Aza
14
25
Narrazio laburraren maisu izan zen Hector Munro Saki. Izuaren eta umore beltzaren erreferente, garaiko gizarte victoriarraren erretratu gordinak egin zituen bere ipuinetan. Adinagatik beharturik ez bazen ere, I. Mundu Gerrara jo zuen soldadu, eta lubakietan hil zen 1916ko azaroaren 14an, 46 urte zituela. Jon Mirandek ekarri zuen lehenik euskarara, ipuin bi (Iphuin khondatzailea, eta Leio irikia), Egan aldizkarian —Sakiren narrazio ezagunenetako bat, The Storyteller, Mikel Azurmendik berreditatu zuen Miranderena Porrot aldizkarian–. Geroztik egile ingelesaren piezak euskaratu dituzte Luigi Anselmik (Bi istorio), Joseba Sarrionandiak (Gonbidatuak), Rosa Miren Artolak (Ipuin hautatuak), Amaia Lasherasek eta Aritz Brantonek (Kontalaria/Traste-gela), eta Ana I. Moralesek (Nemesisen jaia). Gutizia bilduma bat.
Aza
07
25
Sinbolismoaren aitzindari, XIX. mendeko bigarren erdialdeko abangoardiaren idazle garrantzitsuenetakoa izan zen Auguste Villiers de L’Isle-Adam. Gaurko egunez jaioa 1838an, bere ipuin bat irakur daiteke euskaraz, Esperantzaren tortura, Juan Kruz Igerabidek euskaratua. Iñaki Aldekoa editoreak plazaratutako zortzi kontakizuneko bilduma batean argitaratu zen, Ipuin gogoangarriak (Erein, 1997), eta honetaz gain, beste egile erreferentziazkoen ipuinak ere irakur daitezke: Dickens, Mauppasant, Txekhov, London, Joyce, Borges eta Singer.
Aza
07
25
Azaroaren 9an hil zen azaroaren 7an, 63 urte lehenago, jaioa zen Cecilia Meireles poeta brasildarra. Oso umetan galdu zituen gurasoak eta gazterik hil zitzaion lehen senarra, eta zorigaitz horietan introspekziorako joera hartu zuen. Bizitzarekiko jarrera patxadakoa da bere poesiaren ezaugarri nagusia, baina oihurik eta saminik gabea, fatalismorik ez daukan igarotze batean, daukanari kantuan: “Kantari naizela dakit. Eta kantua da oro”. Koldo Izagirrek euskaratu zituen Meirelesen hamar poema.