Fernando Aire Xalbador,1976ko azaroaren 7an hil zen, Urepelen. Odolaren mintzoa liburua aurkeztu behar zen egun berean, omenaldia egin zioten sorterrian. Bazkalostean ondoezik, omenaldia bertan behera utzi beharra ukan zuten, eta herriko eskolako gela batera eraman zuten, iluntze hartan beean azken arnasa eman zuen Xalbador, Urepeleko artzaiak. Koldo Izagirre eta Xabier Mendigurenek Euskal literaturaren antologia liburuan idatzitakoaren arabera Xalbador “bertsolaritzan da guztiz famaduna, baina haren lanek merezi dute tokitxo bat poesiaren historian ere, bertso idatzietan batez ere maila poetiko handia lortu baitzuen, berezkoa zuen senari eskerrak, artzaina baitzen izatez, eskola handirik gabea. Lirikarako bakarrik ez, ahalmen berezia zuen bere inguruko gertakariei ohartzeko, eta nabarmen geratzen da hori aukeratu dugun bertso-sortan.
Herria eta hizkuntza
Mikel Laboa kantariak Herria eta hizkuntza Xalbadorren eleekin sortutako abestia eman zuen ezagutzera.
Heriotzaren 50. urteurrenaren karietara Xalbador gogoratzeko hainbat ekitaldi egitekoak dira han hemenda; aipatzekoa da Xabier Amurizabertsolari eta idazleak heldu den azaroaren 17an Bilboko Euskaltzaindiako egoitzan egingo duen Xalbadorren bertsoen eta idatzitako kantuen emanaldia.
Indiako hego-mendebaldeko Kerala estatuan jaioa, malabareraz, bengaleraz eta ingelesez egiten zuen Kamala Das idazleak. “Hiru hizkuntzatan mintzo naiz, bitan idazten dut, eta batean amets egiten”, utzi zuen izkiriatua. Das jaidura ikonoklasta nabarmeneko idazle eta emakumea izan zen. Bizitza osoan nekaezin jardun zuen beragandik espero zenaren aurka. Askatze nahi hori bere poemetan eta Ente Katha (“Nire istorioa”) izeneko autobiografian islatu zuen ondoen. Emakumearen askatasuna aldarrikatzeari eskaini zion bere sorkuntzaren parte handi bat, betiere bere esperientzia pertsonalaren kontakizunetik abiatuta. Eta gure artean oihartzun gutxi duen literaturaren erreferente hau ezagutzeko parada eskaini digu Joxe Mari Berasategik, Munduko Poesia Kaierak bildumarako ondu duen antologian.
Erudizioa eta eguneroko objektuak, kosmosa eta taberna zuloa, Kartago antzinakoa eta Buenos Aires atzokoa aurkituko ditu irakurleak Jorge Luis Borgesen poemetan. Horrexegatik formaren nabarra, sonetoak eta milongak, haikuak eta “bertso aske” esaten zaion hori; horrexegatik titulu soilak eta segida mamizkoak, hitz lurrekoz funts metafisikoak, zangalatrau biziak patxadaren erdian, eta zerrenda borgestarrak turrustan. Bere narratibaren oihartzun eta eragin luze-sakonek irentsi badute ere nolabait haren poesia, honek kalitate aldetik ez dauka haren inbidiarik. Eta horren erakusgarri Munduko Poesia Kaierak bildumako kaiera, Juan Garziaren itzulpenean irakur dezakeguna.
Zer kontatu digute ETAko militante izan diren emakumeen inguruan? Errelato ofizialek, mitoek eta fikzio jakinek erabat desitxuratu dute haien inguruko iruditeria kolektiboa: neskalagun txolinak, altzairu herdoilgaitzezko orkideak, eroak, suizidak; inozoak, besterik gabe. Eta horretan literaturak badu bere erantzukizuna: urtez urte imajinario hori elikatu eta finkatu du, emakume horiei ahotsa, agentzia politikoa eta oroimen historikoa ebatsiz. Euskal gatazka armatuaren oroimen historikoa ere patriarkala da. Eta horren azterketa egin du Lorea Azpeitia Antak Su txiki bat liburuan. Azpizenburua bera aski adierazgarria da: “ETAko emakumeak fikziozko irudi estereotipatuetatik at”. Bere doktore-tesirako landu eta ikertutako materialak hartu eta edukiz ongi hornitua den baina estiloan akademikotik gutxi duen kontakizunean aletu ditu Azpeitia Antak. 10 urte bete dituen Lisipe bildumaren 19.a duzu.
Telmo Trenado eduki sortzaileak Nerea Ibarzabalen Bar Gloria liburua ekarri du Plaz! podcastera.
Liburuko istoriotik abiatuta, etxetik eta herritik ateratzeaz, inkomunikazioaz eta anai-arreben arteko harremanez aritu dira. Tabernek gure bizitzetan duten lekuaz ere hausnartu dute, elkartzeko eta harremanak sortzeko espazio gisa. Zer aldatzen da herritik kanpo bizitzera goazenean? Eta zenbateraino partekatzen dugu barruan daramaguna gertukoenekin?
Armiarma literaturaren sarean datuak biltzen dabil etengabe -idazleak, liburuak, kritikak…- eta Literaturaren Zubitegia osatzen dute datuok. Azken zortzi urteotan datuak trukatu eta Wikipedian ageri dira mundu osoaren eskura. Wikidatak 14 urte bete ditu, eta berriro elkarlanean ari gara euskal literaturaren egoera zein den ikusteko.
Armiarma datu-basean dauden 1.119 idazleak parekatu ditugu, eta euskarazko literaturan azken hiru urtetan idatzi diren liburuak ere igo dira Wikidatara.
Datuak eta grafikoak
Euskal wikilarien elkarteak argitaratutako albistean ikusi daitekenez, idazleen generoa, jaiotako herrialdea, 1958. urtetik argitaratu diren tituluak eta generoak, argitaletxe bakoitzaren tamaina argitaratutako liburuei dagokionez, eta beste informazio asko ere oso modu grafikoan ikusi daiteke.
Plaz!bideopodcasta, euskarazko literatura beste modu batera ezagutzeko plaza da. Irakurle sutsua den Nahia Sillerok gidatuta, atal bakoitzean gonbidatu ezagun batek liburu bat izango du abiapuntu.
Lehenengo saioan Jone Arriolak, Elgoibarko zinema zuzendari eta gidoilariak, Miren Amurizaren “Pleibak” liburua ekarri du Plaz! podcastera. Liburuko istoriotik abiatuta Pleibak gaztaroko erreferentziez, ametsez eta laguntasun-harremanez aritu dira podcastaren atal honetan.
– Baina, kontziente al gara laguntasun-harremanak ere hautsi daitezkeela?
– Eta zer gertatzen da lagun batekin dugun harremana amaitzen denean?
– Nola egiten zaio aurre lagun baten galerari? Hori guztioiri galdetzen digute lehen saio honetan. Ikusi eta entzuteko moduan dago sareetan.
Zer den bizitza eta zer kontakizuna, bien arteko traizioa bistaratuz aurkeztu du Maialen Berasategi Catalánek bere lehen nobela: Erreplika(Susa, 2026). Idazlegai baten eta idazle adindun baten arteko enkontrua itsasertzeko etxe batean. Sos gutxi eta grina handia duen ikasle gaztea da Mara Meleiro; hark sakon miresten duen idazle eskarmentatua, berriz, Maria M. Muller. Iraganeko amorrua eta musak galduta, etxe apartatu batean bizi da orain, maitale ohiak gogoan, zakurra paseatzen, lorategiari erne. Bakardadearen Jainkosa da, Meleiroren begietara. Ikasle-egoitza batean bizi da bera, edertasun zakarraren bila. Gezurrak egia asko salbatzen dituen egunez beteriko eleberria hizkuntz eta estilo erakustaldi bikain batekin ondu du idazleak, literaturaz betetako lan gozagarrian.
Idazle eta politikari bilbotarra, 1879ko urriaren 15ean jaio zen Tomas Meabe: giro abertzalean hazia, sozialista, gazte hila, gizonaren alde paratutakoa… ez da harritzekoa haren lanaren itzultzailea Gabriel Aresti izatea. Kriselurekin editatu eta argitaratu zuen 1968an Hamalau alegia, euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, galegoz eta katalanez, liburu berezi eta apainean. Meabek idatzitakoetatik batzuk, alegiotan ezagutuko ditugu piztia gaiztoak eta piztia onak, noski. Baina batez ere militaristak eta aberats okituak ezagutuko ditugu, gizakia zapaltzen duten indar ilun horiek. Eta pobreak, eta langile xumeak, eta ume dohakabekoak. Gure eskoletan derrigorrezko irakurketa izan behar lukeen liburua, ederra bezain menostua. 1960ko Olerti-n Juan San Martin-ek ere euskaratua zuen alegia horietarik bat.
Azken hamarkadetako poeta ingeles gailenetakoa, saiakeragile bikaina, 2026ko Nobel saria jaso du Anne Carson kanadarrak. Helenista handia, tradizio klasikoarekiko elkarrizketan egungo literatura ausart eta ederra sortu du. Euskaraz irakurri ahal da: duela bi urte, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, Gorriren autobiografia:Nobela bat olerki lerrotan (Igela, 2024) euskaratu zuen Joxe Mari Berasategik. 2024an bertan, Egan aldizkarian, Izaskun Etxebeste Zubizarretak Carsonen Glass, Irony and God liburuko Kristalezko saiakera poema narratibo luzea itzuli eta plazaratu zituen, hemen irakur ditzakezunak.
Duela 25 urte hil zen, 2001eko urriaren 8an, sortzez Alexandre Biyidi-Awala eta idaztez Mongo Betiizan zena. Parisko Sorbonan ikasi zuen, Afrika frankofonoaren eliteek ohi bezala. Kamerunera itzulirik nobelagintzari ekin zion. Le Pauvre Christ De Bomba (1956), Frantzia kolonialaren eta Eliza katolikoaren bortizkerien salaketa da, kritikaren erregarria areagotu egiten duen umore zorrotzean. Maisulantzat hartu zuten metropoliko literatur zirkuluek eta ikono bat bihurtu zen Mongo Beti. Independentziaren osteko neokolonialismoarekin kritiko, erbesteratu beharra ekarri zion, eta Frantzian jardun zuen irakasle 30 urtez. Hainbat eleberri eta saiakera idatzi zituen, besteak beste Dictionnaire de la Negritude (1989). Koldo Izagirrek euskaratutako bost sarrera interesgarri eskaintzen dizkizuegu.
Urriaren 1ean argitaratzen hasi ziren, aldizkarietan eta atalka, XIX. mendeko bi eleberri ezagunenetakoak, literatura unibertsaleko gailurretan daudenak biak. Duela 170 urte argitaratu zen Madame Bovary-ren lehen atala, 1856ko urrian, Revue de Paris aldizkarian. Urritik abendura bitartean kaleratu zen aldizkarian, eta hurrengo urtean liburu moduan, eta argitaratu eta berehala jaso zuen Gustave Flaubertek prokuradore nagusiaren salaketa, immoralitate eta obszenitateagatik. EuskarariPatxi Apalategik ekarri zion eta Literatura Unibertsala bilduman plazartu (Ibaizabal, 1993). Epaitegietako zalapartarik gabe, baina oihartzun ikaragarriz, 25 urte geroago, 1881eko urriaren lehenean argitaratu zen Robert Louis Stevenson eskoziarraren Altxor uhartea-ren lehen atala, Young Folks aldizkarian. Liburu gisa handik bi urtera eman zuten, eta euskaraz Literatura Unibertsala bilduman agertu zen, 1991n, Maria Garikanok euskaratua. Lehenago Xabier Etxanizek ere euskaratua zuen, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu 1985ean, eta Iñaki Mendigurenek ere bai 1994an, Elkar argitaletxean hau ere.
Antzerki idazlea eta poeta, eleberrietan sendotu zuen lehenago beste generoetan lortutako ospea Joaquim Machado de Assisek, askoren iritziz Hego Ameriketako XX. mendeko literaturaren aitzindarietako bat izan denak. 1908ko irailaren 29an jaio zen, Rio de Janeiron, eta bere eleberririk ezagunena, On Casmurro, Josu Zabaletak euskaratu eta Literatura Unibertsala bilduman kaleratu zen 2009an. 1990an, baina, Igela argitaletxeak euskarari ekarria zion Alienista eleberria, Joseba Urteagak euskaratua, osorik irakurgai dagoena. 2020an, azkenik, Unai Begiristainek Deabruaren eliza eta Diplomatikoa narrazioak itzuli ditu, eta Booktegi gunean jarri.
Hogeita hamasei urte zituela hil zen, 1972ko irailaren 25ean, Alejandra Pizarnik. Gazte, baina ordurako letren eta bereziki poesiaren esparruan arrasto sakona utzita. Poesia bat non arroztasun sentipena, nonahi atzerritar sentitzearena, presente dagoen. Beñat Sarasolak dioenez, “sentimendu hori, baina, geografikoa bainoago existentziala izatera iristen dela esan liteke, ni-aren eta munduaren artean arrakala gaindiezina egongo balitz bezala. Hala, Pizarniken poesia, nitasun indartsu baten aldarrikapena da, lehen pertsonako izenordaina enfasiz adieraztetik hasita”. Susak argitaratutako poema antologiaren hitzaurrean dakartza hitzok, Munduko Poesia Kaierak bilduman, Asier Sarasolak apailatu eta euskaratutako antologia. Lehen ere itzulia zion poemarik Pizarniki Sarasolak (Uberan, 2010), eta euskaraz ere irakur litezke bere egunerokoaren zati batzuk, Danele Sarriugartek euskaratuak (Elearazi, 2014), eta Idatz&Mintz aldizkarian Xabier Bovedak itzulitako hainbat poema.
Ideia errepublikar eta galegisten arteko trantsizioan bizi izan zen Manuel Curros Enriquez poeta galiziarra. Habanan jaioa 1851ko irailaren 25ean, XIX. mendeko idazle galiziarren artean handietako bat izan zen. A Virxe do cristal eta batez ere Aires da miña terra poemarioekin arrakasta eta baita polemika bizi izandakoa, 1888an argitaratu zuen O Divino Sainete liburua, zatia euskaratuta duen bakarra. Gabriel Arestik, Jostirudi Jainkotarra izenez, Sarrera eta I. Kantua euskaratu zituen.