Mar
29
17
“Badakizu ederki, mon ami, amarrua da dena, dedio, goitik behera”. Halaxe dio Hasier Etxeberriak argitaratutako azken nobelaren azken esaldiak. Amarrua ote da gaur jazo den bere heriotza? Bere obrek behintzat —eta ez literarioek soilik— magia handiz iraungo dute inoiz ikusi gabeko truko bat bezala. Beti izan da Hasier bere lana guztiekin partekatzeko zalea, eskuzabal, eta hala 2006an Alua mundua blogean denon eskura ipini zituen argitaratutako liburu ia guztiak. Oraingoan, zerrenda horretan falta ziren bi liburu ekarri nahi izan ditugu hona, harekiko esker on eta maitasun keinu gisa: Ipuin ezberdinak eta erregalokoak (Elkar, 1984; bere lehen liburua) eta Mugetan (Elkar, 1988). Betiko duzu tokia, Hasier, euskal letren errepublikan.
Mar
29
17
Poeta estatubatuar batek jaso ditzakeen sari garrantzitsuenak jaso zituen Adrienne Richek (1929-2012). National Book Award for Poetry saria eman ziotenean, Alice Walker eta Audre Lorderekin batera jaso zuen, “patriarkatuak isilarazitako emakume guztien izenean”. Neurri batean, jatorrizko bere identitate zuri, heterosexual, klase ertainekoa deseraikitzen ahalegindu zen, eta gatazka horren zauri eta zantzuak topatuko ditu irakurleak Richen poesian, Maialen Berasategik euskarara lehen aldiz itzulirik.
Mar
28
17
Talentu goiztiarrak eta bizimoldeak —edanari emana, eskandaluak, diru arazoak— hanpatu egin zuten Dylan Thomasen mitoa. 1914an jaio zen eta berrogei urte bete baino lehen hil zen. Poeta anglosaxoien artean ezagun eta arrakastatsuenetakoa bihurtu zen XX. mendean. Dylan Thomasen poesiaren dohain nabarmena dugu hizkuntzaren intentsitatea, hein handi batean soinuzko elementuen erritmiko berezien bidez lortzen zuena. Iker Alvarezek bilduma bat osatu du Munduko Poesia Kaieretan.
Mar
27
17
Uxue Alberdik Alfonsina Storni (1892-1938) poeta argentinarraren antologia bat apailatu eta euskaratu berri du Munduko Poesia Kaierak bildumarako, martxoaren 30ean jendaurrean aurkeztekoa. Gizarte patriarkal batean emakume izatearen esperientziak blaitzen du haren obra osoa, bereziki gizonen maitale izatearen neke-zorigaitzak. Alfonsina Storniren poesiaren ezaugarri agerikoenetakoa da idazkeraren indarra; hitzak aho zorrotzeko aizto dira.
Mar
23
17
Mende erdi bat betetzen da martxoaren 23an Otto Rene Castillo poeta eta gerrillari guatemalarra torturatu, fusilatu eta erre zutela. Hemezortzi urte zituen CIAk Jacobo Arbenz lehendakari aurrerakoia kenarazi zuenean putx batez: nekazaritza erreformatu nahiak talka egiten zuen United Fruit Companyren interesekin. Nerabe zenetik politikan jarduna, Castillok El Salvadorrera egin behar izan zuen ihesi laster. (gehiago…)
Mar
23
17
Bi gizonezkok hemeretzi urte daramatzate bikote izaten. Azken aldian, ordea, bien arteko harremana apaldu egin da, eta batek besteri galdetu dio: “Kanpoan maiz larru jotzen ari al zara?”. Fideltasunaren eta leialtasunaren artean diferentzia egiten badakite biek, baina egia esatearen eta egia ezkutatzearen artean dagoen tarte txikia amildegia bilaka liteke une kritiko batean. Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa nobela berriak Axiren eta Josebaren bizimodu gorabeheratsua kontatzen du: amodioa, lagunartea, politika. Gaur, martxoak 23, Donostian liburua aurkezteaz batera eskaintzen dizugu osorik sarean.
Mar
22
17
Duela hiru urte hil zen Pete Seeger kantaria. Orduko hartan hainbat kanta ekarri zizkion euskarari Josu Landak. Oraingoan sorta berri batekin dator Lou Topet, Harkaitz Canok euskaratutako 13 kanturekin. Loraldia jaialdian aurkeztuko dute datorren martxoaren 26an Bilboko Arriaga antzokian.
Mar
18
17
Atzo hil omen zinen, Piarres Xarriton. Nolako eskuzabala zinen, bagenekien lagunek erranik. Gero, zuregana jo genuelarik laguntza eske, harritu gintuen zure pozak eta lanerako kanoreak. Zuregatik izan ez balitz, Armiarmak ez zuen Eskualduna kazetaren bilduma euskaldunen esku eman ahal izanen. Dolu hartzen dugu hila zarela jakinik, zurekin solastatzeak bazuen jakingarri, pizgarri eta proiektubide. Omenaldi apal bat egin nahi dizugu, guztiz apala, Chabier Gazteizen berri emanez. Oroitzen? Hogeita bat urteko, euskaldunon historiaren berri hasi zinen ematen Aintzina aldizkarian, norbaitek animaturik laburpen bat egin zenuen eskolarako. Nongo eskoletarako? Hegoaldea Franco pean, Iparraldea nazien mende… Eta hala ere, zeinen edizio polita Eskualdunak liburuttoa (1943), Isaak Diez de Ibarrondoren marrazkiekin! “Arbasoeri jarraiko behar zaizkote burua gora oraiko Euskaldunak ere, eta nahiago ukan behar dute berak hil, Eskual Herriaren suntsitzea ikusi baino”. Ez zen eskola liburu bat, ahalegin xume bat baizik burua arnastera ateratzeko suntsimendu hartan. Eman zenion, bai, zure herriari. Ez zaitugu ahaztuko.
Mar
13
17
Jainkoaren Judizioari Akabera Emateko antzerki-lanean aitortzen duenez, testuak balio dio “zikinkeria sozial ofizialki bedeinkatu eta onartu jakin batzuk salatzeko”. Antzerkiaren bitartez —hala autore nola aktore, baita zineman ere—, poesiaren bitartez, saiakeraren bitartez eta oro har kultura akzioaren bidez horixe egin baitzuen Antonin Artaudek, salaketa, agitazioa, ezarritakoaren iraulketa asmoa. Antzerkigintza modernoaren aitzindarietako bat, Jainkoaren Judizioari Akabera Emateko antzezlana, Asier Sarasolak euskaratua, irakurgai dago Tabakalerak eskaintzen duen Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia erakusketan. Eta baita Armiarman ere.
Mar
05
17
Etsipen moduko bat dario Pier Paolo Pasoliniren Gramsciren errautsak poemari. 1957an idatzia, idazle eta zinemagileak Antonio Gramsci buruzagi komunistari eskainitako poema luzea da, eskaintza bainoago elkarrizketa eta adierazpena dena, eta etsipena Gramsciri berari ere ematen diona. Euskaraz irakur daiteke Pasoliniren poema eder hau, Iñigo Aranbarrik egindako itzulpen-lan bikainean.
Mar
03
17
Duela hilabete, otsailaren 3an, hil zen Juan Karlos Merino idazlea. Narrazio laburren esparrua landu zuen azkoitiarrak, eta han-hemenka argitaratutako ipuinez gain, bi liburu eman zituen plazara, Txalaparta argitaletxearen Literotura bilduman Kondoi urrunak (2002), eta Eleak argitaletxean Kaleko ipuinak (2006). Osorik eskaintzen dizkizuegu biak.
Mar
02
17
Feminismoa eta politikaren eraldaketak saiakera da Lisipe bildumako bigarren liburua, Mari Luz Estebanek idatzia eta martxoaren 6an Donostian jendaurrean aurkeztuko duena. Politika berrasmatzen ari gara? Galdera horrekin irekitzen du elkarrizketa Estebanek. Nolakoa da egungo mugimendu feminista? Zein izan da azken hamarkadetan ezagutza sortzeko eta zirkularazteko erabili den metodologia nagusia feminismoan? Noraino dira bateragarriak erreforma eta haustura? Nola egituratzen da lidergoa? Nola babestu eta kritikatu aldi berean boterean dauden feministak? Sarean osorik eskaintzen dizugun liburuan hamaika galdera aurkituko ditugu erantzun bakoitzeko eta hamaika eraldaketa konfrontazio bakoitzeko.