Ira 29 23

W.H. Audenen poemak

Irailaren 29 batez hil zen, duela 50 urte, Wystan Hugh Auden, XX. mendeko ingeles poeta handienetarik bat, 1928an hasi eta 1971 bitartean mende osoko poeta bat izan zena.  1920etako Ingalaterrako idazle giro ezkertiarrean hasi eta hazia, berrogeitaka urtetan garatu zen bere literatur lanetan bilakaera hala bere pentsamenduan —marxismotik fede protestantera egindako bidea— nola bere poesiagintzan: mende hasierako modernismoa, forma tradizionalagoak, forma barrokoen eta pop estilokoen alternantzia, gizartearen porrotaren isla, azterketa psikologikoak… Momentua poema euskaratu zuen 1985ean Joseba Sarrionandiak, baina zabal Juanjo Olasagarrek ekarri dio Auden euskarari, 1987an Susa argitaletxearekin plazaratutako Antologiarekin. Irakurleen gozagarri.

Ira 27 23

Mendeurrena Bernard Mancietek

Okzitanierazko poesiaren gailurrean dago Bernard Manciet, 1923ko irailaren 27an Sabresen jaioa. Kultur sustatzailea, Oc aldizkarian eragilea, poesian eta prosan jardun zuen idazlea izan zen Manciet. Baita antzerkian ere, sarritan bere testuen eszenaratzeetan parte hartuz. Burua testua itzuli zuen 1957an Jon Mirandek, Euzko Gogoa aldizkarian, eta okzitaniarra gurean ezagunagoa egin zuen testua, Lo Dider de Guernica, Luzien Etxezarretak 1994an, Maiatz aldizkarian, Gernikaren erranak. 2005ean, idazlearen heriotzaren kari, artikulua eskaini zion Maiatzen. Bere jaiotzaren mendeurrena dela, bildu ditugu testuok.

Ira 22 23

Jon Beistegik euskarari ekarritakoak

Duela 30 urte, 1993ko irailak 22 zituela, hil zen Jon Beistegi Ugalde idazle eta itzultzailea. 36ko gerra aurretik Eusko Alderdi Jeltzaleari engaiatua, Eusko Gudarosteko Loiola batailoian komandante izan zen gerra garaian (366 egun borrokan Euzkadiren alde liburuan utzia du horren lekukotza). Espetxealdia igarota, Eibarrera itzuli zen familiaren lantegian lanera (BH bizikleta enpresa), eta idazteari lotu zitzaion, poemak eta artikuluak Euzko Deya, Eibar, Euzkadi, Euzko Gogoa eta beste zenbait agerkaritan. Idatzi eta, bereziki, itzuli. Euskarari hainbat poema ekarri zizkion, ingelesetik batez ere (Keats, St. Vincent Millay, Burns, Poe…) , baita gaztelaniatik ere (Florez, Carranza…), ia denak Olerti aldizkarian argitara emanak. Bere heriotzaren urteurrenean, hemen bildu ditugu poemok.

Ira 14 23

Lydia Davisen Terapia

Ipuingile eta itzultzaile zaildua dakarkigute Leire Lakasta Mugeta, June Lete Larrañaga, Oiher Urrutia Bailarena eta Maddi Zabalo Mateosek: Lydia Davis estatubatuarra. Dozena erdi ipuin-bilduma argitara emandakoa, hala kritikaren nola publikoaren ezagutza jasoa da. Hauxe duzue euskarari ekarritako bere lehen lana, Terapia.

Ira 13 23

Miroslav Holuben mendeurrena

Ehun urte Miroslav Holub idazle txekiarra jaio zela 1923ko irailaren 13an. Zientzialaria eta poeta, diziplina biak uztartzen jakin zuen, baina zientzia-gaiak ez ezik, humanista antzinakoen erara, espiritu eta so ireki eta zabalekoa izan zen, eta horregatik, munduarena eta jendearena den orok zuen kezkatu. Maite Gonzalez Esnalek eskarri zuen euskarara lehenbiziko, 4 poema Hegats aldizkarian, 1991n, eta 2016an poema antologia eskaini zigun Karlos Cidek Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan.

Ira 08 23

Chopin eta Mansfielden narrazioak

Ipuin klasikoak hautatu dituzte, itzulpengintzako euren formazio lanean, Leire Lakasta Mugeta, June Lete Larrañaga, Oiher Urrutia Bailarena eta Maddi Zabalo Mateosek. Teklatuak zortzi eskutara landuz, XX. mendeko narraziogintzari begiratu diote, eta kanonetan sartzeko bidesari estuagoak ordaindu behar izaten dituzten autoreak ekarri. Aste honetan bi pieza dakartzagu, Kate Chopinen Ordu bateko istorioa eta Katherine Mansfielden Andere zahar atsegina.

Ira 02 23

Gartzelako egunkaria

hotxomin

1969ko irailaren 2an hil zen Ho Chi Minh, poeta, politikaria eta iraultzailea. Vietnamen independentziaren aldeko borrokalaria, hango alderdi komunistaren sortzailea —baita Frantziakoarena ere—, Indotxinako gerran frantsesak garaitu eta Vietnamgo lehendakari izan zen. Eta poeta. Gartzelako egunkaria bere poemen bilduma bat da, Txinan preso zela Ho Chi Minh-ek idatzia, eta Iñaki Aramaiok Herrera de la Manchan preso zela euskaratua (Susa, 1985).
susa20

Ira 02 23

Joseph Rothen urteurrena

Egun Ukraina den Brody herrian sortua 1894ko irailaren 2an, Joseph Roth, judua, Austria utzi eta Parisera erbesteratu zen Hitlerrek boterea hartzean. XX. mendearen hasiera eta bi mundu gerren arteko Europa Erdialdea bizi eta euren literaturan islatu izan duten idazle handietako bat, euskarara bere hiru eleberri ekarri dira. Matias Mugikak Igela argitaletxearekin kaleratu zituen bi (Edale santuaren kondaira eta Hiltzaile baten aitormena, 2001 eta 2003), eta Edorta Mataukok Leviatana (Susa, 1998). Osorik irakur dezakezu azken hau.

Ira 01 23

W.W. Jacobsen urteurrena

Idazle eta umoregilea izan zen W.W. Jacobs britainiarra. Ipuin liburu zenbaiten egilea, The Lady of the Barge (1902) liburuko Tximino atzaparra narrazio “makabroa” da haren ezagunenetako bat. Ana I. Moralesek ekarri zion euskarari, eta Booktegin argitara eman 2020an. Duela 80 urte hil zen Jacobsen ipuina irakurgai aproposa izan daiteke ikasturtea abiatzeko.

Agenda

Efemerideak

Kritikak