Hirurogei urte zituela hil da, 2025eko uztailaren 29an, Xuan Bello idazle asturiarra. Hestoria Universal de Paniceiros narratiba-liburu apartak oihartzun handia eman bazion ere, batez ere poeta gisa literatur bide luzea egina zen, ordurako, Xuan Bello. Asturierazko literaturaren erreferente nagusia, berritzaile eta sustatzailea, txikitik eraikitako balio unibertsal bat galdu du literaturak. Hiru poema irakur daitezke euskaraz, Gerardo Markuletak itzuliak, Hegats aldizkarian 1994an kaleratu zirenak, hemen dakartzagunak.
45 urte, 2025eko uztailaren 25ean, Vladimir Vysotski aktore, kantari eta poeta errusiarra hil zela. Erregimen sobietarrarekiko kritikoa, boterearekiko liskarrak ez zuen galarazi arrakasta oso handia izatea Errusian, artean SESB zen herrian. Annie Etxeberrik bi kantu euskaratu zituen eta Maiatz aldizkarian eman argitara 2001ean, hemen dakartzagunak. 2021ean atzera iritsi zen gure belarrietara Vysotski, Ruper Ordorikaren Amour et Toujours diskoan Vladimirrena (Koni) abestia haren gainean izatea.
1886ko uztailaren 24an jaio zen Japoniako XX. mendeko idazle handienetarik bat, Junichiro Tanizaki. Antzerkia, saiakera, nobela, poesia, genero guztietan jardun zuen eta lan azpimarragarriak eman argitara (Gerizaren laudorioa, kasu). Tatuaia narrazioa ekarri zuen euskarara Koldo Izagirrek, japoniarraren narrazio bikain bat. Uztailaren 24 batez hil zen, bestalde, garaikide baina eremu kultural eta literario erabat desberdin batean jardun zuen Witold Gombrowicz. Ferdydurke maisulanaren zatitxo bat euskaratu zuen Joxerra Utretxek (Susa aldizkaria, 17, 1986), eta Poeten kontra artikuluaren atal bat Antton Juaristik (Literatur Gazeta, 7, 1987). Eta artikulua osotik, Poeten kontra, Patxi Salaberrik ekarri zigun, eta Egan aldizkarian argitara eman 2005ean. Bi mundu diferente, data batek elkartuta.
Duela hamar egun hildako Joxe Azurmendik poema liburu bakarra argitaratu zuen, aski gazte zelarik: Hitz berdeak. Oraingo honetan, hango zazpi poema entzun ahal izango dituzue, Jose Luis Otamendiren ahotsean.
1985ko uztailaren 7ko ihesaldiak Sarri Sarri abestia ekarri zuen berarekin, Kortatu taldeak Toots & The Maytals taldearen Chatty Chattyabesti dantzagarriaren bertsioa egin zuenean. Kortatu taldearen abestia oso ezaguna bilakatu zen, eta 40 urte beranduago oraindik maiz entzuten da Euskal Herrian, eta gure mugetatik kanpo ere. Fermin Muguruzak bere azken biran ere kontzertu guztietan jo du.
Badago ordea, Iñaki Pikabea Pitiren omenez egindako bertsioa ere (Oreretako Zintzilik IrratikoHertziok saioko kideek sortutakoa):
Gabriel Arestiren etxea izan zen Ea, eta Poesia egunak antolatu ziren urte luzez bertan. Urtero hitzaldi, poesia errezitaldi, kantaldi eta lagun giroko ekitaldi sorta eskaintzen zen. Zaldiarri bilduman argitaratzen ziren gero hitzaldietara ekarritako ideiak eta idatziak. 2016ko edizioan Alaitz Aizpuru Joaristik Joxe Azurmendiren poesia aztertu zuen Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean izeneko ponentzia hitzaldian. Zaldiarri hura dakargu orain sarera HEA elkartearen eskutik, eta nahi dituenak eskura ditu beste hitzaldi guztiak ere.
Joxe Azurmendiren Hitz berdeak. Liburu mardula, bost partetan zatitua, Azurmendiren garai eta estilo desberdinetako poemak biltzen ditu, Bitoriano Gandiagaren aurkezpenak argitzen duenez; 60ko hamarkadako ibilbide poetiko oso bat jasotzen du obrak. 1971n argitaratu zuen Arantzazuko argitaletxeak, eta Gandiagarenaz gain Juan San Martinen hitzaurrea ere badakar. XX. mendeko ahots oso inportantea ezaguzteko aukera paregabea.