Mar
12
21
Vocento taldeko egunkarietan euskarazko liburuen kritikak idatzi ditu Javier Rojok aspaldiko urteetan. Aurtengo otsailean argitaratu du azkena– Bernardo Atxagaren Kilker bat autopistan liburuarena-, 1996tik astero euskal liburuei buruz idazten aritu ostean. Kritiken hemerotekan Javier Rojoren 1029 kritika batu ditugu guztira.
Abu
05
15
Eta todo asi sen, a isan diferente Hala Bedi irratian Manex Agirre eta Gaizka Amondarainek Celosamente gordea irratsaioa egiteari ekin ziotenean. Astero literatur gaiak, elkarrizketak, irakurraldiak musikarekin uztartuz, horrenbeste urtetan.
BAP! taldeak ezaguna egin zuen Susa aldizkarian kaleratutako testua, kantu bilakatuz Zuria beltzez diskoan. Gaizka Amondarain eta Manex Agirrek irratsaiorako izenburutzat hautatu zuten, eta lau haizetara hedatu Hala Bedi eta beste irrati batzuetako uhinetatik. Lantzean behin gainera, emankizun ikuskizunen bat ere egin zuten han hemenka, azkena Zarauzko Literaturian. Eta orain zortzi urteotako irratsaio guztiak Celosamente gordeak ditugu, edozein unetan hartu eta entzuteko moduan. Musika, zinema eta literatur erreferentzien altxor kutxa bat.
Ira
08
11
Susa argitaletxeak astero Literatur Emailu bat argitaratu du 2002ko urtarriletik hona, eta dagoeneko 500. zenbakira iritsi da. Gure literaturaren zabalkundeaz arduratzen den albistegi literario honek ekitaldi nagusien agenda osatzen du, literaturako une gogoangarriak ekartzen ditu gomutara eta, aldi berean, liburu bat on-line ematen ahalegintzen da astero: klasikoak, deskatalogatuak, itzulpenak, aldizkariak eta, baita ere, Susak plazaratutako liburu berrienak.
Aza
01
10
Uxue Alberdik eta Oier Guillanek Hitzen uberan literatur aldizkari digitala abiarazi zuten joan den astean, Euskal Idazleen Elkartearen babesean. Erreportajea, elkarrizketa, audioak, bideoak, kantua, argazkiak… orotarik bildu dute. Imanol Ubedak hilero kantu bat sortuko du: Itxaro Bordaren Bakarrik nabil poema musikatu du estreinakoz. Elkarrizketa Ur Apalategirekin egina da, Fikzioaren izterrak ipuin liburu berriaren karietara. Eta Literatura Eskolari buruzkoa da erreportajea.