Aza 29 21

Imajinario androzentristatik at, Amancay Gaztañaga

Sormenaren izaera kaotiko eta poliedrikoari muzin egiten ez dion sortzailea dugu Amancay Gaztañaga. Eta antzerkiaren korronte anitzetik edaten duen testua dugu 39 lore. Trebeziaz maneiatzen ditu, kasu, heroiaren ertzak, mitoen berrirakurketak, absurdoaren tranpak, plano espazial ugarien iradokitzeak, erritmo aldaketak eta, funtsean, hitzen musika. Tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko zubian bertan idatzitako testua da, finean. Eraikia izan zaigun imajinario androzentristatik at zizelkatutako pertsonaia femenino ugariz osatua dago obra, Ganbila bildumarako espresuki sortua. Kasu honetan, testuaren irakurketa Arrate Rodriguezen irudiek biderkatua da.

Aza 28 21

Hitzak, irudiak eta gorputzak, ganorabakoen aldamenean

Antzerki munduan aski ezaguna da Peru Calabaza Saban, Antzerkiola Imaginarioaren behinolako garaietatik hasita. Ganbila bilduman, 99 pauso ganorabakoen aldamenean argitaratu berri da, urte asko tiradera batean sartuta eman dituen obra. Tiraderako egonaldiak, baina, ez dio gaurkotasunik kendu, estetikari eta formari dagokienean, bete-betean kokatu baitaiteke teatro postdramatikoa deiturikoaren ezaugarriekin: izaera zatikatua, absurdoaren eragina, poesiarekiko lotura formala… gorputzetan pentsatutako idazkera.

Aza 27 21

Pornoren eta Afroditaren arteko lehia absurdo eta umoretsua

Adinaren arabera irakurketa ezberdinak eskain ditzakeen antzerki obra da Porno vs Afrodita; musikaren arloko giroa jasotzen du, belaunaldien arteko talka, porrota eta behinolako ametsen argi-itzalak, tentsio horretan irauteko kemena, pertsonaien izaera patetiko maitagarri bat… Patricia Urrutia Urietaren eta Benetan Be Teatroa taldearen eskutik, azken hilabeteotan maiz taularatu izan den lan hori, bestelako osagarri batzuen laguntzaz, argitaratu berri du ehazerekin batera Susak argitaratzen duen Ganbila bildumak.

Aza 25 21

Eider Rodriguezen lehen nobela

Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat. Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan, Eraikuntzarako materiala. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu. Osorik irakur dezakezue sarean.

Aza 18 21

Itziar Ugarte Irizarren aurreneko poema liburua

Momentu bat jasotzen du Itziar Ugarte Irizarren lehenengo Gu gabe ere poema liburuak: dena irabazteko izan eta dena galtzeko beldurra sentitzen hasten garen momentu hori. Erabaki, deskubrimendu eta oroitzapen berrien garaia. Poemotako ahotsa bere mundua sortzen ari den sasoi horretan, lurrikara isila izango da hurbileko hiru pertsonaren heriotza. Denbora eta lekuarekiko kezka areagotuko dio horrek, munduarekiko begirada aldatzen eta zailtzen ari den bitartean, horrek dakarren ziurgabetasunarekin eta, nola ez, gozamenarekin. Osorik irakur dezakezue sarean.

Aza 12 21

Neil Youngen bederatzi kantu

XX. mendeko kantagintzan izen ezinbetekoa da Neil Youngena. 1945eko azaroaren 12an jaio zen Kanadan, eta 60ko hamarkadaz geroztik rock, folk, country eta beste nahasiz kantuan jardun du, bakarka zein talde bateko kide. Kantari askorentzat erreferente, Juan Azpillagak kanturako euskaratutako torontoarraren bederatzi pieza dakartzagu.

Aza 10 21

Nancy Fraser eta Kapitalaren lantegi ezkutuak

Nancy Fraser filosofo estatubatuarraren azken hausnarketak euskaratu ditugu Lisipe bildumaren hamargarren ale honetan. Osorik eskaintzen dizuegu sarean. Bere pentsamendua taxutu duten oinarrizko ideiak jasotzen dira; esate baterako, kapitalismoa ordena instituzionalizatu gisa kontzeptualizatzearen beharra, ordena hori posible egiten duten faktore ikusezinen azalpen xehea eta kapitalismoaren erro misogino, sexista eta arrazistaren leheneratze politikoa. Zerk ezberdintzen ditu soldatapeko gizonaren esplotazioa eta soldatarik gabeko emakumeen desjabetzea? Nola ulertu behar dugu justizia soziala testuinguru berri honetan? Nola antolatu behar dira mugimendu sozialak emantzipazioa denona izan dadin?

Aza 05 21

Uxue Apaolazaren bigarren ipuin liburua

Kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez, arrotzaren aurreko izuaz zein dantza-gogoaz, familia loturez, beldurraz eta epikaz —arrosaz zein klase ertainarenaz— ari dira Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa liburuko ipuinak. Madrilgo eguzkiak egiten die aterpe bederatzi narrazioei, non azalduko diren trenbide ondoko prozesionariak, manoletinekin ibiltzearen urradurak, lo den haurra hilko balitz zer galdetzen duten hizketa gurutzatuak, bulegoetako estoldak eta ke arrosa. Ironiaz zorroztu ditu egileak, euri xeheak bezala leun baina osorik blaitzen duen eguneroko indarkeria sarri antzemanezina atzemanez. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.

Aza 04 21

Hedoi Etxarteren Usozaleak poema bideoan

Hedoi Etxarte idazleak Sortaldetik liburuko Usozaleak poema bideoan eskaini digu oraingo honetan. Xabier Apestegi arduratu da irudiaz, eta soinua Xabi Erkiziaren egitekoa izan da. Ahotsa Hedoi Etxartek jarri dio poemari.

Agenda

Efemerideak

Kritikak