maiatza 30 17

Monique Wittigen artikuluak

Lisipe bildumak hirugarren liburua argitaratu berri du, Monique Wittig (1935-2003) idazle feministak 1992an argitaratutako saiakera sorta bat: Pentsamendu heterozuzena (The Straight Mind and Other Essays), sarean osorik eskaintzen dizuguna. Teoria politikoak eta praktika sozial-pertsonalak bat egiten duten tokian, hortxe dabil Wittig; militantziaren eta aktibismoaren parte bat dira haren artikuluak. Gaztigatzen digu, erregimen politiko eta ekonomiko bat dela heterosexualitatea. Emakumea, mito gisa; Heterosexualitatea, sistema gisa; biak suntsitu nahi ditu. Ez du planteatzen sistema honetan boterea gizonen eskuetatik emakumeenetara pasatzea, ezta boterea banatzea ere, baizik eta sistema bera suntsitzea.

maiatza 22 17

Langston Hughes-en Etxea

Berrogeita hamar urte maiatzaren 22an hil zela Langston Hughes, beltzen ordezkaria izango zena Estatu Batuetako eta are munduko literaturan. Arte handiz eta espiritu zorrotzez, beltzak gizartean zeukan lekua islatu zuen ingelesez egindako literaturaren molde guztietan: nobela, ipuina, antzerkia, poesia, kantua, artikulua, hitzaldia… Lan erraldoi horren emaitza izan zen, hala berean, beltzak leku hartzea literaturan bertan, alegia, ez beltza izateagatik, bere mezuaren unibertsalagatik baizik. Leku askotan bizi izan zen eta leku asko bisitatu zituen. Nazioarteko Brigadetan ere heldu zen Espainiara, faxismoari aurre egiteko. Formakuntza handiko idazlea izan arren, bere bizipenetatik atera zuen literatura egiteko gaia. Eta bere kontzientziatik.  Etxea izeneko ipuina eskaintzen dizuegu (Home, 1933), Zuri jendearen manerak bildumatik hartua (The Ways of White Folks).

maiatza 17 17

Idazle didaktiko bat Galiziar letren egunerako

Dia das Letras Galegas izendatua dute galegoek aspalditik Maiatzaren 17a: halako egunez, 1863an, Rosalia de Castroren Cantares Gallegos argitaratu zen, Galiziako literaturaren Rexurdimento ekarri zuena, mende ilunen ondoko pizkundea, “izotz ondoko eguzkia”, Lizardiren baimenarekin. Aurten Carlos Casares idazleari eskaini diote egun hori eta urte osoa. (gehiago…)

maiatza 11 17

Hawigararen ahots berritzailea

75 urte betetzen dira maiatzaren 11n Sakutaro Hagiwara poeta handia hil zela. Gazterik hasi zen klasikoen antzera idazten eta aldizkarietan publikatzen, eta aitak espero ez bezala —ospitale baten jabe zen—, medikuntza ikasketak utzi eta literaturari atxiki zen. Aitak, ordea, beti lagundu izan zuen ekonomikoki. Horrela, Hagiwarak astiro landu ahal izan zuen bere nortasun literarioa. Eskema klasikoak utzi eta bertso librean hasi zen: bere lehen liburuek, Tsuki ni hoeru (Ilargiari zaunka, 1922) eta Aoneko (Katu urdina, 1933), bide berri bat urratu zuten Japoniako poesiaren historian, gaietan ere ekarri handia egin baizuten: izu psikikoa, tristura, maitasunik eza… Estilo zail eta ilunekotzat jo zuten adituek, baina Mori Ogari nobelagileak laudatu egin zuen, haren ahots gazte eta ausartaren garrantzia erakutsiz. Shukumei (Asturua, 1939) prosazko poema bilduman, Sakutarok gogor kritikatu zuen multzoak, gizarteak norberatasuna itotzea, Japoniako egitura sozialetan beti sakratua izan den kontua. Bost poema ekarri dizkiogu euskarari Sakutaro Hagiwara poeta iraultzailearen omenez.

maiatza 10 17

Literaturia gure isla da

Txillardegiri gorazarre egingo diote Literaturiaren bederatzigarren edizioan Zarautzen; bi erakusketa paratuko dituzte (Modelo Aretoan eta Garoa liburu-dendan) eta Elsa Scheelen nobelaren irakurketa dramatizatua eskainiko dute. Literaturia gure isla da leloarekin, maiatzaren 25ean abiatu eta 28ra bitartean egitarau zabala daukazu: azoka, errezitalak, solasaldiak eta liburu aurkezpenak. Bea Salaberrik eta Katixa Dolharek jardungo dute sarrera ekitaldian, Irati Jimenezek eta Pettik errezitaldia egingo dute, Iban Zaldua eta Miren Gorrotxategi elkarrizketatuko dituzte jendaurrean, Amagoia Gurrutxagak prestatutako ikuskaria izango da. Baita ere: ArteDramaren eskutik Hozkailua antzezlanaren estreinaldia, eta Pete Seegerren abestiak Lou Topet taldearekin.

Agenda

Efemerideak

Kritikak