maiatza 25 23

Afrikatik hitzak

Afrikaren Eguna da maiatzaren 25a. Ez dira gehiegi oraindik euskarari ekarritako egile afrikarren liburuak, tamalez, baina poema eta narrazio zenbait baditugu Euskarari Ekarriak atarian. Dataren karietara, testu horietatik bi gogorarazi nahi ditugu. Ngugi wa Thiong’o  Kenyako autorearen Aintzazko minutuak, alde batetik. Afrikako idazle handienetako bat, bertako hizkuntzen eta kulturaren aldeko hautu, aldarrikapen eta gogoeta ezinbestekoak eginak dituena. Testu horietako bat da Aintzane Ibarzabalek Bake zibila (Susa, 1989) libururako euskaratu zuena. Belaunaldi berrien erakusgarri, bigarrena: NoViolet Bulawayo zimbawetarraren Jo dugu Budapest ipuina, postkolonialismo ondorena dei dezakegunaren literatur emaitza.

maiatza 18 23

Miriam Lukiren bederatzi ipuin

Ogiaren usaina eta izuarena. Hitzen pisua eta iraganarena. Nola eraman guztiak gorputz bakarrean? Zer esan merezi izan ote duen jakin nahi duenari eta zer prestatu azkena izango den afari handirako? Noraino garen ahizpa eta zenbat gehiago iraun dezakeen ihartzen utzitako laguntasunak; zenbat trago izango ziren denera, zenbat airean kiskalitako hegazkinak. Gisa horretako galderak dabiltza Miriam Lukiren estreinako ipuin liburuko protagonisten buruetan. Maitale, lagun, senide zein klase arteko harremanen ertzak behatu ditu idazleak bederatzi kontakizun hauetan, nola, isiltzearen isiltzez, zerbait pitzatzen den azkenean eta tartetik argi-zirrinta bat sartu, joan edo geratu, ezinbestean erabaki behar ez dela ohartuz. Osorik irakur dezakezue sarean gaurtik aurrera.

maiatza 17 23

Agur, Joan Mari Irigoien

Joan Mari Irigoien hil da. 74 urte zituela, itzali da Altzako idazlearen irribarrea, eraman du heriotzak bizitzara engaiatuta bizi eta jardun izan duen laguna. XX. mendeko euskal literaturako erreferente ezinbesteko bat, narratibaren alorrean eman zituen lanik ezagunenak, 47 urteko ibilbidean obra bikain eta aberatsa osatuz. Eleberrigintza bereziki landuagatik ere, 1975ean, frankismopean artean, poesia liburua izan zen argitara eman zuen lehen lana, Hutsetik esperantzara, eta geroztik beste zazpi poemario ere argitaratu zituen. Susa argitaletxeak XX. mendeko Poesia Kaieren bilduman kaleratu zuen antologia Irigoienenen jardun lirikoaren erakusgarri aparta da. Hona bi liburuak, idazle handiari omenaldi.

maiatza 16 23

Sei erreteneko manifestua, Jon Benito

Jon Benitoren Etenari buruzko manifestu bat sei erretenetan testuak zabaldu zuen 2023ko Literaturia, 2023ko maiatzaren 5ean. Erretenetik erretenera, tarteka etenka baina et, et, et, eten barik, mintzaldi eder eta iradokitzaile batek abiatu zuen 2023ko udaberriko letren azoka, Zarautzen. Osorik edo zatika, zuk aukeratu erritmoa, eta gozatu manifestua.

maiatza 09 23

Libe Goitia Artetxeren estreinako poema liburua

Sei geltokitatik igarotzen den zeharkaldi poetikoa osatu du Libe Goitia Artetxek Fast fatum poema liburuan. Gai agorrezinen bideetatik —partitzea, hiria, maitasuna, heriotza—, geografia propio bat eraiki du, eta intuizioz zein ziurtasunez betetako lerroen artean ageri da poeta bizitzaren zantzuak haztatzen —amaren eskuak, herdoilaren edertasuna, odolezko marrazkiak—, tradizioarekin zein adierazpide garaikideenekin elkarrizketa betean. Osorik irakur dezakezue sarean.

Fast fatum - Libe Goitia Artetxe - azala

maiatza 03 23

Su festak, Euskal Herriko musika jaialdiak XXI. mendean

Musika jaialdiek Euskal Herrian izan duten egitekoa aztertu du Jon Urzelai Urbietak Su festak saiakeran, mende erdian, eremu globalean zein lokalean jazotakoak harilkatuz: Mairuelegorretako kobetatik hasi, Woodstocken errepliketatik igaro, eta Kobetamendiko zein Irisarriko zelaietara heldu. Gerraosteko kontsumo gizartearen garapena, transgresioaren lilura, gaztetasunaren asmakizuna, folklorizazioa, gentrifikazioa, urbanoa irentsi nahi duen urbanismoa, eta beste arakatu ditu Urzelai Urbietak. Walden, Martxa eta Borroka, Guggenheim. Be basque eta normaltasun simulakroak. “Marka bat eraiki nahi da, ez herri bat”, ohartarazi du. Harekin, baina, gogo kolektibo garaikidea taupaka non den ere bistaratu du, non ari den tradizioa berritzen, non komunitatea bere burua berrimajinatzen. Oro ez baita erre usaina oraino.
Osorik irakur dezakezue sarean.
Su festak - Jon Urzelai Urbieta - azala

Su festak saiakeran aurkezpenean Jon Urzelai Urbietak irakurritakoa sarean jarri dugu denon eskura.

Agenda

Efemerideak

Kritikak