www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Sermoiak
Joakin Lizarraga
1771-1800, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Unibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

Dominica 10.
post Pentecostem.
De superbia et humilitate etc

 

Dixit Jesus ad quos qui in se confidebant etc. Luc. 18

 

        Egungo Ebanjelioan kontazen du San Lukasek, nola Jesusek zenbait beren burues presumituei justoak zirelako, ta berzeak despreziatzenzustenei, erran zioten parabola gau. Bi gizon joan zire tenplora orazio egitera, bata fariseoa ta berzea publikanoa. Fariseoak txutirik zio ala bere baitan: Jangoikoa, eskerrak ematentiot, ezpainaiz ni berze gizonak bekala, injustoak, ladronak, deshonestoak, nola publikano gau ere; bi baru itentut astean, ta duten guzien amarrenak. Baña publikanoa urrundanik zegolaik etze trebe goratzera begiak ere zerura, baizik golpatus bere bularra zio: Jauna, miserikordia ni bekatarias. Erraten diziet, au joan zela barkaturik grazian bere etxera, ura ez bekala; zeren ezi goratzen den guzia izanen da humillatua, ta humillatzen dena goratua. Onaraño da ebanjelioa, zeintan da ageri Jangoikoak duela desplazer gure presunzioas, espezialki konfesatzean, ta plazer gure humildadeas. San Pedrok (1.3) ta Santiagok erran bekala (c.4), suberboei Jangoikoak erresistitzen diotela, ta humilei ematen grazia. Orgatik baizio Jesus berak: Ikasazie eneganik, bainaiz mansoa ta humila biotzes. Doktrina gau ikasteko, goazen eskatzera Maria Santisimari grazia. Abe Maria.

        Ah zer orazioa, zer konfesioa egin zuen fariseo presumitu garrek! Errepara bortz edo sei gaizki-eginak: 1ª. Tzut tzuto egote gura tieso antustes. 2ª. Bere burua sandu kontatze gura, deus ez eskatu ta konfesatu gabe. 3ª. Graziak emaniduris bere buruain alabatze gura banoki. 4ª. Berzeak baño obetako bera juzgatzea murmuratus gañarakoes. 5ª. Abultatze gura bere on puxka gaiek konparatus berzeren gaizkieki. 6ª. Juizio gaixto egitea, ta desprezio berze guzies, ta orazioan zegon artas ere bai. Kontra berriz ontan errepara: 1ª. Egote gura aldaretik urrun. 2ª. Begiak apal, ez trebe izanes goratzera Zerura. 3ª. Golpatzea bularra kontrizioaren señaletan. 4ª. Bekatari konfesatzea bere burua. 5ª. Eskatzea barkazio humilkiro. 6ª. Itz guti atratzea, zuelarik barnean debozio anitz, niores etzuela konturik bere Jangoikoas ezi. Goazen orai konparatus.

        Beñik bein fariseo garren txutirik tieso egotean adiarasten da presumitu banoen burua goratzea, antuste ta andinaia deitzen dena euskaras. Luzifer izan ze jendaki-gisa gonen alzindari; ala zio ark (Esai.14). Zeruraño iganen aiz, Jangoikoaren izarren gañean plantatuko dut nere tronoa, semejante izanen naiz gorenari. Baña infernuraño botatua izan ze, deabru itzulirik itsusia aingiru ederra zena. Imitatzen du persona bano andinai suberboak, baitio bere gogoan tieso, nor naiz ni? Nor ni bekala? Deabruaren bekatua da au, dio San Bernardok (in declam.). Ia dio San Agustinek (s.21 de V.D.): Nondik presumitzen du ar miserableak biar il bear denak? Deabruas ere alketu bear du; zeren ezi ura barin bada ere suberbo, da espiritu inmortale. Baña zertas daike suberba gizona, dena autsa ta errautsa? Naiz suberba daien deabrua, ezta autsa ta errautsa. Eztagokio lurreko personai presumitzea; ta gaiz gau dator ezaumentu-faltas. Da itsutasuna, ta gaixtoago ere, ezi itsuak eztu batere ikusten, baña presunzioak eztu ikusten dena den bekala, baizik iduriarasten dio eztena badela, ta dena den baño ia, gaixtoa on, itsusia eder. Da aizesko hidropesia, tumore espirituala; ezta anditasun egiasko sendoa, baizik aundidura falsua. Deitzen ere da fantasia, au da imajinazioa, zeren imajinatzen den gauza andi bat eztena baizik itzalesko bulto iduri bat. Da juizio guti dutenen miseria, kalabera utsa, buru arin muñik gabekoa eztuena deus pizatzen. Beira garietan, burua txuxen tieso dagona señale grano guti duela, edo baterez; granos ongi betea ikuskouzie burua inklinaturik bera. Oroat arboletan; arrama utsa tieso gora, arrama fruitus betea beitirat. Oroat personetan; banoa ezta protxal deustako; humila bai Jangoikoareki bateo. Arrazioa da klaro: Nior ezta ia, baizik dena Jangoikoaren begietan. Ura da sollik andi, nor ere baita kuadrable Jangoikoai, nor ere dagon beraren grazian. Orai bada aitutugu San Pedro ta Santiago erraten (supra), Jangoikoak suberboei erresistitzen, ta humilei grazia ematen diotela. Beras humilak dire andi Jangoikoaren estimazioan; ta ori da balio duena. Jesu Kristok erran zue klaro eder: Bienabenturatuak pobreak espiritus, ezi ebena da zeruetako erreinua. Pobreak espiritus dire humilak biotzes. Orai bada ala nola gure erregeren kortean diren Españako grandeak edo jaundiak, Jangoikoaren erreinuan dire Jaundi pobreak ta humilak biotzes. Orgatik publikano garrek iten zue ongi burua kur ta begiak apal egotean; goratuko du dezakenak. Nor gure Jangoiko jauna bekala, dio Dabidek (ps. 112), bizi dena gora goretan, ta beiratzentuena humilak zeruan ta lurrean? Goratus lurretik pobrea, ta ongarritik miserablea, paratzeko bere prinzipeeki, bere korteko prinzipeeki. Zergatik ote du jenio gau errege andiak? Onengatik: Nola ezpaita nioren ta deusen bear, nola guziok baikara beraren bear, nola on guzia baita beraganik, ta beraren menean, ta bera gabe guziok ezpaikara baterez, nai du bere emanen ordañas gure ezauntzea ta konfesatzea, bera dela guzia, ta berarena, ta gu geurenganik deus ez garela.

        Da alaber notatzeko fariseo garren konfesio gartan, guzia izan zela kontatzea bere birtute-iduriak, ta bekaturik ez. Ori du presunzio ta suberbiaren gaitzak, eztu usten ezauntzera, ta gutiago konfesatzera duen gaizkia. Zertan dago geienei, espezialki emastekiei beren burua eder iduritzea? Presunzioan. Zerk iten du ikustea berzeren begian agozttoa, ta beren begian ez soliboa ere? Presunzioak. Nola da okatzea berzearen lixtuas ere, ta ez beren apostema ta likitskeries? Da beren burues presunzio ta amore sobra izanes. Orgatik ere da beti defendatzea beren burua, ta ezin azertatzea ematen bere kontra, ez konfesioan ere. Orgatik atxekiak, ingura mingurak, itz-nastekatzeak, orgatik altxatzea ere bekatu grabe direnak; eta alke sobra izatea ere da presunzio-sobras, edo humildade-faltas. Bada zer? Eztakigu zarela aragiskoa, konzebitua, ta jaioa inmundizian, ta ortara inklinatua jaiotzes? Ta ez aingiru zerukoa? Baña berak ez luke nai iduritu. Orgatik ere da ez admititu naia nioren erranik, eta ala gelditzea erremediorik gabe, nola llaga su anditua eztuena utzi nai uki dezaten niolatere kuratzeko. Orgatik zio San Bernardok (s.22 de in Vi.), obe dela bekatari humila ezi justo suberbo. Ala publikano gura aldaretik urrun egones, begiak apaldus, bularra golpatus konfesazen ze bekatari, ta gure Jaunak artu zue bere grazian, ta utzi zue fariseoa. Ala gu jaiotzes itsuak argitzen gaitu gure Jaunak, dio San Buenabenturak (ap. Rodrig. 12.t.3), paratus begietan loia, nondik garen, formatuak de manera ezi ezaundu gaitzen geurok lenik, ta gero adora zagun geuren salbazalea; baña suberboak ukatus bere gaitza eztu erremediorik. Jangoikoaren argiak ikusiarastentu faltak ariman. Orgatik sandu andienak humilenak.

        Fariseo garrek konfesatu ta penatu bearrean bere gaizki egines etzue baizik abultatzen bere on-iduri gaiek banaglorias. Berze bizioes beldurtu bear gara bekatuetan, dio San Agustineek (ap. Rodr. ib.); baña banaglorias gauza onetan ere bai. Sagarrak erorzen dire laster, artxoak barin badire, sanoak ez ala. Barin bauzu biotza bano, ta an barnean zeure presunzioaren arttoa, onek ortxikatus botako du galzera guzia. Ezta señale ziertoagorik pensatzeko eztela bat ona, nola berak presumitzea ona dela. Ala nola anitz dakienak baitaki anitz falta zaiola xakiteko; eta guti dakienak, nola ezpaitaki zenbat falta zaion, ta zenbat xakiteko den, uste baitu anitz dakiela; ala zeruko teolojian onago dena da humilago, baña deus gutis kontentazen da presumitua. Da olloaren gisa, anitz karaka paratu orduko arrautzetto bat, ta ori ere berzeek eramateko; ala presumitua itxaur guti ta arroitu anitz; guzia kaskilla mamirik gabe. Arka bat utsik badago, inen du golpatzeareki arroitu ia, beteak ez ainberze. Diferenzia dena zagitik zagira da persona humilaren ta banoaren artean. Humila da nola zagi ardos betea pizu; banoa zagi arin aizes betea. Guzia iten du banidades, pagua du aizes. Sustanziaik eztu arren ongi-eginak, ala du premioa ere. Anitz alako da oraiko kristioetan, anitz ezkila, anitz kanta, anitz prisa jende anitz doazan festetara, ikus gaizaten, xakin dezaten jendeek, bitarteo debozio guti, kaso guti Jangoikoas. Alako obra onak dire on? On iduri, on urrin; ala izain da irabazia ere. Oroitzen naiz kontu sinple bates. Omenzego bat ostatu baten atarian, jaten ez baizik gozatzen an ziren jatekoen atxonareki; atra ze ostalaria, galdetu zio: Zer ai zara emen? Ark: Emen nago sentitzen or barnetik eldu den atxon gau. Ola, ta debalde nauzu? paga zazu gustogoi. Ark atrarik bolsa ilarrosirik inzue diru arroitua; Orra pagaturik; ni gelditu naiz urrin sollareki, zu geldi zaite diru-arroituareki. Debozio-iduris nauzu kuadratu munduai? Bada pagua izain duzu ariora. Debalde trabajatzea da ori, ta ala nola botatzea ardoa kupela zulatuan, oroat baita botatzea nola ixurtzea. Kontu inzagun, eraiki garia, ta itzuli dela ilindia. Ala da obra onetaik izatea banagloria. Berze alde iten da agrabio Jangoikoai, egitean kaso niores beraren aldean, ta da Jangoikoai sollik zor zaion gloriaren ladronkeria. Ene gloria eztiot niori emanen, dio Jangoikoak; nik ezpadida ematen ere kenduko diot, dio suberboak. Orgatik bekatu gau da espezialki Jangoikoaren kontra. Deshonestoak bekatu iten du bere kontra, asarreak proximoaren kontra, baña banoak Jangoiko beraren kontra, dio San Bernardok (s.3 de nat.d.). Alaxe obra onetaik atrazen du beneno banoak; kontra berriz humilak bekatuetaik ere salbazio humillatus bere burua, konfesatus mereji duela pena, ta eskatus Jangoikoai barkazio ta miserikordia.

        ez naiz berzeak bekala ni, zio fariseoak; zein arro-aundi ponparroia! Zer duzu ia berzeak baño? Gaixto barin bada duzuna ia, zer desatinoa ezta gloriatzea gaixto denas? On barin bada, zer da eztuzunik errezibitu? Ta errezibitu baduzu, nola gloria zaizke berzerenas, nola ezpazindu errezibitu? Baña iraigarri da ikustea zer gauzes presumitzen duten burutxolek. Pasatus errebista munduko estado guziak barna, guzietan ikuskouzu presunzio. Presunzio errege ta Jaun andietan; presunzio jende komunetan; presunzio zarretan, presunzio gasteetan; presunzio xakintsuetan; presunzio ignoranteetan; presunzio aberatsetan, pobreetan, ta xitoetan ere bere ariora zer edo zertas. Batek presumitzen du birtuteas ta santidadeas, eta ori da gauza guzien balioso estimagarriena, baña ez presumitzeko. Berzeak presumitzen du entendamentu onas, xakintasunas, mintzaeras etc. Ta da ebastea Jangoikoai gloria zor zaiona. Berzeak du presunzio dignidadeas, berzeak ondasunes, berzeak osasunas, indarres, gorputzaren plantas. Oraño ia, izaten ere da presunzio burua ala edo ola eramateas, zangoa ala edo ola botatzeas, joankeras, laixter egiteas, saltatzeas, danzatzeas etc. Zer ia? Izaten ere da presunzio soñekoes, sonbrelluas, pañoloas, galzas, galzakordas, zapetas, milla sinplekeries, lastima baita personaren entendamentua oietan okupatzea. Gloriazekos gloria bedi Jangoikoan, dio San Pablok, au da izatean kuadrable Jangoikoai, onek sollik du balio, ta au ez geuren merejimentus, baizik Jangoikoaren grazias.

        Presunzioaren alabak dire anitz, berzeren desprezioa, desobedienzia, atrebimentua, galak, banidadeak, perdizio ta gaiz guziak, dio benerable Juan de Abilak (tr. 5 de la visitacion), ala nola humildadetik on guziak. Presunzioa da buruko gaitza; burua gaizki, gorputz guzia gaizki. Humildadea gaiz guzien erremedioa Jesu Kristok manatua. Presunzioak bota zitue zerutik aingiruak; humildadeak goratzentu graziara ta gloriara gizonak. Luzifer suberboen kapitan jeneralak galdu zue gizagendea kutsatus suberbiaren benenos paraisoan. Jesu Kristok, humilen alzindariak, erremediatu zue erakutsis humildadea itzes eta obras. Suberbia da erreproboen, infernurakoen señalerik andiena, dio San Gregoriok (34 mor.), ala nola humildadea zerurako eskojituen señale seguroena. Justoa ere suberbatzen bada galduko da. Bekataria ere humillatzen bada salbatuko da. Ezin daike falta Jesu Kristok errana: Qui se exaltat humiliabitur; qui se humiliat, exaltabitur. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa