Abu 29 02

Hemingwayren Agurea eta itsasoa duela 50 urte

Ernest Hemingwayren “Agurea eta itsasoa” (“The Old Man and the Sea”) Life aldizkariak argitaratu zuen lehen aldiz 1952ko irailaren lehenean, eta zazpi egun geroago irailaren 8an plazaratu zuen liburuan Scribner’s argitaletxeak. Gotzon Goenagaren itzulpenez argitaratu zen lehen aldiz euskaraz 1963an, Itxaropena argitaletxearen Kuliska Sortan. Hiru urte lehenago, 1960ko abuztuaren 21ean, Jose Artetxek Ernest Hemingwayrekin enkontrua egin zuen Donostiako Maria Cristina Hotelean, euskarazko argitalpenerako Hemingwayk egile eskubideak doan eman zitzan eskatze aldera. Honela izan zen solasaldia, Artetxek “Agurea ta itxasoa” liburuaren hitzaurrean kontatua: “Baimena ematen al dezu?” galdetu zion Artetxek Hemingwayri, eta idazleak erantzun: “Nik ez daukat ezer euskaldunen kontra. Ondo egiña al dago traduzioa?”; Artetxek: “Bai, oso ondo gañera”; eta Hemingwayk orduan: “Egizue ba nai dezutena. Nere abogaduari eskribitu akiozute”. Duela 50 urte argitaratutako “The Old Man and the Sea” (1952) nobelaren euskarazko lehen edizioa Agurea ta itxasoa (1963) osorik duzu hemen .

Abu 29 02

Izagirrek eta Saizarbitoriak baietz astea gaizki bukatu

Duela 25 urte argitaratzen hasi zen Zeruko Argia euskal kazetaritza literarioak eman duen artikulu-sail gogoangarrienetarik bat, Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak elkarrekin idatzia: Baietz astea gaizki bukatu. 1977ko irailaren 4an abiatu zen sail hura, lehendabiziko kolaborazioa lau idazlek sinatua: Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolak. Hurrengoak, ordea, Izagirre eta Saizarbitoriarenak izango ziren, 1977ko urriaren 16koa izan ezik (Atxagarena). Denera 29 artikulu argitaratu zituzten 1978ko maiatza bitartean: 24 “Baietz astea gaizki bukatu” izenpean eta 5 elkarrizketa “Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna” atalean. Urtebete geroago, 1979ko maiatzean, Oh! Euzkadi orri erraldoia agertu zen, 24 lagunek sinatua. Eta 1979ko ekainetik urrira Oh! Euzkadi saila Zeruko Argia astekarian. Ondoren, 1980ko maiatzean sortu zen Oh! Euzkadi aldizkaria, hamabost zenbaki plazaratu zituena lau urtetan.
Heldu den astetik aurrera eta datorren urteko maiatza bitartean, “Baietz astea gaizki bukatu” haietako bana eskainiko dizugu astero. Literatur Emailu honetan Joxan Elosegik gaur espresuki idatzitako sarrera bat duzu, orduko irakurle baten oroitzapen gisa.

Abu 15 02

Txistu y Tamboliñ aldizkaria berriro argitara

Txistu y Tamboliñ… y este coño es mío izenburuarekin agertu dute zenbaki berria, paperezko argitalpenaren ordez orain Interneten bitartez. Txistu y Tamboliñ aldizkariak zazpi zenbaki eman zituen 1983tik 1993ra, eta harrezkero ez da besterik izan egundaino. Ale berriak Gioconda berezi bat dakar lehen orrialdean, aurreneko Txistu y Tamboliñen azaldutako poster huraxe bera hain zuzen ere. Poemak, narrazioak, atsotitzak, testu klasikoak (Jean Martin Hiribarren) irakurriko dituzu, eta zinema gidoi bat ere bai. Garai batean ohi zuten bezalaxe, euskarazko eta erdarazko lanak bilduko ditu literatur aldizkariak.

Abu 08 02

Bilintxen bertso zaharrenak duela 150 urte

“Galop infernal” izenburuarekin 1852. urtean argitaratu ziren ustez Bilintxen bertso zaharrenak direnak. Honela kontatua du Antonio Zabalak: “Honoko bertso-sail honek bi zati ditu; lehenengoan (“Lagunkida fraternaleko galaiak beren damari”) aditzera ematen denez, inauteri batzuetarako paratua da; eta bigarrengoan (“Ziririkuak”)esaten denez, inauteri horietarako dantza-tokia eta abar prestatzen hasi zirenean, kontrarioren bat edo beste izan zuten Bilintx eta bere lagunek; baina hala ere ondo antolatu zituzten gauzak. Bertso hauek “Donostian Pio Barojaren moldiztegian (1852)” argitaratutako paper batetik ditugu. Paper hori Peñaflorida kondearen liburutegian omen zegoen, eta gure eskuetaraino Donostiako Juan Arbelaitz eta Tolosako Juan Jose Beloki jaunen bitartez etorri zen. Guk ezagutzen ditugunetan, hauek izango dira Bilintxen bertsorik zaharrenak. Hogeita bat urte zituen orduan”. Data honen aitzakian, Bilintxen bertso guztiak argitaratu ditugu sarean.

Abu 01 02

Maiatz aldizkariak 36. zenbakia kaleratu du

Maiatz literatur aldizkariak 20. urteurrena zenbaki berri batekin ospatu du. Antton Lukuren “Lurra” antzezlana eta ohiko idazle eta olerkarien sorkuntza lanak bildu dituzte: Eñaut Etxamendi, Peio Jorajuria, Mattin Irigoien, Luzien Etxezaharreta, Koldo Ameztoi, Jean Louis Davant, Itxaro Borda, Hasier Etxeberria eta Aurelia Arkotxaren testuak irakurriko dituzu. Eric Dicharry idazlearen itzulpenak eta, bereziki, Peio Jorajuriaren lehen olerkiak nabarmendu ditu Luzien Etxezaharreta editoreak. Maiatz elkarteak datorren urrian antolatuko ditu Baionan urteroko solasaldiak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak