Ira
12
24
Joan den abuztuaren 12an 100 urte beteko zituzkeen Xabier Gereñok. Lehenagotik ere narrazio eta nobelak idatzitakoa, online daukagun Hiltzaile baten bila eleberriarekin, 1975ean, abiapuntua jarri zion gure literatura industrialari, genero beltzean, Jurgi kapitainaren abenturekin. Liburu xaloak, ez edukian ez idazkeran tolesturarik daukatenak, 30etik gora idatzi zituen 1990era bitarte. 1977an argitaratutako Espioitza, Gudari bat eta Iruneako asasinatzea ere irakurgai dauzkazu, eta baita Estalki zuriaren misterioa ipuina ere. XXI. mendean antzerki-lanak idazteari berrekin zion —80etako hasierakoak baditu batzuk—, testu mordoa osatuz (eta taularatuz azken urteetan bizi izan zen egoitzan). Ganbila.eus-en daukazu haietarik bat: Euskal ikastola.
Eka
18
24
Euskal idazle gutxi dira beren ibilbidea ia osorik teatroa idazteari eskaini diotenak, eta horietakoa dugu Pablo Barrio. Ganbila bildumaren baitan argitaratu berri, itxuraz galduta eta alderrai dabiltzan pertsonaiak batzen dira 2074 antzezlanean. Agertokiaren erdian itxuraz noraezean eta umezurtz, etengabe galderak pausatzen dizkigute pertsonaiok. Umorez, antzerkiarekiko pasioz eta kritika sozialez lepo dagoen testua uzten dugu orain irakurle zein antzerkigileen esku, bertako pertsonaien bizi-dardara kutsatzeko prest.
Eka
17
24
Mikel Ayllon eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren eskutik, gerra gai bezala hartzen duen ezohiko triptiko bat dakarkigu Ganbila bildumak oraingoan. Antzezlan itxurako hiru bala dira triptiko horren osagaiak: Bunker, Hau ez da gerra bat eta Hau gerra bat da. Hiru bala hauek leku berean dute abiapuntua, eta hirurak dira lan gordin, zuzen eta gupidarik gabeak. Haien arteko loturak eta oihartzunak topatuko ditu irakurleak, ikerketa bide beraren zati diren heinean. Gerraz ari dira, baina funtsean, jendarte, bikote, bidaide egiten eta desegiten gaituzten harremanez ere bai. Adierazgarria da hitzaurrea bera, aurkezpen izaera gainditu eta gogoeta bide kritiko bat oparitzen diguna.
Mar
15
24
EHAZEk eta Susa argitaletxeak elkarlanean sustaturiko ganbila.eus berrituta dator eta euskal antzerkigintzaren datu-base zabalena da. 167 obra jasoak zeuzkan orain arte —testua online—, ikuskizunetako hainbat bideo, eta 1.000tik gora artikuluko hemeroteka oso aberats bat. Hiru atal emendatu zaizkio guneari, eta ez nolanahikoak: egileak, konpainiak eta estreinaldiak. 338 egile, 69 konpainia eta 1.155 estreinaldiren fitxak aurki daitezke une honetan. Gordailua osatzen duten atalez gain, astero sortzen den informazio eta edukiekin berritzen direnak ere badirenez, gaur egungo euskarazko antzerkigintzaren erreferentziazko gunea izango da ganbila.eus gunea.
Ots
20
24
Kritikak ez zuen Sarah Kane egilearen lana aintzat hartu, Zartatua-ren 1995eko estreinalditik hamar urtera Harold Pinter eta Edward Bond-ek miresmena aitortu zioten arte. Momentu horretatik aurrera, Thatcher Belaunaldiko sortzaileen artean egile garrantzitsuena iritzirik, Europan zehar maiz oholtzaratzen zen —eta den— lana dugu Kanerena. 1996. urtean Fedraren maitasuna (Phaedra’s Love) zuzendu eta handik hiru urtera Garbituak (Cleansed) eta Grina (Crave) estreinatu zituen. Azken testua, 4.48 Psikosia, duela 25 urte, 1999ko otsailaren 20an bere buruaz beste egin ondoren antzeztu zuten. Ganbila bilduman kaleratu zituen Susa argitaletxeak Zartatua eta 4.48 Psikosia obrak, Arantzazu Fernandezek euskaratuak.
Abe
19
23
Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan I eta II liburuek diptiko bat osatzen dute. Lehenengo liburuak Bitakora koadernoa azpi-izenburua du eta Lipusek bere ibilbide osoari errepasoa eman dio bertan. Narrazio autobiografiko bat erabili du horretarako. Estilo arin eta gertukoan idatzia, Lipusen oroitzapenen bidetik euskal antzerkiaren historia zatiak irakurri ahal izango ditugu bertan. Bigarren liburuak Artedrama baten bila azpi-izenburua du eta liburu bikoitz bat da. Hain zuzen, Lipusek bere ibilbidean gakoak izan diren idazkiak bildu ditu liburuan: batetik, Antzerkiola Imaginarioaren garaietatik honaino idatzitako artikuluen antologia. Bestetik, bere antzerkia ulertzeko moduaren azalpena. Horretarako, kontzeptuen, ideien eta erreferentzien glosario pertsonal bat egin du antzerkigileak. Osorik irakur daitezke sarean.
Abe
06
23
Durangoko Azokan, Barrenkaleko ertzean topatuko dituzue aurten ere Susa literatura argitaletxeko liburuak. Abenduaren 6an (asteazkena) hasi eta abenduaren 10era (igandea) bitarte, aurtengo nobedadeak, azken urteetako liburuak, idazleak eta lagunak bertan izango gara, irakurleekin tarte bat hartu, eta literaturaz gozatzen saiatzeko.
Aurtengo nobedadeak
Lau narratiba liburu plazaratu ditu aurten Susak: Udaberrian Argialdiak Miriam Lukiren eskutik, eta udazkenean Juan Luis Zabalaren Dimisioa, Jon Alonsok Carvalho Euskadin, eta Lide Hernando Muñoz egilearen lehen nobela: Izotz ura.
Poesia sailean, hiru liburu argitaratu ditu Susak aurten. Fast fatum Libe Goitiaren lehen lana, Iñaki Irazuren Zakurrak zaunka eta Harkaitz Canoren azkena Ulu egiteko bolondres bila.
Jon Urzelaik, Euskal Herriko musika jaialdiak aztertzen dituen Su festak saiakera ondu zuen 2023ko udaberrirako.
Munduko Poesia Kaierak, Ganbila eta Lisipe
Narratiba eta poesia betiko sailez gain, azken urteotan proiektu eta ildo berriak ere jorratzen ari gara Susa argitaletxean. Munduko Poesia Kaierak bilduman aurten Bertolt Brecht, Mario Benedetti, Philip Larkin eta Pier Paolo Pasolini ekarri dituzte euskarara Irati Majuelo, Inma Errea, Juanjo Olasagarre eta Irene Hurtado de Saratxok.
Ganbila antzerki testuen bilduman berriz, udaberrian Hildako haurra eta Ura jaten plazaratu zituzten Gotzon Barandiaran eta Maddi Goikoetxeak, eta neguko irakurraldiak astinduko ditu Ander Lipusek Antzerkiaren labirintoan bi liburuekin.
Lisipe bilduma eta ildo feministan, Erresistentziarako gorputzak: bollerak gogoeta sortu du Eva Perez-Ponsek.
Eka
28
23
Duela mende bete, 1923ko ekainaren 24an hil zen Edith Sodergran. Suedierazko literaturari eta poesiari astindua ekarri zien bere poemetako haize berriak eta, oso gazte hil izanagatik, erreferentzia handia bilakatu zen bere herrialdean—finlandiarra zen, suediar hiztuna— eta oro har Eskandinabian. Euskaraz presentzia bitxia du Edith Sodergranek: Jon Gerediagak protagonista nagusi bilakatu zuen —izenez aipatu gabe ere— Dama antzezlanean (Susa, Ganbila bilduma, 2021), pertsonaia baten hitzetan idazlearen poemak txertatuz. Eta beraz, antzezlaneko testuan haren hitzak irakur daitezke. Horretaz gain, hamaika poema euskaratuak ditu Gerediagak, hemen eskaintzen ditugunak (Finlandiako literaturari eskainitako Hegats 42.ean Teodoro Sorrondegik itzulitako poema barne).
Eka
20
23
Gotzon Barandiaranek idatzitako Hildako haurra eta Maddi Goikoetxea Juanenaren Ura jaten antzerki lanak aurkeztuko ditu Ganbila bildumak ekainaren 20an (asteartea) 12:00etan Donostiako Liburutegi Nagusi zaharrean.
Eka
19
23
Bi obra dira Gotzon Barandiaranek Hildako haurra liburuan bildu dituenak, Hildako haurra, orain arte antzeztu gabekoa, eta Besaulkiak, Abarka antzerki taldeak oholtzara eramana, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Ganbila bildumako 20. titulua da, eta autoreak batean zein bestean botere mota ezberdinekiko dialogoa edo, zehazkiago, etengabeko talka aurkeztu digu. Hizkuntza landu batez oholtzaren kodeetara moldatutako testuak bi-biak.
Ots
10
23
1898ko ostailaren 10ean jaio zen Augsburgen Bertolt Brecht. Idazle eta ekintzaile konprometitua, eta jazarria, bere poema eta kantuak herri askotara iritsi dira, hainbat hizkuntzarara, tartean euskara, Juan San Martin, Joseba Sarrionandia, Joxerra Gartzia, Harkaitz Cano, Xabier Montoia… bitarte. Laster kaleratuko du Susa argitaletxeak, Munduko Poesia Kaierak bilduman, haren poemen antologia, Irati Majuelo Itoizek itzuli eta atondua. Antzerki alorrekoa izan zen, orobat, Bertolt Brechten bizi- eta literatura-jardunaren eremu inportantea. Egile bezala, batez ere, baina baita bultzagile gisa, nazismoak erbesteratu aurreko urteetako Alemania sozialki borborkari hartan. Eta euskaraz ere badira haren antzerki obrak, zazpi (obra baten bi bertsio daude), irakurgai jarri ditugunak ganbila.eus euskal antzerkiaren atarian. Obren euskaratzaileen zerrrenda ere ez da nolanahikoa: Antonio Maria Labaien, Daniel Landart, Mario Onaindia, Miren Billelabeitia eta Itxaro Borda. Hementxe lanok, gozagarri: Kaukasiar kreazko borobila; Galileoren bizitza; Bai esalea, Ez esalea; Amaren armak; Hirugarren Reicharen izu eta miseriak; Ama Carrarren fusilak eta Horazioarrak eta kuriazioarrak.
Abe
15
22
Bi titulu berrirekin dator Susa argitaletxearen eta EHAZEren Ganbila bilduma: Esperoan eta Album. Askoren arteko lana da lehena, antzerkiaren tradiziorik berrienak euskal teatro garaikidearekin harremanetan jartzeko nahia duena. Samuel Becketten Godoten esperoan lan ezagunak euskal teatrogintzan izan duen eraginaz eta harremanaz gogoeta egin dute Beñat Sarasola, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillanek. Horretaz gain, obra horren itzala nabaria den Samara Velteren Eta Karmele? Eta Karlos Linazasororen Godotekin solasean ere bildu ditu Esperoanek. Bigarrena, berriz, ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat: Formol Laborategiaren lehen Albuma da. Gazteei eta millenialei buruz hainbeste hitz egiten den garaiotan, belaunaldi berriek badaukate zer esanik, haiek nor diren eta haietaz zer espero den. Haien kaiolara sartzeko gonbidapena da, gonbidapen errefusaezina.
Abe
06
22
Antzerkiaren tradiziorik berrienak euskal teatro garaikidearekin harremanetan jartzeko nahia da Esperoan, Ganbila bildumako azken alea. Godoten esperoan eta, oro har, Samuel Becketten itzalarekin elkarrizketan jartzea euskal eszena garaikidea. Becketten obra ezagunak ez du ezagutu euskarazko taularatzerik, baina haren eragina beste obra askotan suma daiteke. Horren adibide izan daitezke liburu honetara ekarritako Samara Velteren Eta Karmele? eta Karlos Linazasororen Godotekin solasean antzezlanak. Eragin horrek merezi zuen azterketa sakonagorik, begirada poliedrikoagorik, eta zeregin horretara gonbidatuak izan dira liburuko beste artikuluen egileak: Beñat Sarasola, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillan.
Abe
05
22
Asko hitz egiten da gazteez, gutxi hitz egiten dute gazteek. Izan ere, haustura dialogoa baita. Kasu honetan, hitza hartu du belaunaldi berri batek, teatroaren barrunbeetatik. Aurreko belaunaldientzat, kasu askotan, talka suposatu du Album ikusteak: millennial deituriko belaunaldiaren zeinuak hartu, erabili, ironizatu, autoironizatu eta gorputz eszeniko bilakatu dituen proiektua da honakoa, adin aurreteknologikoetan hanka bat daukatenen belaunaldientzat ulertzen zaila den estetika. Heldu da Ganbila bildumaren udazkeneko uzta, eta lehen ale honetan Formol Laborategikoen lana irakur dezakezue, liburu formatura egokituta.
Eka
08
22
Ganbilaren ohiko irakurleak badaki, edizio proiektu honen hastapenetatik bertatik euskal antzerkigintzaren aniztasuna islatu nahi zuela bilduman. Eta bi liburu berri plazaratu ditu Ganbila bildumak.
Erradikalak
Erradikalak ikuskizunak formatu txikiko gisako pieza bezala deskriba daitezke. Eszenografia xumeak ahalbideratzen zuen antzezlanaren eramangarritasuna, eta, horregatik, okupatu zitzaketen plazak mota guztietakoak izan zitezkeen. Hortaz, Labaka eta Egizabalen diskurtsoa, beste toki batzuen artean, herriko plazetako aire zabalean zein kultur etxeetako lokaletan aditu da. Erradikalak lan hibrido moduan sailkatzea ere badago bertsogintza eta clown mundutik eraikita dagoelako.
Soka
Soka ez da teatro dokumentala, ez periodistikoa, ezta aitortzakoa ere. Ordea, jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Egileak berak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez, hitz egiten du obra honek. Bertolt Brecht-ek egiten zuen antzera, gai bat paratuko digu begien aurrean, distantzia hartuko dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan irakurleok gure istorioa idatz dezagun.
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Susa literatura argitaletxeak batera sortutako bilduma da Ganbila. Eta orain antzerki testuak, kritiak eta ikusentzunezkoak batzen dituen webgunea ere abiatu dugu sarean. 153 teatro lan batu dira orain arte, egilez, urtez eta izenburuz sailkatuak. Halaber, teatro kritiken hemeroteka bat ere badauka Ganbila.eus atariak eta 224 artikulu daude bilduta. Teatroari lotutako ikusentzunezkoak atalean, 31 bideo daude ikusgai.