Aza
23
10
Langileen adorea, zanpaketaren gordinkeria, borrokaren zaila, familiaren estura, mendekuaren bihozkada dira Gotzon Barandiaranen Errotik nobelako gaiak. Bilboko Euskalduna ontziolan 2.461 langileetatik 200entzako tokia besterik ez zela izango adierazi zuen Espainiako Gobernuak 1984an. Kalera atera ziren beharginak faktoriaren eraistea galaraztearren, eta ankerra izan zen Agintaritzaren erantzuna: atxiloketak, zaurituak eta hildakoak. Euskaldunako langilea izandako Luis Urresti eta bere alaba Lorea dira Errotik nobelako protagonistak. Eleberria osorik eskaintzen dizugu sarean, azaroaren 26an (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztu aurretik.
Aza
18
10
Gaztaroa, politika, literatura, amodioa, atzerria, itzulera eta gaurko koordenadak, zazpi atal tematikoen bitartez, Jon Benitok mende arteko garaiaren testigantza bat berrasmatzen du Bulkada liburuan. Susa argitaletxearen eskutik, azaroaren 25ean (osteguna) 12:00etan aurkeztuko du poema liburua Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, baina astebete lehenago eskaintzen dizugu osorik sarean. Izan garenak bezainbeste eratzen gaitu egin ez dugunak: grinak eta frustrazioak, desirak eta soraiotasunak, etengabeko kontradikzioak.
Aza
15
10
Ivan Ilitx epaileak istripu xume bat izan zuen eskailera txiki batetik erorita. Kolpe ezdeus haren ondoren etenik gabeko minak sentitzen zituen eta, pixkanaka, heriotzarainoko bidean amildu zen. Tsarraren Inperioaren gobernuko maila gorenera iristeko hainbeste ahalegin egin eta gero, zergatik ikusten zuen bere burua hain bakarturik? Leon Tolstoiren nobela laburrik ezagunena da Ivan Ilitxen heriotza (1886), Xabier Mendiguren Bereziarturen itzulpenez osorik eskaintzen dizuguna. Tolstoi orain 100 urte hil zen, 1910eko azaroaren 20an, Astapovoko tren geltokiaren zaindari Ivan Ozolinen etxean.
Aza
09
10
Robert Musil austriarrari (1880-1942) Stuttgarten sortu zitzaion literaturarako jorana, hara joan zelarik filosofia eta matematika ikastera; han idatzi zuen bere lehen liburua, Vienan 1906an argitaratua: Törless ikaslearen nahasmenduak. Nobelako honekin izan zuen arrakasta handiena; 1966an Volker Schlöndorffek film bilakatu zuen, eta Koldo Morales Beldak 1996n euskarara itzuli. Naziek Musilen liburu guztiak debekatu zituzten 1938an. Estatu Batuetara emigratzen saiatu zen, baina Thomas Mann, Albert Einstein eta beste batzuen laguntza jaso arren ez zuen harako baimenik lortu, eta Genevan hil zen Tasunik gabeko gizona eleberri luzea amaitu ezinda.
Aza
03
10
XX. mendeko idazle oparoenetakoa izan zen Augustin Zubikarai. Nobelez eta ipuinez gainera, hogeitik gora antzerki idatzi zituen, lehenengoak gerra aurrean Euzkadi egunkarian; adibidez: Illobearen indarra (1934) eta Itxas lapurrak (1936). Orain Egan aldizkarian argitaratutako bost obra ekarri ditugu teatro-testuak webgunera: Seaska inguruan (1957) eta Jaunaren bidea (1959) erlijiozkoak, Itxasora (1960, Miarritzen 1945ean saritua), Aingira kumak (1969) eta Lurrunpean (1970, Gipuzkoa Saria izan zuena 1968an).
Aza
01
10
Uxue Alberdik eta Oier Guillanek Hitzen uberan literatur aldizkari digitala abiarazi zuten joan den astean, Euskal Idazleen Elkartearen babesean. Erreportajea, elkarrizketa, audioak, bideoak, kantua, argazkiak… orotarik bildu dute. Imanol Ubedak hilero kantu bat sortuko du: Itxaro Bordaren Bakarrik nabil poema musikatu du estreinakoz. Elkarrizketa Ur Apalategirekin egina da, Fikzioaren izterrak ipuin liburu berriaren karietara. Eta Literatura Eskolari buruzkoa da erreportajea.