maiatza 27 20

Julen Belamunoren liburu berria

Lezetak hozkailu industrialak konpontzen egiten du lan, eta lankide antojagarri baten adarjotzeak aguantatu behar ditu. Euskal Herritik Berlinera egin zuen ihes Martinek 80ko hamarkadan, desagertzeko bulkada bati jarraituz. Belarriko minez farmazia irekitzeko zain dago artista bat, eta Isabelekin izan zuen harremana zelan hondatu zen gogoratuko du. Bikote batek Errioxan erositako etxera hurbilduko da jabe ohien semea, zuhaitz bat ez botatzeko eskatzera. Italian koadro berezi batzuk agertu ostean, aspaldi ahaztutako pintore baten gaineko ikerketan murgilduko da Ander. Bost ipuinez osatuta dago Julen Belamunoren Hotz industriala. Izoztutako txori baten begirada, paseo bat ontzi turistikoan laku hutsean, igelak koadro desitxuratuetan. Egunerokotasunaren zama astunegia bihurtzen denean, lanegunaren amaieran hartutako tragoa ere izan daiteke itxaropena. Osorik irakur dezakezue Hotz industriala sarean.

maiatza 23 20

Moustakiren bi kantu

2013ko maiatzaren 23an hil zen Georges Moustaki kantari eta poeta, Nizan. Haren 12 kantu eman genituen orduan, Koldo Izagirrek euskaratuak. Lehendik itzulitako beste bi dakartzagu gaur, Andoni Lekuonak ekarria bata eta Akademia Sekretuaren Egutegian 1985ean argitaratua bestea.

maiatza 20 20

June Jordanen poema antologia

Kolonialismoaren historiaren kontrakarrera idatzitakoa da June Jordanen poesia, non askotariko zapalkuntzak salatzen diren: esklabotza, arrazakeria, biolentzia poliziala, biolentzia matxista. Beltz izatearen kontzientzia bizitik idatzitakoa da, esaterako, Nork begiratzen nau ni saila, edo aurreiritzi razialak ditu jopuntutzat Etsaientzat mehatxu izan nahi dut titulu esanguratsudunak. Bere beste ildo jarraietako bat da bortxaketarena (bere larrutan ezagututakoa), hainbat poematan ageri dena, besteak beste Poema nire eskubideez durdigarrian. Mundu garaikideari lotuta idazten zuen, eta halaxe agertzen dira bere poemetan karga politiko handia duten leku eta identitate politikoak: amerindiarrak, Hegoafrika, Nikaragua, Irak, Bosnia… Euskarara ekarri dugu orain, Ane Garcia Lopezek egindako itzulpenari esker.

maiatza 19 20

Forugh Farrokhzaden poemen antologia

Forugh Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren ama pontekoetako bat dugu, eta bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da. Haren lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia muturrekoa hitz bihurtzeko gaitasun berdingabea erakutsi zuen. Abandonua eta bakardadea dira ale durduzagarri askotako protagonista, baina esperantzarako tarterik ere bada, kaiereko azkeneko bi lerroek esaten diguten bezala: “Leihoaren babespean nago / eguzkiari loturik”. Euskaraz irakur dezakegu orain, Miren Agur Meabek egindako itzulpenari esker.

maiatza 15 20

Abu Salmaren bi poema Palestinari

Dolu eguna da maiatzaren 15a palestinarrentzat. Israelgo estatuaren sortze-eguna, Nakba (“hondamendia”) gogoratzen dute, haien herrietatik egotzi zituztenekoa, alde egin behar izan zutenekoa. Hondamen hari kantatutako Abd-al-Krim Al-Karmi Abu Salma poetaren Itzuliko gara (eta Areago maitatu zintudan) ekarri ditugu euskarara, efemeridearekin.

maiatza 12 20

Mazisi Kuneneren zazpi poema

XX. mendeko Afrikako kulturaren zutarrietako bat izan zen Mazisi Kunene idazlea, euren identitatearen oinarriak berreskuratzeko ezinbestekotzat jo zuen Aime Cesairek. Poeta, kultur eragilea, apartheid-aren aurkako ekintzailea, zulueraren ahalduntzea bultzatu zuen, hizkuntza hegoafrikarren ondarea ere bilduz eta lehen mailara ekarriz. Beren hizkuntzetan egindako lanak ingelesaren parera igotzeko lan egin zuen, bereziki hizkuntza eta kultura zuluaren aldarri eginez. Poeta, haren zazpi pieza ekarri dizkigu euskarara Gotzon Barandiaranek.

maiatza 11 20

Moskito, Igor Estankonaren ahotsean

Martxoan argitaratu zuen Igor Estankonak bere bosgarren poema liburua: Moskito. Agerpen eta desagerpenean, adierazte eta ezkutatzean oinarritzen den unibertsoa da berea, lanbroak ezkutatutako poesia. Konfinamendua hasi baino bi egun lehenago aurkeztu zen liburua, eta salgai izango duzue gaurtik aurrera Euskal Herriko liburu-dendetan. Lau poema eskaintzen dizkizuegu egilearen beraren ahotsean, belarri gozagarri:

Halabeharra
Hegan zekien gorpua
Gero infinitua
Lohadar maitatuak berriro

maiatza 09 20

Lucian Blagaren hiru poema

Poeta eta filosofoa, Lancram hirian sortu zen, Transilvanian, 1895eko maiatzaren 9an  Lucian Blaga. Filosofiako katedraduna izan zen Cluj hiriko Unibertsitatean, eta errumanierara poesia asko itzuli zuen. XX. mendeko Errumaniako literaturan erreferente bat, lirika espresionsita batekin hasi zen, gerora bitalismora ere jo zuen. Hiru poema ekarri zizkion euskarari Joseba Sarrionandiak, hemen eskaintzen dizkizuegunak.

maiatza 05 20

Nicola Sacco eta Bartolomeo Vanzettiren oroimenean

1920ko maiatzaren 5ean, atxilotu zituzten Buffalon (AEBak) Nicola Sacco eta Bartolomeo Vanzetti. 20 egun lehenago bi zaindari hil zituen lapurreta-ekintza leporatzen zieten militante anarkistei. Haien aurkako prozedurak, akatsez betea, oihartzun handia izan zuen, Sacco eta Vanzetti injustiziaren sinbolo bilakatuz. Kantuetara, literatura, zinemara pasatu zen haien istorioa, gertakarien unean bertan hainbat elkarte, erakunde eta norbanakoek babestu baitzituzten haien aldeko mugimenduak. Urte eta hiru hilabetera, 1921eko abuztuaren 23an, hil zituzten aulki elektrikoan. Hedoi Etxartek euskaratuak, bi poema eta kantu bat dakartzagu, Edna St. Vincent Millay, John Dos Passos eta Joan Baezenak.

sacco&

saccovenzetti

maiatza 03 20

Cristina Peri Rossiren erbesteko poemak

1941ean jaio zen Montevideon Cristina Peri Rossi. Uruguaiko diktadura mitilitarrak debekatu egin zituen bai haren lana baita haren izena bera aipatzea ere. Bartzelonara erbesteratu zen, eta Triunfo aldizkariaren orrialdeetan idatzi zuen, baina berriro ere jazarri zuten, oraingoan diktadura frankistak, eta Parisen erbesteratu behar izan zuen 1974. urtean.  Bartzelonara itzulita, geroztik bertan bizi da. Erbesteari buruzko memoriaren mapa bat dira Cristina Peri Rossiren  Erbesteraturik (Visor, 2003) liburuko poemak. Ezagun egingo zaizkigu, irakurritakoak garela irudituko zaigu, jazarritako euskaldun erbesteratu askoren ahotsetan, literaturan, kantetarako hitzetan. Herrimina eta ezagutuko ez duten, ezagutuko ez dituen herrira itzultzeko beldurra, itzultzeko gogoa eta aldean daramaten minaren arteko talka. Hamahiru poema dakartzagu, Gotzon Barandiaranek euskaratuak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak