Ira 29 19

Beste lau ipuin

2000. urtekoa da Rufino Iraolaren Asistente berria, soldadutzako gertakari bat ikuspuntu berritzailez ematen duena. Eta berrizaleetan aritua Mayi Pelot izan genuen, 1982an Maiatz aldizkarian  Feed-back edo ihardespena narrazioarekin zientzia fikziozko obra oparoa abiatu zuena. Patxi Etxeberriaren ipuina Sauro da, egileak Erroman ikasketan egiten ari zela ezagututako mutiko baten bakardadeaz diharduen 1957ko lana. Zaharrena Oxobirena, Maittipi, alegiagile ospetsua moralkeriarik gabeko prosa ederraren jabe eskaintzen diguna. Hona hemen ipuina.eus egitasmoko beste lau ipuin.

Ira 28 19

Literatura ebook euskarrian

Katalogoa ebook euskarrian eskaintzeko ahaleginean, bere garaian Euskalgintza Elkarlanean Fundazioarekin batera argitaratutako liburuak jarri ditu online Susa argitaletxeak, denak ere Joseba Jaka beka irabazi zutenak, gure literaturaren titulu esanguratsu askoak. Euskarri elektronikoan dituzu, beraz,  Harrien lauhazka (Iñigo Aranbarri, 1998); Puskak biziz (Juanjo Olasagarre, 2000); Norbait dabil sute-eskaileran (Harkaitz Cano, 2001); Tundra (Igor Estankona, 2002); Leuropa (Pablo Sastre, 2002); Hodei berdeak (Jon Alonso, 2003); Eta handik gutxira gaur (Eider Rodriguez, 2004); Auzoak (Urtzi Urrutikoetxea, 2005); Zubigilea (Lutxo Egia, 2007).

Ira 16 19

Pàdraig MacAoidh-en lau poema

60.000 inguru hiztun dituen gaeliko eskoziarra arrisku bizian dagoen hizkuntza gutxitua da. Pàdraig MacAoidh, Peter Mackay ingelesez, egun Eskozian dagoen poetarik garrantzitsuenetariko bat da eta gaelikoz idazten du. Eskoziako Lewis irlan jaio zen 1979an, egun Edinburgon bizi eta St Andrewsko Unibertsitatean irakasle da. Gutxi bezala sortzaile eta ikerlari fina da. Greziar anastylosis hitza (berreraikitzea) kuttun du, bere ahots poetikoak pusketa eta hondakinetik berreraikitzen du etengabe. Bi poema liburu argitaratu ditu: Beste irla bat (2010) eta Ugari (2015). Lau poema ekarri dizkigu euskarara Nere Arrutik.

Ira 14 19

Jon Barberenaren heriotza

Uda amaiera hau izoztu zaigu, tanpez, Jon Barberena bertsolari eta idazlearen heriotzaren berri izan dugula. 40 urte zituela, berak bere poema batean aipatzen duen “sega zorroztutako heriok” eraman du. Oholtza gainean bertso kantari ezagututakoa —birritan Nafarroako txapeldunorde—, literaturara ere egin zuen jauzi Iruñeko Poesia saria irabazi zuen poemarioarekin, Izoztu zitzaigun negu hura, 2016an Denonarteanek argitaratua. Barberenaren omenez, haren poema-liburua osorik eskaintzen dizuegu.

Ira 05 19

Beste lau narrazio

Tene Mujika saria irabazi zuen Soldaduskara joan behar eta joan nahi ez duenaren buruhausteak andere jatorraren eskutik ipuinarekin, 1985ean, Mari Karmen Bidezabalek. Eta huraxe izan zen, zoritxarrez esango dugu, Bidezabalek literaturaren plazara egindako agerraldi bakarra. Toka idatzitako ipuinean narradore eta protagonista ere baden emakumearen ahotsak indar apartekoa dauka, eta ageri du beste ikuspegi bat, harekin batera ipuina.eus egitasmora igo ditugun beste ipuinen aldean. Protagonistetan emakumezkorik ere badakarten ipuinak dira hauek ere, baina aski protagonismo “diferentea”. Garai bertsukoa Mario Onaindiaren Polonesa ipuina da, 80etako narraziogintza modernoko elementuak badauzkana.  Jon Mirandek 50eko hamarkadan egindako Ametsa narrazioa, Gernika aldizkarian kaleratu zuena, bere lehen ipuinetarikoa da, eta gerora garatu zuen estiloaren aztarnak erakusten ditu. XIX. mendekoa, berriz, dataz bezala edukiz, Klaudio Otaegiren Zeamako hizkeran pasaizo bat.

Agenda

Efemerideak

Kritikak