Urt 30 03

Marisa barra atzean

Koldo Izagirre / Ramon Saizarbitoria bikotearen Baietz astea gaizki bukatu aste batzuez desagertu zen, elkarrizketak egiteari heldu zioten bitartean. Sail berriari Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna ipini zioten izena, eta hurrengo hilabeteetan bost elkarrizketa bururatu zituzten. Lehen-lehenik, prostituta anonimo bat izan zen protagonista, Marisa barra atzean izeneko artikuluan. Zeruko Argia-ko zenbaki hartan beste hauek ere irakur zitezkeen: Oskorriren "Mosen Bernat Etxepare", J.L. Davanten koplak edo Juan Txillidaren marrazkia.

Urt 30 03

Escritor vasco / Euskal idazlea polemika duela 25 urte

1978ko urtarrilean Raúl Guerra Garrido idazle donostiarrak polemika handia piztuko zuen artikulua argitaratu zuen Eginen. Bertan, literatura erdaraz idazten duten euskal herritarrek bazterketa bikoitza jasaten zutela salatzen zuen. Egunkari hartan bertan erantzun zion Xabier Kintanak, Zeruko Argian Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak, Deian Elías Amezagak eta Martin Ugaldek, eta gehiagok, dozena bateko artikulu saila osatu arte.
Geroztik ia kronikoa bihurtu den eztabaida honek, orduko hartan izan zuen agerpenik goriena eta joriena. Hurrengo Emailuetan polemika horretako gainerako artikuluak bilduko ditugu.

Urt 23 03

Claudia Cardinaleren dezepzioa

Aurreko asteko gaiari jarraituta, Claudia Cardinale sekuestratzeko plana zelan amaitu zen kontatzen ziguten aste hartako Baietz astea gaizki bukatu sailean,eskoletan euskara sartzearen eztabaidarekin batera. Zeruko Argia-ko zenbaki hartan ere Martin Villak esandako “Dos a uno a nuestro favor” esaldi famatuaren sorburuan dauden hilketak izan ziren gai nagusia.

Urt 23 03

Teatroa.com etengabe berritzen

Euskal teatro testuak biltzen duen gunea da teatroa.com. Etengabe berritzen ari da, antzerkigile eta zaleek testuak bidali ahala, eta dagoeneko 77 antzezlan batu ditu Mikel Martinez aktoreak. Horietako 42 euskaraz sortuak dira, 19 itzulpen, haurrentzat sortutako 8 antzezlan eta eskoletako umeek egiteko pentsatutako beste 6 teatrolan. Azken asteotan gehitutako lanen artean: Kontenedore baten istorioa, Errenta, Shakespeareren lan ugari eta Anarkista baten ezusteko heriotza.
Halaber, Mikel Martinez kide duen taldeak, Maskaradak, bere ibilbide osoan taularatutako 22 antzezlanen informazioa publikatu berri du web “entziklopediko” batean (eskuprogramak, kartelak, argazkiak, jantzi eta eskenografien bozetoak, bideoak eta audioak…).

Urt 23 03

Juan Luis Zabalaren Hautsia natza sarean

1999an Felipe Arrese Beitia saria irabazi zuen Juan Luis Zabalak Hautsia natza liburuaz. Hurrengo urtean argitaratu zen paperean eta orain, urte bi pasatu eta gero, Susako web gunean irakur daitezke liburu horretako 67 poemak.

Urt 16 03

Claudia Cardinale sekuestratzeko plan izkutua

Indarberrituta itzuli ziren Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirre Baietz astea gaizki bukatu sailaren 1978ko lehen alean. Normalean baino orrialde bat gehiago, tartean Claudia Cardinale sekuestratzeko plana ere definitzen zuten. Zeruko Argia-ko zenbaki hartako beste eduki batzuk: Olariagaren Mozorrozko pertsonaia berria, eta Mitxelena bertsolariari egindako elkarrizketa.

Urt 16 03

Kaleko berbak Txaman fantzinean

Gustauko jakun Txaman kontzeptuen edertasunaz idazten hastie, Mugarrapeko izkribu galdu batzuen alkartziaz, ala kaleko berben indderraz” esanez aurkezten da Durangoko Txaman literatur fantzinea. 2002ko udagoienean lehen zenbakia kaleratu eta dagoeneko edizio bat baino gehiago egin behar izan diete tabernetan banatutako zuri-beltzezko fotokopia aleei. Edizio berriak koloretako fotokopietan paratu dituzte, euro erdian.

Urt 16 03

Hamar mezu eta dei bat

Geu Gasteiz elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko, Hamar mezu eta dei bat ikuskizuna prestatu zuten Patxi Zubizarreta idazleak, Mikel Urdangarin kantariak eta Unax Ugalde aktoreak. Aste honetako Emailuan, ikuskizun hartako hamar mezuetatik bederatzi eskaintzen dizkizuegu, eta baita testuok nondik hartuak diren adierazten duen bibliografia ere.

Urt 09 03

Astea gaizki bukatzeko modurik ez

Zeruko Argia-ren urte hasierako zenbaki bikoitzaren (767-768.a) ostean, 1977ko urtarrilaren 8an ez zen Baietz astea gaizki bukatu sailik argitaratu. Aste honetan, beraz, ezin gozatu, Koldo Izagirreren eta Ramon Saizarbitoriaren artikuluez.

Urt 09 03

Joxemi Zumalabe hil zela 10 urte

1993ko urtarrilaren 12an hil zen Joxemi Zumalabe, euskalgintzako hainbat arlotan bezala, Susa argitaletxearen hastapenetan ere hainbesteko ekarria egindakoa. Efemeride horren karietara, bi argitalpen eskaini nahi ditugu aste honetan: batetik, Anton Santamaria eta Jose Anjel Eizmendirekin batera idatzitako Makina antzezlana, 1969an kaleratua, eta Josu Landarekin batera burututako Ipurtargi beltza (1983), oso-osorik, Joxemiren marrazkiak barne.

Urt 09 03

Literatur Emailuek urtebete

Duela urtebete ekin genion Literatur Emailuok zabaltzeari, eta tarte horretan 30etik gora web argitalpen eskaini ditugu, asteroko agenda, efemeride eta albisteekin batera. Horietarik nagusienak orri berezi batean bildu ditugu, eskurago eta guztiak batera izan ditzazuen.

Urt 02 03

Ave Cesar, agur tú

Hizkuntz politika eta elebitasunak sortutako hainbat korapilo jorratzen zituzten Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriak Baietz astea gaizki bukatu saileko 1978ko lehen artikuluan. Ave Cesar, agur tú izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren ale hartako beste zenbait eduki: 1977. urteko bilana, Bardeetako tiro poligonoa, Charles Chaplinen heriotza…

Urt 02 03

Pedro Berrondo itzultzailea hil da

Pedro Berrondo apaiz itzultzailea hil da 2002ko abenduaren 27an. Oiartzunen (Gipuzkoa) sortua 1919an, bera izan zen “Don Kixote Mantxa’ko” osorik euskaratu zuena. Oh! Euzkadi aldizkariaren 2. zenbakian harekin egindako elkarrizketa luzea irakur daiteke. EIZIEko ohorezko bazkidea zen.

Urt 02 03

Emeterio Arreseren Olerki berrizte

Duela 50 urte, 1952an, argitaratu zen Emeterio Arrese poeta tolosararen Olerki berrizte poema liburua. Aurretik beste bi poema liburu eman zituen argitara: “Nere bidean” (1913) eta “Txindor” (1932). Orain aurkezten duguna, argitaratu zuen azkena izan zen, egileak laurogeita bi urte zituelarik. Bertan, aurreko liburuetako poemak hautatu eta orraztu zituen, eta baita azken urteetako poema berriak gehitu ere. Emeterio Arreseri buruzko zertzeladak ere irakur ditzakezu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak