Eka
27
22
Armiarma.eus atariko Kritiken Hemeroteka guneak 8.000 kritika bildu ditu dagoeneko. Euskal Herrian argitaratzen diren hedabide gehienetako literatur kritikak batu ditugu urteotan guztiotan, eta aspaldi honetan blog eta agerkari digitaletan ere idazten da literaturari buruz. Susa literatura argitaletxearen webgunean 2001. urtean hasi ginen literatur kritikak batzen, eta 2007an Armiarma atarian bildu genituen guztiak. Geroztik, astero astero berritzen eta eguneratzen dugu Kritiken Hemeroteka.
Asteburuan agertutako Berria egunkariko kritikek – Jon Benitoren Lagun minak liburuarena eta Joxe Mari Berasategik euskarara ekarritako Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoari buruz idatzitakoa – gainditu dute 8.000ko langa.
Kritiken Hemerotekan bildutako kritika zaharrena Jean Etxeparek 1922ko martxoan Gure Herrian Txomin Agirreren Garoari buruz idatzitakoa da. Hala ere, 1930. urterarte ez dugu beste kritikarik aurkitu. 1930 eta 1936. urteen artean kritika kopuru polita dagoen arren, 1936tik 1950. urtera liburu sorkuntza -eta beraz, kritika- indarrez isilarazia izan zen, eta 50. hamarkadatik aurrera hasten dira berriro literatur kritikak argitaratzen Euzko Gogoa bezalako literatur aldizkarietan.
Eka
23
22
Mendea bete da 2022ko ekainaren 23an Juan San Martin jaio zela. Idazlea, kultur eragilea, ekintzailea, ikerlaria, hainbat alor ezagutu eta jorratu zituen eibartarrak, XX. mendeko euskal kulturgintzako izen ezinbesteko bat bilakatuz. Euskararen eta kulturaren alorreko egitasmo nagusi askotan parte hartu zuen, eta literatura izan zen horietako bat. Uhin berri liburua eman zuen argitara 1969an, izenburutik bertatik adieraziz zer haizek bultzatua zen: euskal literatura berri bat eginez eta bilatuz zetozen 25 idazleren berri ematen du. Eta 1980an Literaturaren inguruan idatzitako hainbat artikulu bildu zituen. 100 urte beteko lituzkeen honetan, liburu biok eskaintzen dizkizuegu.
Eka
16
22
Mende bat bete da aurten literatura unibertsaleko liburu esanguratsuenetako bat, Ulises, argitaratu zela. Besteak beste haren hizkuntza-konplexutasuna aipatzen dela, Xabier Olarrak ekarri zion euskarari obra ezinbestekoa 2015ean. Aurten, mendeurrena kari, James Joyceren lan nagusiaren edizio berri bat plazaratu du Igela argitaletxeak. Ulises eleberria ekainaren 16an gertatzen da, eta hori ospatzeko liburuaren zaleek Bloomsday izeneko eguna egiten dute Dublinen, liburuan aipatzen diren lekuak eta gertakizunak oroituz eta berbisitatuz. Aurten Iruñean ere izango dugu Bloomsday eguna. Eta urteurren berezi honetan, liburuaren pasarte bi dakarzkizuegu —liburuaren hasiera eta Molly Bloomen bakarrizketaren zati bat—, obra unibertsala dastagai.
Eka
08
22
Ganbilaren ohiko irakurleak badaki, edizio proiektu honen hastapenetatik bertatik euskal antzerkigintzaren aniztasuna islatu nahi zuela bilduman. Eta bi liburu berri plazaratu ditu Ganbila bildumak.
Erradikalak
Erradikalak ikuskizunak formatu txikiko gisako pieza bezala deskriba daitezke. Eszenografia xumeak ahalbideratzen zuen antzezlanaren eramangarritasuna, eta, horregatik, okupatu zitzaketen plazak mota guztietakoak izan zitezkeen. Hortaz, Labaka eta Egizabalen diskurtsoa, beste toki batzuen artean, herriko plazetako aire zabalean zein kultur etxeetako lokaletan aditu da. Erradikalak lan hibrido moduan sailkatzea ere badago bertsogintza eta clown mundutik eraikita dagoelako.
Soka
Soka ez da teatro dokumentala, ez periodistikoa, ezta aitortzakoa ere. Ordea, jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Egileak berak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez, hitz egiten du obra honek. Bertolt Brecht-ek egiten zuen antzera, gai bat paratuko digu begien aurrean, distantzia hartuko dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan irakurleok gure istorioa idatz dezagun.
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Susa literatura argitaletxeak batera sortutako bilduma da Ganbila. Eta orain antzerki testuak, kritiak eta ikusentzunezkoak batzen dituen webgunea ere abiatu dugu sarean. 153 teatro lan batu dira orain arte, egilez, urtez eta izenburuz sailkatuak. Halaber, teatro kritiken hemeroteka bat ere badauka Ganbila.eus atariak eta 224 artikulu daude bilduta. Teatroari lotutako ikusentzunezkoak atalean, 31 bideo daude ikusgai.
Eka
08
22
Kezka batetik abiatu zen Soka idazteko txinparta. Jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Mikel Gurrea egileak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez hitz egiten du obra honek. Gai bat paratzen digu begien aurrean, distantzia hartzen dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan guk gure istorioa idatz dezagun. Gurrea zinemagilea ere bada, eta nabari da: zinematografikoa da oso darabilen idazkera. Tanttaka Teatroak eszenaratu zuen obra, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean eta Iñaki Rikarte aktore zela. Obraren gidoia jasotzen du Ganbila bildmako zenbaki honek, Bernués eta Rikarteren testu banarekin.
Eka
07
22
Ane Labaka Mayoz bertsolaria eta Beatriz Egizabal bakarrizketalaria plazaz plaza ibili dira 2017tik Erradikalak gara eta Erradikalak ginen ikuskizunekin. Bertan, neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta beste hainbat gairi buruz kantatu eta kontatu dute bakarrizketa eta bertsoen bitartez, umoretik, generoen arteko desparekotasunak ez ezik feministon kontraesanak ere agerian utziz. Hain zuzen ere, emanaldi horietako gidoiak daude bilduta Erradikalak izeneko liburu honetan, egileek obrari buruz idatzitako testu batekin eta Jule Goikoetxea Mentxakaren hitzaurrearekin batera. Hibrido moduan sailka dezakegun lana da Ganbila bildumaren 16.a osatzen duen hau, bertsogintzatik eta clown mundutik eraikita baitago.
Eka
02
22
“Urtsua deitzen dugun mazela bati josia bezala” dago Hegiko borda, eta hangoxeak dira Janbattit Dirassarrek luma trebez Hegiko Borda liburura (Elkar, 1995) bildu zituenak. Ume eta gaztetango kontakizunak, pasadizoak, bizipenak, toki bat bainoago bizimodu bat erakusten dutenak, inoiz ukitu kostunbrista izanagatik ere, bizi eta dotore azalduak. Jardunez eta jendez populatuak, interes handiz irakurtzen direnak. Ziburuko Liburu Azokan merezitako omenaldia jasoko du Janbattit Dirassarrek. Hona hemen irakurgai liburua, idazlea omentzen hasteko abiapuntu ederra izan daitekeena.