Eka 30 05

Bigarren jatorriko makinizkribua

Orain 15 urte, 1990eko ekainaren 25ean hil zen Manuel de Pedrolo idazle katalana. 1915ean L’Aranyon jaioa, Bartzelonara jo zuen gaztetan, eta CNT sindikatuan militante jardun. 36ko gerra galduta, kontzentrazio-eremutik irten eta gero hainbat lanbide izan zituen, idazle bizitzen aritu zen arte. Antzezlanak eta eleberriak idatzi zituen batik bat, gai-eremu oso difenreteak landuz: kronika, zientzia fikzioa, eleberri beltza… Kataluniako literaturako izen garrantzitsua, 1985ean ekarri zuen euskarara Jokin Lasak: Bigarren jatorriko makinizkribua argitaratu zuen Elkar argitaletxeak. Osorik eskaintzen dizuegu.

Eka 28 05

E.M. Cioran: desesperazioaren esteta, zibilizazioaren hobiratzailea

Duela hamar urte hil zen Cioran, gizakiaren alde basatienak laudatu zituen idazle suntsitzailea. Rasinarin (Errumania) jaio zen 1911n. Filosofia ikasi zuen, Bukaresten. Irakaslea izan zen han urte batzuetan, bere haurtzaroko Austrohungariar Inperioko hondarretan, eta gaztaroko Errumania hotz horretan. Parisera joan zen, beka batekin tesia idaztera. Lehen urtean Frantzia zeharkatu zuen bizikletan. Ikusi nahi zuen, bizitza.

Eka 28 05

Maria do Cebreiro: “Batzuetan ahaztu egiten zaigu antologia guztiak ideologia fabrikak direla”

Hiztun ona da, eta badaki arrazoitzen Maria do Cebreiro Rabadek (Santiago, 1976). Hitzei beldurrik ez diela mintzo da. Idatzi ere antzera egiten du. Poema liburuak eta saiakerak kaleratu izan ditu orain arte. O barrio das chinesas (2005) poema bilduma du azken lana. Duintasun kolektiboa zein indibiduala aldarrikatzen ditu. “Egunero bizitzera behartzen nauen egoerak lotsa ematen dit; duintasun ezaren sentimendua eragiten dit”, dio.

Eka 23 05

Jean Paul Sartreren mendeurrena

1905eko ekainaren 21ean jaio zen Jean Paul Sartre, duela 100 urte. Pentsalaria, idazlea, aktibista… XX. mendea ulertzeko pertsonaia klabeetako bat dugu. Euskal Herriarekin izan zuen harremanik eta eraginik, eta Literatur Emailu honetara ekarri nahi izan dugu. Markos Zapiainek artikulu bat idatzi du, M’ongoloon malura, eta horretaz gain Gisele Halimiren Burgosko Auzia liburuari Jean Paul Sartrek egindako hitzaurrea euskaratu du. Jarri dugu, baita ere, hitzaurre horixe, Txillardegik 1971n euskaratua, ETAren Zutik aldizkarian kaleratu zena. Eta horiez gain bere literatur lanak: Paretaren kontra narrazioa, Mikel Lasak euskaratua eta Nekrassov antzezlana, Xabier Olarrak itzulia. Eta beste zenbait kontu ere, guztiak Jean Paul Sartreri buruzko gune berezian.

Eka 21 05

Francisco Urondo: “Ez da aringarririk izango erortzen zaren egunean”

Eta jada 29 urte hil zutela. Ekainaren 17 batean, duela ia hiru hamarkada. Oraindik gogoan dute argentinarrek. Argentinar batzuek. Walshekin eskuz esku aritutakoa, Gelmanekin, Federico Luppirekin. Hitz justuaren bila ibili zena, eta hitz justua bilatzeko gizartea irauli nahi zuena. Larrabetzuko Literatur Eskolan aztertu zuten Urondoren bizitza eta obra iragan kurtsoan. Poesian lortu zuen gailurra, baina ipuinak, antzerkia, kazetaritza, testigantzak eta gidoiak ere idatzi zituen.

Eka 16 05

Gotzon Barandiaranen Arrakalak

2004ko udazkenean kaleratu zuen Gotzon Barandiaranek bere lehen poema liburua, Arrakalak. Liburua itxi zuen, baina arrakalek izan zuten segida. Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak errezitaldia aurkeztu eta egin du hainbat tokitan, eta egiten dihardu. Hurrengoa ekainaren 25ean, Lesakan. Liburuko poemak errezitatzeaz gain, musika ere egiten dute eta poemen gainean egindako   animazioak ikus daitezke. Arrakala libruua osorik eskaintzen dizuegu.

Eka 16 05

Eugenio de Andraderen heriotza

2005eko ekainaren 13an hil da Oporton Eugenio de Andrade, XX. mendeko Portugalgo literaturako ahots inportanteenetako bat. Poeta, poesia itzultzaile eta literatur eragilea, bere poesigintza erreferentzia ezinbestekoa da Portugalen. Uraren bezpera poemarioa euskaratu zuen Maite Gonzalez Esnalek 1990ean, eta Pamielarekin kaleratu. Lehenagotik, bestalde, Joseba Sarrionandiak hiru poema euskaratu zituen eta Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan plazaratu 1985ean. Hementxe dauzkazu.

Eka 14 05

Suediak ere badu abestuko dionik

Suediak ere badu morriña edo saudadea. Eta poesia ere bai. Längtan edota trängtan esaten zaio Suediako berezko saudadeari: Malenkonia, herrimina, galduarekiko lotura; nahi bezala. Baina ia poesia guztia aritu da gai beraren inguruan, ezta? Bai, baina ez. Baditu berezko bereizgarriak suediar längtan-ak: paisaiaren deskribapena, hotza, izotza. Eta beste hainbat ezaugarri gehiago, Suediakoak, eta mundukoak.

Eka 09 05

Frantzisko Lopez Alen eta Ramon Illarramendi euskaraz.net-en

Euskaraz.netek Frantzisko Lopez Alen, Donostiako idazlearen, eta Udal Liburutegiko nahiz Euskal Erria aldizkariko zuzendari izandakoaren Josetxo olerki liburua jarri du Liburutegi Digitalak atalean. Lopez Alenek bat batean galdutako semearen oroimen samina agertzen digu olerki hauetan. Ramon Illarramendi antzerki gilearen – Iztundek 1924an antzestu zuen “Bateko Urrea”ren egilea – zenbait antzezlan ere jarri ditu euskaraz.net-ek sarean: Bateko urrea, Tomax Iñaxio Donostian, Josepe albaiteroa, Artzain Pillipe eta Testimonio faltsua.

Eka 09 05

Orixeren poemak

Idazle handi eta literatur eragile handiagoa da, seguruenik, Nikolas Ormaetxea Orixe. Idatzi zituenenegatik ez ezik bere garaiko idazle eta kultur eragileengan izan zuen itzalagatik. Pizkunde garaiko protagonista, Euskal Olerkiak eta Barne muinetan 30eko hamarkadan argitara emana, poesiaren alorrean Euskaldunak lan eskerga ere plazaratu zuen. Itzultzaile, kronikagile, saiogile eta nobelista ere izan zen. XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman Susa argitaletxeak bere poemen antologia bildu zuen.

Eka 07 05

Batya Gur: Israelen utopiaren porrota

Batya Gur hil da, Israelgo idazle handienetakoa. Hango Agatha Christie zela zioten, beste inorekin parekatu ez zutelako. Hedabideetan lekurik ez duen herria erakusten dute haren liburuek. Tel Aviven jaio zen. Hebraieraz sabra esaten zaie 1948an sortu Israelgo Estatuan jaioetakoei. Israel sortu baino bi urte lehenago iritsi ziren Palestinara Batya Gurren gurasoak. Holokaustotik bizirik irten ziren judu poloniarrak ziren.

Eka 07 05

Rene Char: mundua aldatu, erresistentzia eta surrealismoa

Datorren astean beteko dira 98 urte jaio zela. 1988an hil zen. Berriki, Provenzako egilearen oinarrizko antologia kaleratu du Jorge Riechmannek, Galaxia Gutenberg argitaletxearekin. Halere, Gallimard argitaletxean Bibliothèque de la Pléiade sailean kaleratu lan osoen bilduma da antologiaren erreferentzia. Aurelia Arkotxak euskaratu zituen bere poema batzuk Maiatz aldizkarian, 1988ko apirilean. Frantziako poeta handienetakoa izan zen, erresistentziakoa, mendea ulertzeko ezinbestekoa.

Eka 02 05

Jose Mendiageren poemak

Poeta eta kantugile bikaina, erbestearen ahotsa da, Pedro Mari Otañorenarekin batera, Jose Mendiage hazpandarrarena. Bere lanen biltzaile Piarres Xarritonek ikertu duenez, orain 160 urte, 1845eko apirilaren 27an jaio zen, Aldudeko herrian. 1863an Montevideora joana, Ameriketako aldizkarietan eta kultur mugimenduetan parte hartu zuen. Aldizkarietan plazaratutako bertso eta poemak, hala-nola Zazpiak bat Eskualdun kantuak liburu kolektiboan argitaratutakoak bildu zituen Piarres Xarritonek Jose Mendiague (1845-1937). Haren bizi eta haren kantuak liburuan, eta plazaratu 1992an. Mendiageren lanez gain, eta haren gaineko hitzaurre eta oharrekin, berari bidali eta berataz idatzitako beste zenbait bertso eta kantu ere jaso zituen Xarritonek. Osorik eskaintzen dizugu orain liburua.

Eka 02 05

Don Kixote Gabriel Arestiren arabera

Gabriel Arestik Don Kixote Mantxakoa eleberriko lehen zortzi kapituluak euskaratu zituen 1969an, eta lehen aldiz 1986an argitaratu zituen Susak Arestiren lan guztien bilduman, Natxo de Felipe eta Begoña Prietori esker. Jatorrizkoan lehen bi kapituluak makinaz jota daude, eta hurrengo seiak eskuz idatziak. Gabriel Arestikekainaren 5ean 30 urte hil zela— zazpigarren kapituluan data eta ordua paratu zituen: 1969ko apirilaren 14an, 23:30etan. Gaur egungo grafiara aldaturik ekarri ditugu orain zortzi kapitulu horiek.

Eka 02 05

Juan San Martin hil da

Hainbat eremu eta lan-arlotan jardundakoa izan dugu Juan San Martin, 2005eko maiatzaren 30ean hil dena. Idazle anitza, literatur aldizkarietan hasi eta hantxe eman zituen argitara hainbat lan, batez ere Euzko Gogoa, Olerti eta Egan-en. Hantxe plazaratu zituen 100etik gora poema eta hainbat itzulpen-lan, gehienak Interneten irakurgarri daudenak. Literatur aldizkarietan egin zuen lanaren aurkezpentxo bat egin nahi izan dugu eibartarraren omenez.

Agenda

Efemerideak

Kritikak