Aza 24 09

Zureak egin du, Iñaki Frieraren nobela berria

Iñaki Frieraren Zureak egin du nobelak premiazko amarru baten istorioa kontatzen du, thriller gisako matazan endredatu den kazetari baten ikerketak aletuz. Zenbat eta sakonago arakatu, orduan eta bihurriago korapiloak, askatu ordez trinkotu egingo balira bezala. Kazetariari gutun anonimoa heldu zaio erredakziora, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko erreportajea idazteko enkargua hartu eta segituan; eta gutun anonimoan bideo-irudi hauek: gizonezko batek kotxe baten atea zabaldu, barruko andrea bortizki atera, ileetatik tiratuz lurrera bota du eta ostikoka hasi zaio. Isilgordeko mezu honen argudioak zein diren argitzeko gutizia piztu zaio kazetariari. Irentsi du amua!

Aza 18 09

Igor Estankonaren poema berriak: Iratzeen esporak

Laugarren poema bilduma aurkeztuko du Igor Estankonak azaroaren 25ean (asteazkena) 11:30ean Bilboko Elkar aretoan (Poza kalean). Istorio gehienak gauza zirraragarriekin hasten diren bezala, halaxe hasten da liburu berria: bat-batean airean hedatu diren iratzeen esporekin. Ikusten ez dena baina izan badena deskribatzen du Estankonak, eta pentsamenduak maiz ezkutatu egiten duena esan. Zoriona, zalantzak, errepresioa, maitasuna… lerro bakoitza, behin eta berriro landua, grinen eta hotzikaren ispilu da. Emeki idatzita dago Iratzeen esporak, irakurketa izan dadin azkarra eta erabatekoa. Liburuko zazpi poema eskaintzen dizkizugu aurrerapen gisa, eta baita bideozko animazio bat ere, Maite Yurrebasoren irudiez eta Borja Estankonaren musikaz.

Aza 16 09

Hontzaren eguna,
Leonardo Sciascia

Leonardo Sciascia idazle deserosoa izan zen italiarrentzat, zokorik ilunenak arakatu eta kontzientzia kritikoa izatera iritsi baitzen, botereaz baliaturik errurik gabeko jendea zapaltzen duen edozeinen aurkakoa. Il contesto (1971) da ziur aski Sciasciaren nobela bikainena, bost urte geroago Francesco Rosik zinemarako moldatua (Cadaveri eccellenti izenburuarekin). Baina Hontzaren eguna (1961) da nobela ezagunena, hain zuzen ere euskaraz daukagun bakarra, Koldo Bigurik 1991n itzulia, Bellodi polizia eta Don Mariano mafiosoa aurrez aurre jartzen dituena. Eleberri hau ere zinemara eramana izan zen, Damiano Damianik 1968an.

Aza 10 09

Sakiren ipuinak

Myanmar kolonia britainiarreko polizia-buru baten semea zen Hector Hugh Munro (1870-1916). Idazle izentzat Saki hartu zuen, eta ipuin laburren maisuetarik bat izan zen. Leiho irekia da Sakiren narrazio ezagunenetakoa, hamabost urteko neskatxa batek gidatua, eta Jon Mirandek 1960an Egan aldizkariarentzat euskaratua. Mirandek Ipuin kontatzailea ere itzulia zuen lehenago, 1956an (hogeita hamar urte geroago Mikel Azurmendik Porrot aldizkarirako moldatuko zuena). Luigi Anselmik bi istorio ekarri zituen Pamiela aldizkarira 1985ean: Infernutar parlamentua eta Katuaren lorpenak; eta urte berean Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak Gonbidatuak narrazioa Hamahiru ate liburuan. Zortzi ipuineko bilduma liburu bakarrean Rosa Miren Artolak atondu zuen, orain osorik eskaintzen dizugun hauxe: Ipuin hautatuak (1987an Baroja etxean argitaratua).

Aza 03 09

Oier Guillanen lau poema entzuteko

Errezitaldi dramatizatuak egiten ari da Oier Guillan, Eskuen sustraiak poema liburuan oinarrituta. Oreretako Mikelazulo elkartean izan zen aurrenekoa, hurrengoa Donostiako Guardetxean azaroaren 7an (larunbata) 19:00etan. Liburuko lau poemaren audioak eskaintzen dizkizugu Guillanen ahotsez; horietako lehena (Paperezko baratzea), Asier Sarasolarekin batera errezitatua.

Aza 01 09

Porrot agertu zela 25 urte

Suizidioa monografikoarekin argitaratu zen Porrot literatur aldizkariaren lehendabiziko zenbakia 1984ko azaroan, Felipe Juaristik eta Koldo Etxabek sortua. “Suizidioaz idazten dugu beste batzuk maitasunez idazten duten bezala, eta euskaraz” adierazi zuten hitzaurrean, “zeren euskara itzulezinezko puntuan baitago, harantzago dena zehazkabea izanik. Suizidio geldoa euskararena”. La Voz de Euskadi egunkarian euskarazko gehigarri bat sortzeko asmoaren huts egitetik datorkio izena Porrot aldizkariari. Bigarren zenbakiak Pereza zeukan izena (1986ko abuztuan); hirugarrenak, Haur gozo horiek (1987ko irailean); eta laugarrenak eta azkenak, Kontra (1990ko otsailean). Besteak beste, Esteban Antxustegi, Mikel Azurmendi, Pako Aristi, Xabier Olarra, Mikel Lasa, Patxi Apalategi, Juan Kruz Igerabide, Patziku Perurena, Joxerra Garzia eta Inazio Mujika Iraolak idatzi zuten.

Agenda

Efemerideak

Kritikak