Abu 30 11

Gautier jaio zela 200 urte

Gerard de Nervalen adiskide Theophile Gautier duela 200 urte jaio zen, 1811ko abuztuaren 30ean. Victor Hugoren defentsan jardun zuen Hernaniren Batailan. Balzacek lana lortu zion La Chronique de Paris egunkarian. Sainte-Beuve-ren ustez zutabegilerik onena izan zen. Arte Ederren Elkarteko lehendakari egin zuten. Haxix Zaleen Klubeko kidea zen Charles Baudelairerekin batera, eta Parnasse mugimendu poetikoa abiarazi zuen. Mademoiselle de Maupin (1835) eta Le Capitaine Fracasse (1863) nobelak dira Gautierren ezagunenak, baina euskaraz Onofre, gizon amorrazia kontakizuna (1832) besterik ez daukagu, Gerardo Markuletak itzulia, orain osorik sarean eskaintzen dizuguna.

Abu 21 11

Izagirreren nobela bat italieraz

Koldo Izagirrek 1998an argitaratutako Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelaren italierazko itzulpena igorri digu Roberta Gozzik: Anch’io avrei gridato: “Germinale!”, osorik sarean eskaintzen dizuguna. 1897ko abuztuaren 20an Bergarako kartzelan hil zuten Michele Angiolillo anarkista da eleberriko protagonista nagusietako bat, jendaurrean garrotez exekutatu aurretik Germinal! aldarrikatu zuena.

Abu 16 11

Poeta New Yorken

Duela 75 urte, faxistek 36ko Gerra abiarazi zutenean, Federico Garcia Lorca idazle espainiarra Madrildik Granadara joana zen opor egun batzuk gurasoekin igarotzera. Primo de Rivera falangistaren adiskidea izan baitzen (ostiraletan elkarrekin afaltzen omen zuten, Gabriel Celayak kontatu zuenez), hasieran ez omen zen larritu harik eta etxea miatzera joan zitzaizkion arte abuztuaren 9an. Luis Rosales poetaren etxeko ganbaran ezkutatu zen, baina 1936ko abuztuaren 16an atxilotu egin zuten eta, Manuel de Falla musikariaren erreguei jaramonik egin gabe, torturatu eta hil egin zuten abuztuaren 18 eta 19 arteko gauean. Lauaxeta, Bitoriano Gandiaga, Juan San Martin, Sabin Muniategi, Gabriel Aresti, Harkaitz Cano… izan dira Garcia Lorcaren poemen euskaratzaile, baina Juan Luis Zabalari zor diogu lan handiena: Poeta New Yorken liburu osoaren itzulpena, 2003an Erein argitaletxeak plazaratua.

Abu 09 11

Orixe hil zen duela 50 urte

Beti dantza – Pioner V. eta ni poema izan zen Nikolas Ormaetxea Orixek idatzitako azkena: “Suziri Pioner, / hi baino gehio nauk / egon eta ibil; / nire barrenean / atergabe ari / zaizkidak lau gurpil. (…) Lau hoien izenak: / adimen, nahimen, / irudi ta gale; / elkarri zirika, / maitagarri diren / gauza denen zale”. Gaur 50 urte dira Orixe hil zela, Añorgako Zabalegi etxean 1961eko abuztuaren 9an. Poema gogoangarriak utzi zizkigun, adibidez: Beti lagun, Lizardiren heriotzan; Idorreria, gerratik ihes egin ostean Gursen; edo Amate baten itzalean, Ameriketara joana zela. Gure literaturako idazle handietarik da Orixe: Santa Kruz apaiza nobela, Barne-muinetan eta Euskaldunak poemak, Kiton arrebarekin oroitzapen liburua dira bere lan nagusiak.

Abu 03 11

Alaba ongi hezia

Eugene Ionescoren antzezlan euskaratuetatik lehena Antonio Maria Labaieni zor diogu, 1964an Egan aldizkarian argitaratua: Neskatilla ezkongai. Esketx hau 1953ko abuztuaren 11n taularatu zen estreinakoz La jeune fille à marier izenburuaz Parisko Théâtre de la Huchette aretoan, eta orain teatro-testuak webgunerako digitalizatu dugu. Andre eta zaldun batek teknologia berriez eta garaiko gizarteaz solasean dihardute parke batean, harik eta obraren amaieran andrearen alaba iristen den arte.

Agenda

Efemerideak

Kritikak