Eka
18
21
2021eko martxoaren 21ean hil zen zen Nawal Al-Saadawi idazle eta ekintzaile feminista egiptoarra. Emakume arabiarrari buruzko hainbat saiakeraren egilea da (Emakume arabiarraren aurpegi biluzia; Emakumkeak eta neurosia; Gizonezkoak eta sexua…). Medikuntza ikasi eta gaztetandik lotu zitzaion lan politikoari. Kartzelatua (Emakume-kartzelako oroitzapenak), erbesteratua, feminismoaren aldeko lan sozial eta instituzionala egin zuen, kontinente osoarentzat, bereziki mundu arabiarrean, erreferentzia ezinbesteko bilakatuz. Literatur ibilbide oparoa egindakoa, poesia, ipuinak eta eleberriak idatzi zituen (Emakumea zero puntuan; Imananren erorktea; Isisen alaba…). Idazle handi bat eraman zuen aurtengo udaberriaren etorrerak, eta hau ere badoalarik, haren zazpi poema ekarri ditugu euskarara.

maiatza
25
21
Joan den martxoaren 21ean hil zen Adam Zagajewski poeta poloniarra. Ukrainako Kviv jaioterritik II. Mundu Gerra garaian kanporatutako familia judu batekoa, Polonian hazi zen eta hango literaturako azken urteetako izen handietako bat da. 68ko Belaunaldiko kide, hainbat hizkuntzara itzulia izan da bere lana, eta orain baita euskarara ere, Iñigo Astizek ekarri digun poema sorta eder honekin.

Ots
16
21
Laurogeita bi urte zituela hil da, otsailaren 16an, Joan Margarit poeta. Kataluniako literaturako erreferenteetako bat, 30etik gora poema liburu argitaratua da, Miserikordia etxea, besteak beste, 2009an Juan Ramon Makusok euskarara ekarri zuena. Hitzaren xerkatzailea, poemak idatzi ez ezik eraiki egiten zituen, idazletzarekin batera lanbide izan zuen arkitektoaren lumatik. Haren heriotzaren kari, Josu Goikoetxeak bederatzi poema itzuli ditu, hemen irakur ditzakezuenak Hedoi Etxartek 2013an ekarritako batekin batera.
Miserikordia etxea liburuan, Juan Ramon Makuso eta Joan Margarit poeten arteko solasaldia ere gehitu diogu euskarara ekarritako poema sortari.
Abu
02
20
Kultura eta euskalgintzaren erreferenteetako bat joan da Joan Mari Torrealdairen heriotzarekin. Frankismopean euskal kontzientzia arrapizten butzada egindako belaunaldiko kide izan zen, Jakin aldizkariaren orrietatik. Beti euskarazko jarduna ardatz, Euskaldunon Egunkaria-ren egitasmoan pieza garrantzitsua izan zen hasieratik, torturazko itxieran ere zorigaiztoko protagonista izanik. Kulturaren arbolaren hainbat adarretan azterlanean aritua, liburugintzaren ikertzaile ekina izan zen eta alor horretan arreta berezia eskaini zion zentsurari. Ikerketa horren fruitu izan zen Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura lana, Susa argitaletxearekin 2000. urtean argitaratua, hemen osorik irakur dezakezuna. Torrealdairen lan eskergaren ale bat, bere bide oparoa zedarritzen duten mugarri askotako bat, Susa eta Armiarma egitasmoetatik haren heriotzan omenaldi xume gisa gogora ekarri nahi izan duguna.
Eka
05
20
Bixente Serrano Izko hil berri den honetan, merezi du haren emaitza literarioa erreibindikatzea. Eta horretarako, 1987an argitaratu zuen narrazio liburua aukeratu dugu, Onkoteak, orain sarean osorik irakur dezakezuna. Bere lehen liburu hartan, argi aski ikusten dira hitzarekiko maitasuna eta gatazka, literaturaren oinarrian dagoen ezinbesteko harreman hori. Zertzelada pertsonaletarako argigarria izan daiteke liburu horretako solaparako idatzi zuen autobiografia txikia.
Api
27
20
Rafa Egiguren
Irudi harrapagaitzak maite ditu Zumetak. Ezagun bihurtu orduko, baztertu egiten dituela ematen du. Arroztasun horrek iraun ezean, ez da oihalera eramanzale, baina begi ugari utzi ditu, hala ere, bazter guztietan nabarmen. Orain hasi naiz konprenitzen zergatik. Ez gintuen bistatik galdu nahi. Aurrez ikusia zeukan nola. Ez dira begiak; periskopioak baizik.
begira ari haiz oraindik
begiak irudiz beteta,
begira ari haiz oraindik
nahiz begiak itxita.
Liburu eta diskoen argitalpenean handia da Jose Luis Zumetaren inplikazioa eta utzitako arrastoa.
(gehiago…)
Api
23
20
2020ko apirilaren 16ean zendu zen, koronabirusaren ondorioz, Luis Sepulveda idazlea. Txileko Ovallen jaioa, haren bizitza Txileko patu politikora lotua joan zen bere militantzia komunista medio, eta Pinocheten estatu-kolpearen ondoren erbestera jo zuen, kartzelaldi baten ostean. Munduan zehar ibilia, hainbat lurralde eta itsasotan, ekintzaile ekologista, aktibista soziala, itxura batean xaloak diruditen haren istorioek eduki humano eta kezka sozial handia izaten dute. Euskarara batzuk ekarri dira, eta haren heriotza dela-eta Txalaparta argitaletxeak plazaratutako bi jarri ditugu osorik, Ana Santos Elortzak euskaratutako Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea eta Ima Garbizuk itzulitako Patagonia Express.
Api
15
20
2020ko apirilaren 15ean zendu da Rubem Fonseca idazlea. XX. mendeko Brasilgo literaturako erreferenteetako bat, kronikak, eleberriak (A Grande Arte; Agosto…) eta ipuin-bildumak (Os prisioneiros; O Cobrador…) idatzi zituen. Fonsecaren istorio gordinek Brasilgo hirietako mundua dakarte letretara, negozioak, bortxa, sexua, boterearen ustelkeria… errealismo urbano leunik gabeko batean. Haren heriotzaren kari, Iñigo Aranbarrik euskaratutako Kobratzailea ipuina dakarkigu, letrazko sastakada bat.
Mar
27
20
Eduard Veniaminovitx Savenko, Eduard Limonov gisa ezaguna 1943ko otsailaren 22an jaio zen Djerjinsk-en (SESB) eta 2020ko martxoaren 17an hil berri da Moskun (Errusiar Federazioa). Gaizkilea izan zen Kharkiven (Ukrainan) gaztetan, poeta Moskun (1966-1974) eta eskale eta morroi New Yorken (1974-1980). AEBetan SWP alderdi troskistako kideen gertukoa izan zen eta bere egunerokoan oinarrituta idatzi zuen Morroi baten istorioa eleberria. Idazle gisa Parisen (1980-1991) egin zen ezagun. Berdin argitaratu zuen L’Humanité egunkari komunistan, Le Choc du mois nazionalistan eta, bereziki, L’Idiot international gorri-arrean. Azken honetan hasi zen Philippe Sollers, Marc-Édouard Nabe eta Thierry Ardison bezalakoekin harremanetan. Fanzineetan idatzi zuen, panfletoak egin zituen eta punk kulturari lotuta egon zen. Aleksandr Duginekin batera Alderdi Nazional Boltxebikea sortu zuen 1991n eta 2001 eta 2013 artean sarritan atxilotu zuten eta kartzelaratu. Putinen kontrako oposizioko kide nabarmenetako bat, idazlea izan zen: 50 liburutik gora argitaratu zituen. Hona hemen, haren heriotza kari, Hedoi Etxartek itzulitako poema bi.
Ots
06
20
Bi idazle hil berri izanaren albistea jaso dugu aste honetan: Pio Berasategi eta Gabriel Korta. Idazle oparoak bi-biak, bat poesian eta bestea narratiban. Gabriel Kortaren oroigarri, haren poema liburu bat eskaintzen dizuegu, 2010eko Laugarrenak lau bilduma mardula, aurretik argitaratuak zituen hiru liburuen berrikuspenaz gain, “Testigantza” izeneko poemario berria ekarri zuena. Pio Berasategiren lehen nobela ere, 1982ko Herbesteratua, irakur dezakezu orain sarean, Goierri gipuzkoarreko hizkerak blaitutako prosa parekorik gabeko baten erakusgarri.
Ots
06
20
Otsailaren 3an zendu da George Steiner pentsalari eta literaturaren teorikoa. Literatura konparatuan eta itzulpengintzaren alorreko ikerlaria, lan esanguratsuak egin zituen literatur-kritikaren eremuan, Mendebaldeko literaturaren eremuan. Hainbat egunkari eta aldizkaritako kolaboratzailea, fikzioa eta poesia ere idatzi zituen. Zubizabal aldizkariak haren artikulu bat argitaratu zuen 2001ean, Kontraesanen eremu neutrala dira ametsak , haren heriotzan irakurgai jarri duguna.
Urt
28
20
2011n ezagutu genuen Lina Ben Mhenni, Tunisiako Ben Ali presidentearen aurkako errebolten kronika egin zuelarik Tunisian girl blogetik. Debekuak debeku, sarean jaso zituen erregimenaren aurkako iritzi eta gertakizunen kronikak. Eta euskaraz irakurri ahal izan genituen hainbat Denonartean argitaletxeak 2012an kaleratu baitzuen Tunisian girl liburua, Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratua. Urtarrilaren 27an zendu da Ben Mhenni, 36 urte zituela, eta haren oroimenez hona hemen liburua osorik.
Ira
14
19
Uda amaiera hau izoztu zaigu, tanpez, Jon Barberena bertsolari eta idazlearen heriotzaren berri izan dugula. 40 urte zituela, berak bere poema batean aipatzen duen “sega zorroztutako heriok” eraman du. Oholtza gainean bertso kantari ezagututakoa —birritan Nafarroako txapeldunorde—, literaturara ere egin zuen jauzi Iruñeko Poesia saria irabazi zuen poemarioarekin, Izoztu zitzaigun negu hura, 2016an Denonarteanek argitaratua. Barberenaren omenez, haren poema-liburua osorik eskaintzen dizuegu.
Abu
07
19
Toni Morrison, Nobel saria irabazi zuen lehen emakume beltza, 88 urte zituela hil da abuztuaren 5ean. Idazle estatubatuarrak, bere nobeletan modu erreferentzialean jorratu zuen arrazagatik, emakume izateagatik eta klaseagatik jasandako zapalkuntza, errealismo gordina eta magikotasuna uztartuz. Beloved (1987) bere obra entzutetsuena euskaraz ere irakurtzen ahal dugu, Anton Garikanoren itzulpenean 2004an argitaratu baitzuten Alberdaniak eta Elkarrek Maitea izenburuaz, Literatura Unibertsala bilduman. Oraingo honetan, Itziar Iriondok euskaratutako Gaueko hitzak dakarkizugu, 1995ean Ereinek argitaratua. Nobel saria jasotzerakoan emandako hitzaldiak osatzen du liburuxka. Hizkuntzaren indar eraldatzailearen aldarria funtsean. Bertako pasarte batean dio: “Hil egiten gara. Horixe da, behar bada, bizitzaren esanahia. Baina hizkuntza egin egiten dugu. Hori izan daiteke gure bizitzen neurria”.
Uzt
18
19
Genero beltzaren maisuetako bat hil berri da, uztailaren 17an, 92 urte zituela: Andrea Camilleri. Salvo Montalbano inspektorearen liburuengatik ezaguna, arrakasta adinean oso gora zela lortutako idazleak arrakasta ez ezik literatura munduaren ezagutza ere jaso zuen. Euskaraz hiru lan ditu emanak, Igela argitaletxeak Hilabete bat Montalbanorekin (2011, Fernando Rey itzultzaile) eta Uraren forma (2012, Ander Irizar itzultzaile) eman zituen, eta Erein argitaletxeak Gauaren usaina (2011, Josu Zabaleta). Siziliarraren heriotzan, Hilabete bat Montalbanorekin laneko lau narrazio dakartzagu.