Ots
27
24
Ugandakoa da Mildred Kiconco Barya idazlea (Kabale, Uganda, 1976), eta hangoak kontatzen dituen istorioak, bere poesian lantzen dituen gaiak, eta hangoak bezala hemengoak ere, unibertsalak. XXI. mendeko Ugandari dagozkionak. Oihartzunik izan dute bai haren poemek bai ipuinek, antologia eta sari zenbaitetan presentzia izan du, eta orain Lurraren orbainak narrazioa euskaraz irakur daiteke June Lete Larrañagak egindako itzulpenean.
Ots
20
24
Kritikak ez zuen Sarah Kane egilearen lana aintzat hartu, Zartatua-ren 1995eko estreinalditik hamar urtera Harold Pinter eta Edward Bond-ek miresmena aitortu zioten arte. Momentu horretatik aurrera, Thatcher Belaunaldiko sortzaileen artean egile garrantzitsuena iritzirik, Europan zehar maiz oholtzaratzen zen —eta den— lana dugu Kanerena. 1996. urtean Fedraren maitasuna (Phaedra’s Love) zuzendu eta handik hiru urtera Garbituak (Cleansed) eta Grina (Crave) estreinatu zituen. Azken testua, 4.48 Psikosia, duela 25 urte, 1999ko otsailaren 20an bere buruaz beste egin ondoren antzeztu zuten. Ganbila bilduman kaleratu zituen Susa argitaletxeak Zartatua eta 4.48 Psikosia obrak, Arantzazu Fernandezek euskaratuak.
Ots
15
24
1972ko udan ekintza egin zuen Irail Beltza erakunde palestinarrak Municheko Olinpiar Jokoetan atleta israeldarrak bahituz, kide presoen askatasuna eskatuz. Mundu osoa aztoratu zuen ekintzan 11 kirolari israeldar eta komandoko bost kide hil ziren. Egun gutxira artikulua idatzi zuen Natalia Ginzburgek, aita judua zuen idazleak, Juduak izenekoa. Gazan Israelgo Armada burutzen ari den sarraskia bizi dugun hilabetetotan, zinez irakurgarriak dira, idatzi eta 50 urtera, Ginzburgen hitzak. Irene Hurtado de Saratxo Mendietak euskarara ekarrita irakur dezakezu Juduak.
Ots
06
24
Susa argitaletxearen lehenbizko urteetan editorialaren inguruko idazleetako bat izan zen Gorka Setien poeta. Eta zergatik e?… Sigrid poema-liburuan, argitaletxearen bigarrena, 1983koa, parte hartu zuen Maripi Solbes eta Eneko Olasagastirekin batera. Bi urte geroago Ez sinkronia poemarioa kaleratu zuen. 20 urteko isilunearen ondotik, 2006an eta 2008an beste bi liburu eman zituen argitara, Aparkalekuko felizidadia (Paperzaleak Elkartea) eta Ertzetako inkomunikazioak (Egile editore), eta beste isilaldi luze baten ostean Naufragoen altzoa poemarioa (Egile editore, 2019) eta Tabulanga (Egile editore, 2019) publikatu zituen. Otsailaren 4an isildu da behin betiko bere ahotsa, bere poemak dauzkagu hura entzuteko: “eta orduan… / denbora eza / gizona mutu”.