Api
27
23
Ez daukatenen, zapalduen, jazarrien aldeko ahotsen artean Mario Benedettirenak toki nabarmena irabazia du, eta argiro azaltzen da Inma Errea Cleixek prestatu duen itzulpenean. Baina, era berean, pertsonez betetako poemak dira uruguiarrarenak, zu, zuek eta gu-z beterikoak, xamurrak eta gogorrak, publikoa eta pribatua bateratzen dutenak, lerro motz, egitura ia narratiboa dutenak askotan, baina ez horregatik sinpleak; izan ere, Benedettik irisgarritasunaren eta sakontasunaren, hunkiduraren eta neurritasunaren arteko orekari eusten dio gutxik bezala. Munduko Poesia Kaierak bildumako antologia honetan gozatzekoak.
Api
27
23
Beharbada teatrogile gisa errekonozimendu handiagoa izan badu ere, gaur egun inor gutxik ezetsiko du XX. mendeko poemagile aleman eta europar nabarmenetako bat ere izan zela Bertolt Brecht (Augsburg, 1898 – Ekialdeko Berlin, 1956). Baditu Brechtek ale oso narratiboak, baditu elegiak, baditu kantuak, odak, ereserkiak, baladak, neurtitz errimadunak, bertso libre ia prosazkoak… Formaz gain, edukiak ere aparteko garrantzia izan du egile alemaniarraren kasuan. Konpromiso sozial handikoa, boterearen aurkako eta justizia sozialaren aldeko aldarria dago Bertolt Brechten obra osoaren muinean, zeinaren lagin bikaina ekarri baitu Irati Majuelo Itoizek Munduko Poesia Kaieren bildumako 45. antologian.
Api
19
23
Telesforo Monzonen hitzekin egindako kantua ezagunagoa izanagatik ere, bazituen Eustakio Mendizabal Txikia-k berak idatzitako kantu eta poemak. Jon Arano poetak bildu zituen eta 1992an argitaratu, Susa argitaletxearekin. Gaur 50 urte hil zuen Espainiako Poliziak Algortan 28 urteko itsasondoarra, militantzia politiko nabarmena egina zuena ordurako. Urteurrenaren harira, hona Txikiaren Hitz etena.
Api
18
23
Lisipe bildumak 13. alea kaleratu berri du, Eva Perez-Ponsek idatzia, Erresistentziarako gorputzak: bollerak izenburupean. “Heterosexual” eta “homosexual” kategorietan oinarritutako sistema normatiboak dakarren domestikazioaz harago, praktika indibidual zein kolektiboen bitartez egituratuko gorputz bezala aurkezten zaizkigu bollerak liburu honetan, erresistentziarako eta eraldaketarako gorputz bezala. Bestetasunaren ertz bollera ez-bitarretik idatzita, kontzeptu filosofikoen eta gertaera historikoen errepasoa egiteaz gain, ekintza zuzen ez-biolentoaren proposamena ere jartzen du mahai gainean. Osorik irakur dezakezu liburua online ere.
Api
13
23
Oso bi idazle desberdin batzen ditu apirilaren 13ak. Duela 200 urte Eugene Mouton jaio zen. Legelari gisa ibilbidea egindakoa, literatur aldizkarietan eman zituen argitara istorio eta narrazioak, mundu fantastiko, menturazkoa jasotzen dutenak. Zientzia fikzioaren aitzindarietakoa, halakoxea da Pamiela aldizkarian 1985ean Kapok euskaratu zuen Zurezko burua zuen elbarrituaren istorioa. Gaur 40 urte hila, fantasiatik baino errealitatetik gehiago dakar bere literaturan Merçe Rodoredak (nahiz eta baduen ukitu sinbolista zenbait narraziotan). Espainiako Errepublika, gerra, erbestea… heriotza, amodioa, denbora dira idazle katalan handi honen gaiak. Maite Gonzalez Esnal-ek euskaratu zituen haren Ipuin hautatuak (Elkar, 1984) eta eleberririk ezagunena, Diamantearen plaza (Elkar, 1994). Berrikiago (2013), Antton Olanok Ispilu hautsia ekarri du argitara Literatura Unibertsala bilduman.
Api
04
23
Zizurkilen jaio zen 1953an Joakin Arregi Txe, eta 25 urtez Venezuelan erbesteratuta bizi ondoren, Hendaian bizi izan da azken urteetan. 2023ko martxoaren 28an hil zen. Eta berak urte luzeetan idatzitako bertsoek, Paper hotsak argitaletxearen lehen liburua osatu zuten: Karibetik Kantaurira.
Koldo Izagirreren hitzaurrea eta Arregik berak bizitzan zehar landutako bertso sortak eskaintzen dizkizugu Joakin Arregi Txe iheslari eta bertsolaria omentzeko.
Api
03
23
1898ko apirilaren 3an jaio zen Michel de Ghelderode idazlea, Belgikan. XX. mende hasierako dramaturgo handietako bat, obra oparo baten egilea da, zeina asko eta toki askotan errepresentatua izan zen. Pertsonaia grotesko eta beldurgarrien sortzailea, abangoardiako idazle kontsideratzen da. Baina abangoardian ikurrik badu antzerkiaren munduak XX. mendean, hori Antonin Artaud da, apirilaren 3 batez hil zena Ghelderode jaio eta 50 urtera. Teorialari, idazle, aktore, poeta… oholtzari astindua ekarri zion marseillatarraren ekarpenak. Obra bana daude euskaratuta, Ghelderoderen Zaldun bitxia, Juan San Martinek Egan aldizkarian 1965ean; eta Jainkoaren judizioari akabera emateko, Asier Sarasolak Tabakalerarendako, 2017an. Biak dituzu irakurgai.