Api 29 07

Gernikako bonbardaketa: Eta idatziko dute

Kronikatik eta fikziotik, Euskal Herritik bertatik eta atzerritik abiatuta, Gernikako bonbardaketak literaturaren arbuioa ere izan du 70 urteotan.

Api 29 07

Bide barrijak
eta polemika zaharrak

Gerraurreko literatur kritika

La Petite Gironde aldizkariko George Berniard kazetariari Gernika sarraskitu berria erakustera joana, 1937ko apirilaren 29an atxilotu zuten Esteban Urkiaga Lauaxeta, orain 70 urte. Euzko Gudarosteko komandantea, EAJren militante aritua, Eguna egunkariko erredaktorea, olerkari ezaguna zen Lauaxeta 1937an. Eta horretan eragin nagusia izan zuen, duda barik, 1931ko udazkenean argitaratu zuen lanak, Bide barrijak olerki liburuak. Liburu horretan kaleratu zen Maitale kutuna poemagatik lehendik ere ezaguna —1930eko Errenteriako Olerti Egunean garaile suertatu zen poema—, astinaldi ederra ekarri zion Bide barrijak liburuaren argitalpenak euskal kultura eta, bereziki, literatur munduari. Izenburutik beretik proposamen argia zekarren liburuak, fundazionala izateko asmoa zuen sortze beretik, euskal poemagintzara ekarri nahi izan baitzituen gure literaturak artean oso juxtuan ezagutzen zituen forma eta edukiak, eta euskara bera ere molde berrietara egokitzeko ahalegina zekarren. 1931ko azaroan Verdes Atxirika inprimategian argitaratua, segidan kritika-soka luze, zalapartatsu eta emankorra ekarri zuen —hemen eskaintzen dizugu—, 1932. urteko uda arte iraun zuena. (gehiago…)

Api 26 07

Gernika gogoan

“Gernika, orrialdeotan boza eta garraisia ipini dugun guztiok ez ginen han izan; ezta Durangon ez eta Bilbon; halaber, ez genuen denok ezagutu frenteko trintxeretako berunen odola; etxetako sua eta gaziaren oinazea. Hala eta guztiz ere memoriaren zauritik isuritako testigantza baino gehiago da hogeigarren zenbaki honekin dakarguna” idatzita aurkeztu zuten 1987an Susa aldizkariaren 20. zenbakia. Gernika hartu zuten idazteko arrazoi hainbat idazlek. 50 urte betetzen ziren 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutenetik. Poemak, narrazioak, antzerkia, euskarara ekarritako testuak bildu zituzten orduan, Susa inguruko 20 firma ezberdinek. Sarean osorik irakurriko dituzu ordukoak.

Api 26 07

Gernika aldizkaria

Gernika aldizkariaren sorrera 1943ko udan abiatzen da, Gernikan egindako bilera batekin. Bi urte geroago, Rafael Pikabea “Alzibar” (El Día egunkariaren sortzaileetarik) gidari zela, Donibane Lohizuneko bere etxean kultur elkarte bat sortu zuten (Instituto Vasco de Extensión Cultural Gernika) 1945eko apirilaren 26an, Gernikaren bonbaketaren zortzigarren urteurrenean. Urte bereko urrian argitaratu zuten Gernika aldizkariaren lehen zenbakia Donibane Lohizunen, Rafael Pikabearen sarrera hitz hauekin: “Eup, jaunak! Emen gera gu ere (…) Zeiñ geran? (…) Azkeneko gerratian itxetik kanpora bialiak. Zer nai degun? Irakurri gure esanak, eta laister jakingo dizute nora guazen (…) Atozte bada Alkartuta, danak batian, bultza dezagun gora gure aberri maitia“. Ale horretan, besteak beste, artikulu hauek ageri dira: Joxe Eizagirreren “Gernica…!“, Orixeren “El genio de un Pueblo“, Isidoro Fagoagaren “La música floklórica”.
Isidoro Fagoaga zuzendaria Ameriketara joatearekin, Buenos Airesera aldatu zen Gernika 1951. urtean (16. zenbakia, uztaila-iraila). Gogoangarria da, adibidez, 1953ko apiril-ekaineko alea (23.a); Andima Ibinagabeitiak otsailean Jon Miranderi (hogeitasei urteko gazteari) Parisen egindako elkarrizketa bat dakar, “Olerkariarenean” izenburupean; eta ale berean argitaratu zen Jon Miranderen “Euskaldungoaren etsaiak” artikulua, eskandalua piztu omen zuena eta, diotenez, Gernika aldizkariaren itzaltzea eragin.
Gernika aldizkariak 25 zenbaki eman zituen, idazle ezagun askoren lanez: Orixe, Xabier Iratzeder, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Andima Ibinagabeitia, Pierre Lafitte, Jokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Ixaka Lopez Mendizabal, Errose Bustintza, Luis Villasante, Joxe Migel Barandiaran, Isidoro Fagoaga, Dominique Dufau, Etienne Salaberri, Txomin Peillen, Oxobi, Marc Legasse, Mixel Etxeberri, Miguel Astiz, René Lafon, Sebero Altube, Justo Garate, Juan Thalamas, Norbert Tauer, Antonio Maria Labaien, Jon Bilbao, Jon Etxaide…

Api 25 07

Alfonso Maria Zabala, umorezko antzerkiaren beste adibidea

XX. mende hasierako antzerkigileen artean Alfonso Maria Zabala bada nor. Dozena erdi bat lan idatzi zituen 1911tik 1919ra, komedia arin estilokoak batik bat. Horietako batzuk eskaintzen dizkizu gaur Klasikoen Gordailuak: Periyaren zalapartak (1911) eta Melitonaren bi senarrak komediak (1918), Jauregi errotako astoa (1912) bakarrizketa, eta Urruti-izketa (1918) izenekoa, telefonoaren asmakizunaren inguruan. Azken hamabost urteetan Hernaniko erretore, pentsamendu politikoz integrista zen, eta talde horretako gazteek joka zitzaten idatzi zituen antzezlan ia guztiak. Narrazioak eta dibulgazio lanak ere idatzi zituen, eta horien bilduma egin zuen Antonio Zabalak Auspoa bilduman: Gabon zar bat eta beste ipui asko.

Api 25 07

Jon Arano Bileterik gabe

Bileterik gabe poemarioarekin plazaratu zen 1985ean Jon Mikel Arano. Bileterik gabe, apika, baina esateko gauza askorekin. Ahots indartsua, sujerentea, freskoa zekarren, Malezia sorta (Susa, 1990) bere poema liburuetan berretsi zuena. “Heriotza baina harago/ sugeak bizirik dirau / nerbioak esnatzen zaizkio, / era honetara, ez alferrik!, / maite zaitut gogoan ez / zaitudanean ere, / idazten dizut zoritxarreko, / ezin lortu askamina.” Zoritxarrez ez, zorionez idatzi idazten du. Irakur ezazu Bileterik gabe.

Api 22 07

Alex Robinson: Super-eroriak

Nobela grafikoaren alorrean azken urteotan nabarmendu den sortzaile garrantzitsuenetakoa da Alex Robinson (New York, AEB, 1969). Bere pertsonaiek arrakasta dute helburu, baina gutxi dute super heroitik.

Api 19 07

Kaxa huts bat, Beñat Sarasola

Zolitasun eta indar espresibo berezia dute Beñat Sarasolaren poemek. Ozar eta jostaria batzuetan, arraitasun sotilekoa besteetan, kitzikaria gehienetan. Kaxa huts bat du izenburua Beñat Sarasolaren (1984, Donostia) lehen liburuak, eta Xabier Gantzarain lagun duela aurkeztuko du bihar apirilak 20 (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Kaxa ziztrin batean kabitzen ahal diren gauza eta auzien bilduma erakutsi digu, ironiaz eta zirtoz gerturik.

Api 15 07

Sandro Penna: Amodioaren poeta

Iheskor eta sinplea: bere poesia. Bizi poza eta malenkonia: bere poesian. Biak ala biak uztartzen dira Sandro Pennaren (Perugia, Italia, 1906-Erroma, 1977) poema laburretan. Hil zela hiru hamarkada bete direnean, Lumen argitaletxeak “Croce e delizia” eta “Stranezze” argitaratu ditu, gaztelaniaz, bilduma bakar batean.

Api 11 07

Jacques Prevert hil zela 30 urte

Duela 30 urte, 1977ko apirilaren 11n, hil zen Jacques Prevert, XX. mendeko Frantziako idazle handietarik bat. Surrealisten mugimenduan aritua, Raymond Queneau, Louis Aragon, Yves Tanguy eta Marcel Duhamelekin, haiengandik urrundu eta antzerki eta zinemagintzan jardun zuen. Paroles bere lanak literatur mundua astindu zuen. Herri hizkerara hurbildutako poemak, irudi eta umore surrealistak, eta hitz jokoak… Poetaz gain, gidoigilea ere izan zen, eta hala filmetarako nola antzerki taldeentzat gidoigile eta eszenografo lanak ere egin zituen. Frantziako XX. mendeko kantaririk esanguratsuenek, bestalde, abestu dituzte bere kantu eta poemak. Ez da maizegi euskaratu haren poesia; argitaratu ez, bederen. Kantagintzarekin lotuta ageri zaigu pare bat aldiz: Julen Lekuonak Hosto hilak ospetsua euskaratu zuen, eta berriki Joseba Tapiak argitaratu du Koldo Izagirrek euskaratutako Umearen ehiza kantua. Horrez gain, Maiatz aldizkarian agertu ziren Maitasun hau poema, Mayak itzulia, eta Afusilatua, Joseba Sarrionandiak euskaratua. 1990ean, berriz, bere hiru haur poemen zatiak (Ogia, Xoria eta haurra, Ttitta-Purra) kaleratu zituen Herria aldizkariak. Hemen dituzu denak. (gehiago…)

Api 11 07

Omar Nabarroren Egutegi esperimentala

Omar Nabarroren bigarren poema-liburua, Egutegi esperimentala, konfirmazio bat da. Bere ez-kristautasunetik, literatura eta poesiaren fedean “konfirmatzen” baita Omar Nabarro, poema liburu bikain honekin. Susa argitaletxearekin 1986an kaleratua, sarreran egileak berak dioena adierazpen nahikoa da: “Idatzitako edozertan datza mezu ideologikoa. Poemotan baita. Askok, ostera, ukatu egiten du egia hain sinplea. Poema “zuzenki” politikoa denean “politikotzat” jo eta estigmatizatu egiten dute. “Zuzenki” politikoa ez denean, orduantxe ei da “ez politikoa” eta, beraz, artistikoagoa edo literarioagoa. Kakazaharra!“. Murgil zaitez Egutegi esperimentala honetan.

Api 08 07

Samuel Beckett: “Bizi guztian ergelkeria berberak”

Duela 50 urte taularatu zen lehenengoz Samuel Becketten “Fin de partie” antzerki lana, eta Parisko Pompidou zentroak Becketten lanei eta eraginei buruzko erakusketa antolatu du.

Api 04 07

Aitxus Iñarraren Hirustea

Hitzez, hotsez, /egunerokotasuna / disfrazatu behar dugu. / Hitzez, hotsez, / mediokritatea ahazteko“. Hitzez eta hotsez betea dago Hirustea (Susa, 1986), Aitxus Iñarraren poema liburua. Baina inola ere ez mediokritatez. Egunerokoaz bai, eta egunerokoa ez ezik betierekoa ere badiren hirustaren hiru hostoen isletatik: heriotza, bizitza, amodioa. Poema motzetan, hitz justuez —zehatzez, alegia— mugitzen da Iñarra sentimenduen zelaian. Osorik irakur dezakezu Hirustea.

Api 03 07

Etienne Decrepten operak

Oholtzarako lanekin dator, oraingoan ere, Klasikoen Gordailua: Etienne Decrept baionesaren Maitena, Amatxi eta Semetxia obrekin. Decrepti buruzko aurkezpen-artikulu ederra idatzia duen Joxemiel Bidadorrek dioenez, “euskal operaren barruan lehenbiziko urratsak eman zituztenen artean, zalantzarik gabe, Etienne Decrept geneukake, nahiz, bati baino gehiagori, operagile baino, idazle soila iduri”. Baionan jaioa 1868ko azaroaren 1ean, margolari eta dekoratzaile aritu zen, lanbidez, bizilekua Bidarten izan zuen Decreptek. 1938ko maiatzaren 8an hil zen, Baionan, Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakari izandakoa, Charles Colin musikariarekin batera euskal operaren hastapenak ezarri zituen idazlea.
(gehiago…)

Api 01 07

Euskal Esnalearen mendeurrena

Gaur ehun urte sortu zen Euskal Esnalea bazkuna, 1907ko apirilaren lehenean. Bazkunak, 1908an, Arturo Kanpion zuzendari eta Gregorio Mujika arduradun zituela, izen bereko aldizkaria kaleratu zuen. Garai hartako idazle garrantzitsuenetako zenbaitek “Euskal Esnalea”-n argitaratu zituzten euren lanak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak