Urt 29 18

Boris Vianen Desertorea

Frantziako Errepublikak derrigorrezko soldadutza atzera ezartzeko egitasmoa buruan dabilkien honetan, Boris Vian-en Desertorea poemarekin akordatu gara. Marcel Mouloudjik abestu zuen lehenbizikotz 1954an, kantu antimilitarista ezagun bihurtuz. Koldo Izagirrek euskaratua, 2013an Ibon Rodriguezek kantua grabatu zuen. Denak eskaintzen dizkizugu.

Urt 21 18

Elisa Mujicaren Zirkulua

Ehun urte gaur Elisa Mujica jaio zela, XX. mendeak Kolonbiako letretan eman zuen idazlerik interesgarrienetako bat jaio zela. Elisa Mujicak erakutsi egin zuen bere nobeletan, ez da meritu makala, nola definitu lezakeen batek bere burua emakumezko eta herritar bezala gizarte maskulinotu batean. Gaur egun, ikuspuntu maskulinoa hegemonikoa izaten jarraitzen duen arren hainbat alorretan, Mujicaren obra kultura eta ideologia uztartzen duen corpus zorrotz bat bihurtua da: bazterketa bizitza publikoan, matrimonioaren itogarria, historia ofizialaren isiltasuna… Artikuluak, kritikak, ipuinak, nobelak, umeentzako literatura, idazle oparoa. Latinamerikako boom ospetsuaren aurrekoa izanik, ez da gaur egun asko irakurtzen (saltzen?) den egilea, tamalez. Ipuin bat eskaintzen dizuegu, Zirkulua (El círculo, 1959), egilearen engaiamendu sozialaren eta ipuinlari onek ohi duten estilo zehatzaren adierazgarri. Elisak bazekien Mujica azken silaba indartuz ahoskatzen dela euskaraz, baina lekuz aldatu zuen azentua, bere abizenak errima egin zezan musika hitzarekin (gaztelaniaz behintzat).

Urt 18 18

Hamahiru ate, 13 ipuin beltz

Umorea, Paul Valery poetak esaten zuenez, ez da hitz zehatza. Horrela hasten da Hamahiru ate, 1985an Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak aukeratu eta euskarari ekarritako ipuin liburuko Atearteko aurkezpena.
“Umorerik egiazkoena beltza” dela aitortzen dute itzultzaileek. “Umore beltzean irribarrez gainera badago mistizismo bat, baina ez mistizismo dultze eta zerutiar bat, umoristak izatez infernutiarrak baitira”.

Hamahiru autore ekarri zituzten orduan euskaraz: Ambrose BierceHector Hugh Munro Saki, Francis Picabia, Franz Kafka, Sakutaro Hagiwara, Anibal Machado, Max Aub, Leonora Carrington, Virgilio Piñera, Kostas Axelos, Gabriel Garcia Marquez, Pere Calders eta Gonzalo Suarez. Hamahiru ate liburua osorik jarri dugu sarean, (H)ilbeltzaren karietara.

Urt 11 18

Iker Bidegorriren poesia oparia

Txiroa delako, oparirik ezin duela egin dio, poema batean, Iker Bidegorrik. Poesiaren alorrean bat egin zuen, Emeki itxaropendutako egunkaria izenburuko poemarioa, 1982an Euskaltzaindiaren poesia sariketa irabazitako lana, obra  intimista eta barnekoia. Beste opari asko egin ditu, egin dituenez,  Jose Ignazio Ansorena Iker Bidegorri-k. Gaur poesiaren alorrean egindakoa dakarkizuegu.

Urt 11 18

(H)ilbeltza laugarrenez Baztanen



Urtarrilaren 15etik 21era Baztanen euskal nobela beltzaren inguruko ekitaldiak antolatu dituzte (H)ilbeltza aurten ere. Liburu aurkezpenak, solasaldiak, zinema, susmagarrien gaua eta testuen irakurketa izango dira besteak beste. Itxaro Borda idazleak adierazi moduan, “krimen bakarra, huts egitea da“.

Urt 03 18

Beila, Dr. Atl idazlearen erretratu bat

Ponte-izenez Gerardo Murillo Cornado eta pintore gisa ezagunagoa bada ere, idazlea ere bazen Dr. Atl. Idazle eta beste hainbat talentutako pertsona: pintura sustatzaile, sukaldari, belarretan aditu, politikari, geologo… Mexikoren mende ia oso baten lekukoa, bere ipuinek, laburrak gehienetan, gizartearen erretratu gordina egiten dute. Heriotza da maiz Dr. Atl-en narrazioetako protagonista, pertsonaiak marrazteko balio duena, Iñigo Aranbarrik euskaratu duen Beila ipuinean adibidez. Hemen duzue.

Agenda

Efemerideak

Kritikak