun ontas, igortzea biotzetik afekto onak eta alakoak. Exenplutako, agitzen zaiona afekto duenai berze noribaiti, baitago nondik gusto egin, ikusi naiak, mintzatu naiak, zerbitzatu naiak, laudatzen ausenzian ere, oroitzen maiz, ta ala.

        Emendik ageri da debozioaren benenoa dela bekatu mortala, ezi nola daike konpon onestea gure Jauna, ta ofenditzea grabeki? Nola dezaket egin gaixtakeria gau ta ofenditu nere nagusia? zio Josef Ejiptoko garrek. Eta oroat emen, zer balio dute gañarako debozio-iduriek, iten badiozu traizio bat ain traidorea, nola baita bekatu mortala? (Berexki sakramentu gonen kontra da admititzea kulpa desonestorik. Egiten da komekatzean bat tenplo ta sagrario Kristoren; dirudi ongi zikin daien desonestidades? Omnis immunditia nec nominetur in vobis, dio San Pablok (Efes.5), inmundiziarik estaiela aipatu ere zuen baitan. Eskojituen ogia deitzen da sakramentu gau, ta aingiruen ogia, ta Birjinak azizentuen ardoa; eta errealki emen dagona da Birjinaren Semea ta Birjin bera, Birjinen esposo garbia, axuri inozentea erregalatzen ta gozatzen dena azuzenen ertean. Garbi eder naitu korporalak, sagrarioa, kustodia ta baso sagratu guziak, ta bere ministroak ere naitu kastidadearen boto solemneareki konsagratuak; bada, bere ariora garbi eder bere deboto guziak. Estuzu aitu dela komunionea ala nola arimaren desposorio espirituale bat Jesus sakramentatuareki? Jesus esposo, arima esposa dei daizkela? Bada, ala nola esposak galtzea fidelidade ofrezitua esposoai, izatea traidora infiel infamea bailitzake gauzarik sentigarriena esposoaindako, ala emen. Nere onetsia neretako, ta ni beraindako, erran zue arima debotak; bada, estagokio ongi inmundizia ain guzis aborrezitzen duena Jesus onak. Zein gaizki iduri duen Jesusen esposa izan den arima erorzea infernuan? Bada, gaizkiago dirudi erorzea inmundizian. Ezeta ere admititzea afektorik, berze niorengana etzaiko permititzen arima fielai, zeren baita Jesusen agrabio nior onestea beraren konparazioan, ta beraren agrabiotan. Biotz gartan, zeintan ostatatzen ta bizitzen baita Jesus bera, estaike admiti afekto bearrestenik; eta agitzen balitz deskuidorik ontan, garbitu bear da negarres ostatua kuadratzekos esposo dibinoai, ezi Jangoikoaren arka ta Dagon estaudezke batean).

        Paraturik debozioaren zimendua ez ofenditzea grabeki bentzait gure Jauna, baizik plazer ematea al guzian, mostratzen da debozio gau berze anitz maneras. Estiot deus meza enzuteas, zeren baitago erranik; estare komekatzeas maiz ta ongi, zeren erranen baitugu gero. Diot in dezokegun obsekioas ala elizan nola elizatik kanpoan. Zer kosta da aitzen delaik sagrako ezkila goratzea biotza, adoratzea gogotik gure Jauna? Zer kosta da naiz dela gauas, naiz dela egunas noizean noiz egitea memoria Jesus onas? Ta igortzea biotzetik (ala nola mundukoek elkarri goraintziek) afektoak Jaunoni, ia amorioskoak, ia petizioskoak, ia humiltasun, ia konfianza, ia esker, ia deseos, propositos ta alakoak. Zerengatik ortako solo bear da debozio Jaunoni; solo bear da nai izan; esta bear mandataririk, esta letrarik ere, esta itzik ere. Biotza ikusten du, aitzentu biotzaren oiuak baitire afektoak, mogitu gabe mia; ta ori nonnai in daike, ta niork sentitu gabe, naiz sukaldean ta elzeen ertean an dabila Jangoikoa, dio Santa Teresak (L.fundac.c.5), naiz lanen ertean, zerengatik eskuek iteunten bitarteo bere lana, oñak dabiltzan bitarteo nora bear den, biotza daike okupa gure Jaunabaitan; nork estorbatzen du, nai badu? Estuzie aitu edo progatu noizbait nola demonioak edozein leku ta itekoetan, naiz elizan ere, ta meza enzutean ere, paratzentiotela buruan pensamentu gaietaik, zeintara duten pasione? Bada, gaitzerako dezakena deabruak, ez dezake onerako gure Jaunak? Diot gogoratzea beraren finezak, itxekitzea afektoa beragana, ta atratzea afektoaren ansiak nonnai ta noiznai? O balitz afekto bear bekalakoa!

        Berze obsekio indezozkegunetaik da bat akonpañatzea noranai doaien gure Jauna edo prozesioan edo komekadurain, honratu naies bere aldetik afektoaren fiñareki, pensatus doaiela gure errege amablea an, ta inguraturik daukatela erdian aingiruek andik eta emendik ajent, akonpañatzeuntela alaber lurrekoek ere, eta nik ere bai guzien rehus bekala, kontent alaere aurkitzen badut grazia beraren begietan, beiratu nai badida amolsuki urrikiturik bere pobretto gontas atzetik darraionas, ala nola errege bolsa eskuan daramanari emateko darraizkion beartsuak. Kristioa, sentitzen bauzu atratzen elizatik gure Jauna, etzaitela deskuida, esta galtzeko lanzea. Dabid erregek akonpañatzen zue arka gura, baize sakramentu gonen figura, alzinean saltoka alegranzias, izanik errege andi bat, baña deus guti Jaunonen aldean. Goatemalan atratzen zelaik Jaunau prozesioan, benerablee Pedro de San Josef gizon sandu garrek, paraturik bere kapa pertika batean joaten ze len lenean tieso fantasia sandu bateki absorto, ain beterik bozkariundes, ia goratus, ia lurreratus bere bandera, ta egines alako demostrazioak, ezi guziei ematen ziote bere amoriosko suaren debozio ta admirazio (Parr.p.1.pl.7). Korpus Kristiren ortzeguneko prozesioan akonpañaturik Jaunau Ferdinando II enperadoreak tortxa andi bateki eskuan, erresultatik atra zekio anditsu bat beso gartan. Kuratu bitartean ellegaturik igandeko prozesioa, erraten ziote: Eskusaturik dago orren Majestadea joatetik akonpañatzera, daukalarik ain gaizki besogoi. Berze besoa daukat sano, errespondatu zue, in bear diot agasajo gau nere Jaunai. Ala egin zue (Ib.). Berze majestade batek akonpanatzean (sic) oroat errezen zuelaik iruzkiaren beroak, erraten ziotenei paratzeko goardasola, errespondatu ziote: Zauste geldi, ezi egungo iruzkiak estaki egiten gaitzik. Ze zerengatik baize andiagokoa debozioaren sua erretzen ziona biotza.

        Debozioaren berze mostra bat da asistitzea puntual, ansioso, erreberente sakramentuaren funzioneetara, fedea bizturik, ala nola ikus baledi aldioro idikitzen par en par zerua, ta presentatzen atari pokalean zeruetako Jauna gure amorios in naiak grazia ta grazia. O Adanen hume erdi itsuak, osoki ezpada ere, zein guti naituzien zeuren buruok, ain ajola guti iteunzielaik eskaida tuzienes honratzeko guzien Jauna! Zeuren kaltetan da ajolagabegoi. Estuzie ezaunzen dagona zuen erdian, ezperen ezin deizkete deskuida honratzean, asistitzean, zerbitzatzean Jaun andia. Esta usten ikustera gorputzaren begis, baizik arimarenes; erxtentuelaik aiek eriotzak, ikusko du arimak nor zen kasorik in etzion gura; eta zer diot alketzen direnes asistitzera elizako funzioneetara beldurrak dei dezkiten hipokrita fatuoak kristio falsuek? Ziertoki deus ere onik esta egin bear ikusi ta lauda gaitzatengatik, ezi ori fatuedade banoa da; baña, alaber, deus ere onik estugu utzi bear murmuratuagatik fariseoek, ezi litzake fatuedadea ori ere, ta birtute-falta. Zer? Ain soldado delikatuak zarate, alketzen baizarate Jangoikoai goardia egiteas ta asistitzeas? Gauza gaixtoes alketu bear da, ez ones. Nor ere alketzen den nitas ta nere itzas, dio Kristo berak, artas alketuko da Birjinaren Semea etorzen delaik bere Majestadean (Luc.9). Ain lotsakor zarate, ezi ezpaituzie arimorik padezitzeko zeuren erregegatik irri bat, despreziotto bat, itz bat berere? O zer nirabeak azitzentuen bere etxean gure Jaunak! Zuen beira badago konbertitzeko gaixtoak! Zerbait inenzindukete bearbazinate oponitu bekatarien troparen kontra, usten duzielaik zuzenbidea zeurek ain aisa, beldurrak galdu zerbait estimazio! Baña esta galzen errealidadean, zerengatik bear baute beren etxeko edo gizon edo andre, ikusten duguna da juiziodunek billatzeuntela kristio debotoa, zeintas irri iteunten banoek, ta banoa berriz ta irrigillea usteuntela bere antusteareki. Eta zer diot alakoes elizarako afizionea, debozioa ta asistenzia deitzeuntenes sinpleza, ta sinpleak iteuntenak? Diot estela sinpleza honratzea bere aldetik Jaun andia; estirela sinpleak ala iteuntenak. Ezperen, sinpleak zire sandu eta sanda guziak, sinpleak dire aingiruak orai berean honratzen daudenak Jaunau; eta zuek sollik xakintsuak juizios beteak. Begira estakizien agitu diona Espiritu Sanduak errain dutela gero justoen persegizaleek. Zer errain dute? Hi sunt quos habuimus aliquando in derisum etc. (Sap.5). Ebek dire, zeintas irri egiten ginduen. Guk zenzugabeek uste gindue eben bizia sinpleza ta honrarik gabe fina, eta orra nola diren kontatuak Jangoikoaren humeen artean, ta sandueki da aien sortea. Ergo erravimus â viâ veritatis; beras guk utsin dugu egiaren bidea. Jangoikoak goarda gaitzala desengañu berantegi gontaik; bada, desengaña orai, ezi banidadeen banidadea, ta guzia da banidadea ezpada amatzea gure Jauna, ta berari sollik zerbitzatzea.

        Debozioa, zertan daiken iagotan monstra ta enplea, da bisitatzean maiz sakramentua ta egotean ongi denbora prezioso gaietan. Nik, Jauna, estakit zer erran, edo zer egin, nagolaik sakramentuaren alzinean. Errazu estuzula nai xakin; errazu estakizula onesten gure Jauna, ezi onesten duenak ongi xakinen du zer erran ta egin. Ikusteuntelaik denborain buruan persona bat agitz onetsia, badakite zer erran ta egin; eta jaun oneki ez, estelaik bear itzik, baizik afekto ona sollik. Erran, bada, ori beroi gogotik: Jauna, nik estakit zer erran edo egin orren presenzian. Gaizki egiten badakit, ongirik ez; urrikari bedi nitas; eta segi ontan. Jauna, errain dida berze batek: Ni egoten naiz zezpalo bat bezain seko elizan, ta nion eznaute ia inkietatzen pensamentu bearrestirenek. Ez lotsa, baizik anima zeure buruai ala nola arraundus edo errematus urain kontra, sinestaturik ia kosta delaik balio duela ia ta kostatu gabe estaikela zerbitza Jangoikoai. Gorputz gaixtoa da arimain kontrarioik andiena, ta aldartes estu in nai gauza onik; asto gaistoain gisa lanetik iges, bide txuxenetik aparta tiratzeko bokado bat edo berze debekatutik. Laguntzen dio deabruak, espezialki tenploan, malogratzeko eskaida; baña zuk klama gure Jaunai, inzita zeure buruoi, erran gorputzai: Ots asto gaistoa, obedi zak Jangoikoai gauden emen honratzen bere Majestadea. Okasio goietan da orazio ona Dabiden gura: Jauna, asto bat bekala naiz orren presenzian; deus ez dezaket onik, alaere orreki nai dut.

        Jauna, errain dida berze batek, nik estakit zer erran, ezpada errezatus. Esta gaixto errezatzea kredoa edo Aita gurea, edo berze orazio dagozkionak ongi sakramentuai. Baña nola gauza komun usatuek ezpaitute mogitzen ainberze, enkargatzen dut estaiela erreza anitz, baizik guti ta ongi, ezi estago irabazia xoku gontan anitz pasatzean, nola tantoak balire, baizik biotza debozioan itxekitzean. Orgatik asko aldis erran dugun bekala, obe da Aita gure bat detenitus itz bakotxean, xegatus ta gozatus, ezi ez asko pasatus karreraka, ta azkeneko ain otz ta seko biotza. Erakutsirik dago nola errezatu Aita gurea batek bere bakantasunean: Aita gurea, sines Aita ezin obea, ainberze on in diguna; Aita onegia, baña gu hume ez onak; alketurik nago ain hume gaistoa Aita ain onaren presenzian; barka bezada etc. santifika bedi zure izena, guziek honra, lauda, zerbitza ta maita bezate; ojala niork ezpalez ofendi etc. Eta ario gontara segitus; deizke ere noiznai errezatu fede, esperanza, karidade ta kontriziosko aktak dakizkien bekala bakotxak.

        Baña modurik obrena da meditatus bakotxak, ta itxekis debozioaren sua bere baitan, ta prorunpitus afektoetan, ala nola brasero batean inzensua erretzen delarik baitoaie kea ta atxona iganes gora, ala pensatus edo Kristoren pasioan, nai bauzu, edo Kristoren benefizio gontan konsideratus ia Aita bekala, ia errege gisa, ia esposo aintzu, itxeki daike biotza ta desaogatu afektoetan. Lenbiziko iteuntena nik beti da kontriziosko Aita eskatus barkazio; gero itz gebek: Jauna, aurki bez, otoi, bere sierbo gonek grazia orren begietan, ta mintzatuko diot nere Jaunari, naizelaik autsa ta errautsa. Meditazioa gero, gero afektoak konforme diktatzentuen biotzak; ta zeintan ia debozio senti den, artan deteni ia. Eta esta bear itz estudiaturik, baizik nolanai, nola den gogotik, bein ala bein ola. Fedea nauzu? Ara afekto bat; Jauna, sinestatzen dut emen dagola presente; ojala ain errealki egotera zeruan ni ellega banindedi. Esperanza? Onat Jauna, ori sollik da nere esperanza, ori sollik aski da, ta orrek ezpadu ematen, deus esta. Karidadea? Maite dut Jauna biotz guziareki, arima guziareki ta indar guzieki. Kontrizioa: estut berze penarik baizik ori ofendituas, jaun bat ain amablea. Propositoa: lenago edozein gaitz ezi ez ofenditu berriz. Beldurtasuna: ez nazala kondena, otoi; justizia iten badu, galdua naiz, ez estut eskatzen justizia, baizik grazia. Humiltasuna: ez naiz digno egoteko ere orren presenzian, ez dezaket deus onik. Eskerrak: Jauna, esker milla, milla intidan faborees, ontas prinzipalki. Petizioa baita eskatzea, nork estaki? Ikusirik zer bear duen, Jauna, au ta au bear dut, in bezada mertxede, otoi. Deseoak, pobreen moneda, bear dire izan andiak, nainuke plazer egin nola sanduek, nola aingiruek, nola Ama Birjinak. Apuntatutut afekto gebek memoriaingatik ez iteko guziak, ta ala ain labur, baizik detenitzeko bakotxa artan, zein diktatzen dion biotzak. Karidadea edo amorioa da propiena konsideraturik nola bere esposoa Jesus arima garbiak diola, nere onetsia neretako, ta ni beraindako. Ori sollik nai du ene arimak, zerengatik ori sollik da sandua, ori sollik gorena, ori sollik maitagarria, ta orrenganik da nion barin bada onik. Berorrendako eginginduza gu, Jauna ta inkieto dago gure biotza, sosegatu arteo orren baitan. Alfer dabilza arat onat onesten au ta dena, esta sosegatzen biotza, baizik orren baitan. Dezake alaber batek animatu bere burua, pensatus ezi agian Jaunonek badidala niri amorio, nai nauela ongi bearbada, eta señale gebek baietz diote. Ala barin bada, zer ia nai du ene arimak? Nere Jauna nik onetsi, ta nere Jaunak onetsi ni, nere onetsia neretako ta ni beraindako, estut bear ia. O ala izan daiela, ene Jauna, emen orren grazian, eta an glorian.

        Santa Teresa Jesusen esposa ta Elizako doktoraren kopla batzuk, zein eraturik bekala amorio zionas Jangoikoak berai, ta berak Jangoikoai, konpondu baizitue ansiaturik il naiak ta joan naiak emendik bere esposoagana; itzulitut euskarara nolapait ez ongi, mostratu naiak arima garren debozioa (In.v.lib.fund.fin).

 

                bizi naiz ta ez enebaitan,

                Ta alako biziain beira nago

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                Jangoikoaren amorea,

                zein gabe eznaiken bizi,

                Da paratzen duena preso

                Jangoikoa ta libre ni;

                Alako ansiak tut ikusteas

                Nere preso nola dagon,

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                O zein luze den bizi gau,

                Desterru gau zein tristea!

                Non baitago bereaganik

                Ausente arima pobrea;

                Zer pena ala egotea,

                Ta egon bearra oraño ia?

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                Zer bizi da, non Jangoikoa

                Estaiken guzis gozatu?

                Gozatzeagatik nainuke

                Len baño len akabatu.

                Eriotza non zara? Zato

                Gero baño berla obeago

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                Ausente Jangoikoaganik

                Bizitzea zer bizi da?

                Il bear badut ikustekos

                Iltzea nere bizia da;

                Il nai dut bizitzeagatik

                Ta ain nai dut ezin geiago,

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                Ilbeautelako esperanzak

                Konsolatzen nau zerbait,

                Esperanza goneki ala

                Ats artzen dut nolapait;

                Esperanza kunpli bedi

                Ez espera berantago

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                Jangoikoak onesten ni,

                Nik Jangoikoa onesten dut,

                Elkar nai ta gozatzekos

                Berze mediorik estut,

                Baizik iltzea; betor iltzea

                Betor, noiz artaño dago?

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                Amorioa eriotza bekala

                Fuerte senti dut, Jesus,

                Erretzen, penatzen ala

                Bainago amoriosko sus,

                Zein dulze eriotza litzaken!

                Zato eriotza lasterrago,

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                bizi bat eman daikena

                Nere Jauna, zuregatik,

                Arren galtzea da iragaztea

                Jangoikoa zu biziagatik.

                Zer trukada! Bizia baño

                Jangoikoa dut ain naiago,

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                Esta bizia zureganik

                Bizitzea ausente, da pena,

                iltze bat da luze neke

                pensa daiken andiena;

                Lastima dut nere penas,

                Ez berandu Jauna ia,

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                Sakramentuan preso ikusteak

                Jesus konsolatzen nau,

                Baña ain ona ta ain amablea

                Nere esposoa, da au berau

                Ezin gozatzea ta ikustea

                Nola nauten, penosoago

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

                Ai Jesus, ta gal dezaket

                Ori oraño bizi banaiz,

                Ez, ez permiti, otoi, Jauna,

                Pensatzeas ikaratzen naiz;

                Ori gabe ez naike bizi,

                Orrengana noiz joain naiz?

                Berant aski da, ta ez utzi

                ez nazala berantago,

                Ezi ez iltzeas iltzen nago.

 

aurrekoa hurrengoa