Uzt
21
19
50 urte uztailaren 20/21ean Neil Armstrong eta bere espediziokideek Ilargia zapaldu zutela. 50 urte, beraz, haien bandera han jartzeaz bat, guztion begietan iltzatu zutela. Espazioko lasterketa deituaren puntu gorenetako bat izan zen, urte batzuk lehenago Sobietar Batasunak gizakia lehen aldiz orbitan jarri izana bezala, koheteak, Laika zakurraren txango espaziala… Ilargiarena bezala, lasterketa horren alderdi bakar bat gogoratu eta erakusten den egunotan, gertakari hark, gertakari haiek urte haietan gure letretan izan zuten islaren ale bakan batzuk elkartu ditugu. Gehiago izango dira, jakina, baina hona hemen bost: A. Letek Karmel aldizkarian argitara emandako olerkia, espazioaren konkista fedearen teleskopiotik begiratzen duena; Ayalderen kronika bat, Sputnika aipatuz; Orixeren Beti dantza poema, bere azken poema omen, Pioner V.a eta ni azpizenburua duena; Txillardegiren Kosmodromo ipuina eta artikulu bat; eta azkenik Xalbadorren Mendian galdu direneri, hizketagaia beste bat izanik ere, ilargiratzea aipagai duena
Uzt
19
19
Roberto Fontanarrosa El Negro idazle eta umoregile grafiko argentinarra izan zen. Rosarion jaio zen 1944an eta bertan hil 2007ko uztailaren 19an. Haren bokazio artistikoa 60ko hamarkadan hasi zen marrazkilari komiko gisa, eta Boogie koipeztoa eta Inodoro Pereyra bezalako pertsonaiak nabarmentzen dira bere biñeten artean. Baina literatura ere landu zuen eta literaturan futbolaren pasioa erakusten digu. Rosario Central taldearen zale sutsua izanik, umorez betetako parodia biziak eskaintzen dizkigu bere ipuinetan. Hona hemen haietako bi, Xabier Bovedak euskaratu eta Idatz & Mintz aldizkarian emanak.
Uzt
18
19
Genero beltzaren maisuetako bat hil berri da, uztailaren 17an, 92 urte zituela: Andrea Camilleri. Salvo Montalbano inspektorearen liburuengatik ezaguna, arrakasta adinean oso gora zela lortutako idazleak arrakasta ez ezik literatura munduaren ezagutza ere jaso zuen. Euskaraz hiru lan ditu emanak, Igela argitaletxeak Hilabete bat Montalbanorekin (2011, Fernando Rey itzultzaile) eta Uraren forma (2012, Ander Irizar itzultzaile) eman zituen, eta Erein argitaletxeak Gauaren usaina (2011, Josu Zabaleta). Siziliarraren heriotzan, Hilabete bat Montalbanorekin laneko lau narrazio dakartzagu.
Uzt
12
19
1904ko uztailaren 12an jaio zen Pablo Neruda idazle txiletarra. Literatur Emailuetan eman izan ditugu haren poemak, hala literatur aldizkarietan argitaratutako poema solteak nola Amodiozko hogei poema liburu osoa. Efemeridearen harira, beste bost dakartzagu gaur, Xabier Bovedak euskaratuak eta Idatz & Mintz aldizkarian plazaratuak 2015ean, poetaren bost liburutako lagin bana eskainiz.
Uzt
08
19
Hogeita hamasei urte zituela, 1972ko uztailaren 8an hil zuen Mossadek Gassan Kanafani idazle palestinarra. Israeldarrek 1948an haien lurrak okupatu eta familia Libanora erbesteratua, idazletza eta kazetaritza gaztetandik landu zituen Kanafanik, hainbat aldizkaritan jarduna, oso epe laburrean literatur lan inportante bat emana, bere herriaren eskubideen aldeko ekintzailetzan FPLP alderdiaren fundatzaileetakoa. Literatura palestinar eta arabiarrean mugarri bat izan zen Gizonak eguzkitan eleberria, 1963an argitaratua, eta haren atal bat euskaratu zuen Iñigo Aranbarrik, eta Susa aldizkarian plazaratu 1993an. Hona hemen.
Uzt
04
19
Aldarrikapena argia da: “Horiek libertaterik/ ekarriko baligute bezala./ Ta ez horiengatik, ezpada/ guzti horien kontra/ nahi dugu libre izan/ kondaira guztiaren kontra”. Zeintzuk dira horiek? San Inazio, Xabier, Txurruka, Elkano… eta aise gizendu litekeen zerrenda. Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua poemaren pasarte bat duzu, Espainiako Armadaren ikur-ontzia Euskal Herrian bisitan, eta euskal deiturako gizonen balentriak kantagai diren egunotan gogoratzeko egoki askoa. Poema idatzi eta 50 urtera, ezin gaurkoagoa. Hementxe duzu.
Uzt
03
19
Aurtengo otsailean argitaratu zuen Jose Luis Otamendik bere orain arteko azken poema liburua: Disoluzio agiriak. Bizi dugun uneak beharrezko duen poesia molde berria proposatu zitzaigun poemotan. Oraingo honetan, egilearen beraren ahotsean, sei piezaren berrikustea eta gozatzea proposatzen dizuegu:
Lotuan aske
Galiziaren biaoa
Herrera abuztuan
Deklarazioa
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Ama