Abu 31 16

Marina Tsvetaievaren Bukaeraren poema

Bizitza eta literatura bereizi ezineko bi mundu gisa bizi izan zituen Marina Tsvetaievak, eta bietan murgilduta bizi izan zen sentiberatasun handi eta aiurri indartsuko emakumea. Bizitza errealitate latza suertatu zitzaion, berea eta bere herriarena, erbestea bizi izan baitzuen Errusiako gerra zibilaren garaian (armada zaristakoa zuen senarra), itzulera gero, banaketa, senarraren fusilatzea, semearen galera… 50 urte zituela egin zuen bere buruaz beste. Bizitzaren enbatei aurre egiteko idazketa zeukan, literatura, non haren askatasun egarria eta amets betegabeak —maitasuna, hainbat dimentsiotan— bizitzaren beraren segida diren. 1924an ondutako Bukaeraren poema horren adibidea da, formaz zein edukiz latz landutako poema luze eta ederra. Euskaraz irakur daiteke orain, Josu Landak egindako itzulpenean, eta eskaintzen dizugu Tsvetaieva hil zela 75 urte bete diren egunean.

Abu 29 16

Youenn Gwernigen hamar poema

Hamar urte aurtengo abuztuaren 29an Youenn Gwernig poeta, kantari eta letragile handia hil zela bertako eta atzerriko zelarik hainbeste maite izan zuen sorlekuan, Bretainian. Aitaren eta amonaren leialtasun linguistikoak lortu zuen Gwernig familiak bretoieraz egin zezan. Youennek frantsesa ikasi zuen eskolan, eta idazten ere hizkuntza horretan hasi zen. Anaia bat zeukan New Yorkera jo zuen gazterik, eta han ekin zion poemagintzari, bretoieraz. Jatorri berekoa zen Jack Kerouac-en ezagutza egin zuen 1965ean, eta ingelesez ere idazten hasi zen Kerouac-ek bere lana irakurri ahal izan zezan. Ondorioz, idazle hirueleduna bihurtu zen. Adierazgarria da nola aurkezten duten hizkuntza handiek hirueletasun hau: Youenn Gwernig (…) est un écrivain et poète franco-américain d’origine bretonne, eta Youenn Gwernig (…) was a Breton-American poet, writer and singer. Sorterrira itzuli zen 1969an eta kantagintzari ekin zion, besteak beste E-kreiz an noz (Gauaren erdian) ezaguna sortuz. Kantagintzak ikus-entzunezkoetara eraman zuen, eta Radio télé Brezhoneg elkartea sortu zuen 1970ean  bretoieraren erabilera eta emisioa azkartzeko irrati-telebistan. Gwernigek AEBetan bretoieraz idatzi zituen poemen hautaketa bat eskaintzen dizuegu New Yorkeko hamar poema sailtxoan, ingeles itzulpenarekin argitaratu zuen Un dornad plu (Al Liamm, 1997) bildumatik osatua.

Abu 24 16

Sanchez Irureren Arrantzalea

Ehun urte ditugu Kaietano Sanchez Irure hil zela abuztuaren 24an, eta 160 urte jaio zela 30ean, hirurogei betetzeko sei egun eskas. Jaulierra izan zen eta berak zaintzen zituenek bezala azaldu behar izan zuen epaitegian: preso batzuek ihesa antolatu, baita burutu ere hiru zaintzaile bahituz, Sanchez Irure tartean zela. Susmoa hedatu zen bazeukala zerikusirik ihesaldian. Labanaren zorrotza lepoan probatu gabe eman ote zizkien giltzak, halakoren bat. Dena den, zuritu egin zuen epaileak. Donostiako udaletxean hartu zuen postua gero… atezain. Barrandan edo zelatan egoteko zekarren bokazioa izan zitekeen bertsotarako behar zuen astiaren ondorio. Biktoriano Iraolak aztarna adierazgarri bat ematen digu Arraietakoak! ipuinean (Baserritarra, 1907), Katu delako baten menturak kontatzen dituela: «Fiesta bukatzeko, ez zan gaizki egongo zeladore batek heldu Katuri eta txakurlekura eramatea eta bertan irukitzea, ahalik eta buruz ikasi arte, oraindaino izkribatu dituen euskerazko bertso guziak,  Kaietano S. Irurek». Euskaltzale handia, huts ezin eginiko sinadura izan zen bere hiriaren eta euskal munduaren nahigabezko eta gorazarrezko gertaldietan. Bere bertso-sail guztiak ez ezik erdiak ere neke samarra litzatekeenez biltzea, bakarra eskaintzen dizuegu, Arrantzalea, bere tonuaren ezaugarri.

Abu 18 16

Bernardo Garro Otxoluaren ipuina

135. urteburua datorren astean, abuztuaren 22an, Otxolua idazlea jaio zela Bizkaian. Ez da datu biribila, baina ahanzturan daudenek txanda-pasa merezi dute. Bernarta Garrok zazpi urte eman zituen gazterik Argentinan, eta bertako euskaldunekin etxekoa aberasteaz gainera, besteekin arian, hizkuntzetarako erraztasuna zeukala deskubritu zuen. Gaztelera, italiera, frantsesa, ingelesa eta alemanera ikasiko zituen. Bazeukan idazteko sena, baina ez da gure letretan aipatu sortzailea zelako, itzultzailea baizik. Dohainak zeuzkan eta ezagutzak zeuzkan, baina ez zegoen potentzial hura bideratuko zuen kultur sistemarik, ez editorerik. Hizkuntzak ikasi zituen bezalaxe, autodidakta izan genuen idatzian ere. Herrizalea zen, belarria zeukan ahozko berbetarako, eta aldi berean aranismoak kutsatua zegoen. Laguntzarik gabe, plan txukunik gabe, programarik gabe jardun zuen: Otxolua gure egoera politikoaren biktima intelektuala izan genuen, beste hainbat bezala. Zer egiten zuen gizon hark orduetan eta orduetan gustuko bertsoak eta artikuluak bere letra ederrez kopiatzen? Liburuak amesten zituen, edizio apainak, euskaldungo kultu bat. Irakurlea zen, eta hustasun handi bat sumatzen zuen. Bernarta Garroren narrazio labur bat eskaintzen dizuegu, izaten ahal ziren eta izan ezin zutenen omenez, Gomutetan (Euzkadi, 1931). Perla txiki bat.

Abu 09 16

Lezama Limaren Paradiso

Urteurren bikoitza du aurten Jose Lezama Limaren memoriak: berrogei urte hil zela abuztuaren 9an, eta berrogeita hamar urte bere lanik ezagunena, Paradiso nobela, publikatu zela. Nobela? Abentura poetikoa, diote. Julio Cortazarrek zeremonia bat zela argitu zigun. Lezamak berak arazo bezala ikusten zuen nobela oro har, ez egitura arazo, ez gai arazo, hizkuntza arazo baizik. Paradiso-ren hizkerak, gaiek, sinboloek, harritu egiten gaituzte oraindik ere: desmasia berbalen eta erudizioz eta mitologiaz sortutako urruntasunaren bidez,  Lezamak errealismoa apurtzen du, barrokotasuna irudiaren iragankorrari eginiko antapara da eta, ondorioz, irudien mural bat bezala ageri zaigu Historia, ez datu eta gertakari metaketa bezala, hots, Irudimenak gain hartzen dio errealitateari. Ez ihes egiteko edo estiloa erakusteko, seinale kode bat proposatzeko baizik: «Nobelaz dudan kontzeptuak irudia eta solasa ditu oinarri, esaten dena eta ezkutatzen dena. Horrela, teologoek grazia ikusgarria aipatzen duten bezala, nobelak ikusgarri egiten du, haztagarri, poesian eta saiakeran ikertzen dena». Zaila, iluna, kapritxosoa, eskandalagarria… Adibide eta omenaldi, Paradiso-ren VIII. kapituluaren hasiera eskaintzen dizuegu. Juan Rulfo eta Alejo Carpentierrekin batera, Latinoamerikako literatura modernoaren aitzindari dugu Jose Lezama Lima.

Abu 06 16

Peli Markiegiren poemak

Abuztuak 6 zituela hil zen Peli Markiegi orain 70 urte Bahia Blancan, Argentinako deserroan, 41 urte bete gabe. Hamar urte lehenago, bera bezala apaiza zen anaia Jose —Lizardiren Itz-Lauz postumoari egin zion hitzaurreak idazle kontsakratu zuena— fusilatu zioten faxistek Oiartzunen. Beste anaia, Polentzi, Debako alkate abertzalea izana, urtebete geroago fusilatu zioten Santoñako hondartzan. Mintasun kolektiboa eta urradura pertsonala batu zuen Peli Markiegik, baina esperantza izpi bat ageri du unerik  ilunenetan ere: «Oinazez ez da herririk galtzen. Hilerria da sorterri». Landua, jasoa, poemei oinarri anekdotikoak eta sinbolikoak eman zale, badauka olerkarien artean nabarmentzen duen nortasuna. Hemezortzi poemaren bilduma eskaintzen dizuegu: Orixe, Lauaxeta, Lizardi tantak han-hemenka, eta Markiegi orotan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak