Eka 29 18

Patxi Ezkiagaren heriotza

2018ko ekainaren 28an hil da Patxi Ezkiaga.  Idazle oparoa, narratiban hainbat lan egindakoa bada ere, poeta izan da Ezkiaga. Haren obrak oihartzun handiegia ez izanagatik ere, zenbait obrari darion sen lirikoa nabarmentzekoa da, literaturgintzan ez ezik, irakaskuntzan ere, didaktikaren alorrean, lan handia egindako autoreagan.  Itzultzaile ere hainbat lan ekarri dizkio euskarari. Duela urtebete bere bi lehen liburuak jarri genituen online, Beldur naiz eta Aiodi herriko kantak.  1990etako bi poemario osorik paratuko ditugu oraingoan: Komediaren Jainkoa (1993) eta Udazkenerako hamar kanta (1999).

Eka 28 18

Amaia Ezpeldoiren hastapenak

1994an ezagutu genuen Amaia Ezpeldoi detektibea, Zuberoan txertatzekoak ziren gas hodiaren barrenak aztertu eta gasaz gain bestelako arazoak lur azaleratzen. Handik bi urtera, bere bigarren abenturan, espartingintzaren matazatik atera ziren hainbat hari-muturretan korapilatuko zen. Dagoeneko dozena erdi liburutan irakur daitezke Itxaro Borda idazlearen lumatik sortutako detektibearen ikerketak, eta haiekin batera baita pertsonaiaren bizitza-bilakaera ere. Bakean ützi arte eta Bizi nizano munduan izan ziren lehen bi eleberriak, orain osorik eskaintzen ditugunak

Eka 25 18

Poetek Lauaxetari

Lauaxeta fusilatu eta bi urtera, Gorputz dago gudaria poema idatzi zuen Salbatore Mitxelenak. Hogeita hamar urte geroago, Gabriel Arestik ekarri zituen In Memoriam (1967) eta Ekainaren 26 egun (1970). Bernardo Atxagaren Lauaxeta gogoan 1976koa da, eta 1980an plazaratua Ibon Sarasolaren Lauaxeta paredoian. Xabier Montoiak 1983an idatzi zuen Orain dela, Saletxek Txori xotila txiunka, Omar Nabarrok 1986an Lied bat, Iñigo Aranbarrik 1987an Luma beltz-horidun tukana eta geroago Muxuka nazak. 1989an argitaratu ziren Eusebio Erkiagaren Ez zaitez Gernikara joan eta Gernikara noake. 1989koak dira baita ere Lauaxetaren betaurrekoak, Koldo Izagirrek konposatuak. Jose Luis Otamendiren Mendi-negarra eta Joseba Sarrionandiaren Olerkaria 1995ean irakurri genituen; 2003an Ignazio Aiestaranen Poesia Auschwitz eta Gernikan. Izango dira gehiago ere, hemen zerrendatzea guk ahantziak.
Esteban Urkiaga Lauaxeta
fusilatu zutela 81 urte betetzen diren honetan gogora ekarri gura izan ditugu.

Eka 22 18

Franz Kafkaren Metamorfosia

Auzitegietatik datozen zenbait notizia asaldagarri ezagututa, bat baino gehiago akordatzen da kafkiar izenondoarekin, Franz Kafka idazlearen obrarekin. Prozesua izanik auzitegietako korapiloei buruzko obra, Metamorfosia da haren lan ikurretako bat. Xabier Kintanak euskaratu eta Kriselu argitaletxeak plazaratu zuen 1975ean, Itxura-aldaketa izenburuaz.  25 urte geroago, Hiriak eman zuen argitara, Rufino Iraolaren itzulpenarekin, Metamorfosia izenez. Osorik eskaintzen dizkizuegu biak.

Eka 09 18

Jean Arbousseten poemak

Ehun urte hil zela Jean Arbousset lotinanta, beste asko bezala bere inguruan, bala batek kopetaren erdian jota ekainaren 9an. Sei hilabete lehenago inprimarazia zuen, zorionez, Hamabost gramoko liburua, caporal (Le Livre de Quinze grammes, caporal). Liburu eskasa zela alegia, pisu gutxiko umea. Horixe poeta umoretsu eta aldizka gordin honen ondare bakarra. Amorragarria da, Arbousseten maitasun poemak editore baten nagiak galdu zituelako, eta idazten ari zen nobela gerraren lokatzak galdu zuelako. Baina amorragarria da, batez ere, ez dugulako jakin ahal izango umore garratza eta seriostasun iluna maisuki lotu zituen gazteak nolako delikateziaz kantatu zuen maitasuna, zer istoriotan eraman nahi izan gintuen frontean idazten ari zen nobela hartan, umoretsu agian, garratz seguru aski, hunkigarri dudarik gabe. Bere gerra poemak geratu zaizkigu, bai, frontean idatziak, baina ez aberkoiak ez borrokarakoak. Maitasunaren akordua eta heriotza, heriotza maitale anker, Jean Arbousseten kupidarik gabeko poema ederretan.

Eka 09 18

Tximeletak bizkarrean, Ugaitz Agirreren nobela

Lehen eleberria du Ugaitz Agirrek Tximeletak bizkarrean, datorren ekainaren 12an aurkeztuko duena. Florentziako Unibertsitatean Historia irakaslea da Sara, eta istripu txiki batek iraganeko mamu bat ekarriko dio gogora. Aitari bisita egitera jaioterrian dela, gaztaroko mamu gehiago azalduko zaizkio. Nobelan zehar iraganaren zama honek protagonistarengan eta haren harremanetan duen eragina ezagutuko dugu.

Eka 07 18

Manex Pagolaren kantuak

2018ko ekainaren 7an hil zen Manex Pagola.  Idazle eta abeslaria, jardun politikoa ere izan zuena, bere garai eta herriarekin engaiatua, kantugile aparta izan genuen. Bereak dira 70 eta 80etan euskaldun askoren soinu-bandan tokia egina duten hainbat kantu. 1988an haietako asko Biziaren altzotik liburuan bildu zituen (80 kantu eta solasaldi bat), orain osorik eskaintzen dizueguna.

Agenda

Efemerideak

Kritikak