Eka 29 20

Oier Guillanen liburu berria

Victor aktorea Madrilen hil zen auto istripuz, pailazo sudurra jantzita, eta haren hiletara ez zen ia inor joan. Kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatu du heriotza hura ikertzeko. Izan ere, zergatik hil zen istripuz Victor? Nork hil zuen inork hil ez zuena? Zer lotura du haren heriotzak elkar ezagutu zutenean grabatutako VHS zintarekin? Ilehoriak gogoan du Merlinerekin Andaluziara egindako bidaia iniziatikoa, nola bisitatu zuten Lorcaren herria, nola ezagutu zituzten La Marabunta antzerki konpainiako kideak, nola izan zen hura guztia pizgarri bere ibilbide artistikoarentzat. Gorputz hartara itzuli nahiko luke, orduko sentsazioak berreskuratu, oroitu, baina ezin du. Agian memoria beti delako ariketa kolektiboa. Agian orduko lagunak behar dituelako gertatu zena gogoratzeko. Agian lagun baten heriotza konpondu ezineko matxura delako denboraren makinan. Osorik irakur dezakezue VHS sarean.

Eka 25 20

Laetitia Colombaniren Txirikorda

Aktore eta zinema-zuzendaria, gidoilaria, Txirikorda eleberriarekin idazletzan sona eskuratu zuen Laetitia Colombanik. 2017an eman zuen argitara —ondoren Les Victorieuses kaleratu du—, eta azkar lortu zuen hedapena hainbat hizkuntzatan hiru emakumeren istorio honek. Naiara Beraciertoren eskutik, zatitxo bat euskaraz ere irakur dezakegu. Hemen daukazue.

Eka 11 20

Ipuingintzaren bilakaera

Autoa berritasun arriskutsu gisa ikusten du Pedro Migel Urruzunok Automobil gauzak narrazioan, 1912an. Elkarrizketak egituratzen duen gogoetan ikuspegi kostunbrista ageri zaigu, diglosia tantak, zirtoak… Urruzunoren baliabideak gai moderno batean. Eta 1984an Taxi baten agonia dakarkigu Joserra Utretxek, non taxia bera mintzo zaigun, heriotza ekarri dion istripua azalduz. Urruzonorenaren ondoan, gure ipuingintzaren bilakaera ezin hobeto erakusten duten estiloa, ikuspuntua eta tratamendua. Bi horiekin batera, ipuina.eus webgunean, beste bi: bata, beste idazle ezezagun bat ipuinaren generoa lantzen, Joakina Garaialderen Bejondeizula Mainaxi, 1930ekoa, herri ipuin kutsuko ipuina, ironia nagusitzen zaiola mezu moralari. Nobelagilea izango zenaren lehenetariko fikzioa, azkenik: Gotzon Garateren Koldarra (1967). Gaztetxoen arteko krudelkeria jatorra amaiera dramatikoarekin


	
	
	
	

Eka 09 20

Galder Perezen antzezlanen bilduma

Galder Perezen hiru obra biltzen ditu Hiru geltoki lurrun liburuak: Lurrun minez, Lau metrora eta Off the record. Hiru lanok egilearen kezkak islatzen dituen unibertsoa osatzen dute: homosexualitatea, zentsura, Mozal legea, kazetaritzako ustelkeria… umoretik sobera urrun ibili gabe. Eremu ttikiak, espazio itxiak gustukoak ditu Galderrek. Normala, beraz, lan honetako hiru “geltokiak”, sauna bat, erietxe bateko gela bat, eta bulego bat izatea. Eta espazio itxi horretan sartu ditu bere pertsonaiak. Eta iduri du, hiru lanetan bere pertsonaietako bat bederen “ez-lekuan” legokeela. “Ez-lekuan” dago Jesus, “ez-lekuan” gidaria, eta “ez-lekuan” Karmele. “Ez-lekuan”… edo deseroso behinik behin. Sarean duzue osorik irakurgai.

Eka 09 20

Kepa Errastiren Mami Lebrun

Mami Lebrun antzezlana azken urte hauetan euskal antzerkigintza, pauso sendoz, jorratzen ari den ibilbide oparoaren adibide bat da. Kepa Errastik idatzia, Kepa bera partaide den Xake Produkzioak konpainiak 2016ko maiatzean estreinatu zuen. Mami Lebrun antzezlanean amonaren heriotzak sortutako zirrara pertsonala du fikzioak sorgune. Antzerkiak antzerkiaren barruan ematen dituen aukerak baliatuz, heriotzaz, doluaz, iraganaz, maite genituen gertukoen memoriaren zaintzaz, aurreko belaunaldiek bizitzea tokatu zitzaien mundualdiari emandako erantzunaz… eta, inplizituki besterik ez bada ere, oraingoari eta etorkizunari guk eman beharrekoaz hitz egiten du. Osorik eskaintzen dizuegu sarean.

Eka 08 20

Eneritz Artetxe Aranazen antzezlanak

Eneritz Artetxe Aranazen bi antzezlan bildu ditugu Isiltasuna honetan: antzeztu gabeko Isiltasuna, eta egileak berak Dxusturi bere konpainiarekin taularatutako Karramarroa. Elkartasuna, politika eta umore zorrotza, guztiak topatuko ditu irakurleak testu hauetan. Isiltasuna ozen mintzo zaigu emakumeen ahotsez, barrenak ateratzen dizkio isiltasunari, egunerokotasun ustez neutralaren zamak isilarazitakoen ahotsean dagoena arakatzen du. Karramarroan espero ez genuen estetika eta umore gordin batez bete zuen oholtza, bufoiaren kodigoetatik hurbil betiere. Osorik irakur dezakezue orain sarean.

Eka 05 20

Bixente Serrano Izko presente

Bixente Serrano Izko hil berri den honetan, merezi du haren emaitza literarioa erreibindikatzea. Eta horretarako, 1987an argitaratu zuen narrazio liburua aukeratu dugu, Onkoteak, orain sarean osorik irakur dezakezuna. Bere lehen liburu hartan, argi aski ikusten dira hitzarekiko maitasuna eta gatazka, literaturaren oinarrian dagoen ezinbesteko harreman hori. Zertzelada pertsonaletarako argigarria izan daiteke liburu horretako solaparako idatzi zuen autobiografia txikia.

Eka 04 20

Richard Riveren Eserlekua

1989ko ekainaren 4 batez hil zen Richard Rive idazle hegoafrikarra, 58 urte zituela. Lurmutur Hirian jaio eta hazia, bere herriko populazio beltzaren bizimoduak eta erregimenaren latza deskribatu zituen bere literatur lanetan, ipuinak gehienbat. Seigarren Barrutia —bere auzunea, apartheidak indarrez hutsarazia 70etan—izeneko eleberriak izan zuen oihartzunik, eta baita Eserlekua (The Bench, 1963) ipuinak ere, AEBetan Rosa Parks-ek egindako keinu antisegregazionista oinarri duen narrazioak. Arraza aferak puri-purian dauden egunotan, Eserlekua dakarkizuegu, Mikel Elorzak euskaratua.

Eka 01 20

David Samoiloven mendeurrena

1920ko ekainaren 1ean jaio zen, duela mendebete, David Samoilov. “Poeta”, haren omenezko Moskuko oroitarriak dioenez. Fronteko belaunaldia deitutako taldeko “kide”, sortze lanez gain, itzulpen alorrean ere lan handia egin zuen. Sobietar Batasuneko idazleei eskainitako Maiatz aldizkariko 12. zenbakian poema bi euskaratu zituen Itxaro Bordak, hemen dakartzagunak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak