Aza
23
22
Kontakizun handien aurrean, keinu soilen egia zalantzatian jarri du begirada Elena Olavek Keinura itzuli poema liburuan. Testuaren eta bizitzaren arteko mugak arakatu ditu, nola bilatu poetika berri bat agerikoa ez denaren zurrumurruan, nola eternoak nahi luketen uneen testuran. Gorputza du horretarako esplorazio zelai poetak, hura inguratzen duten kontzeptuak, irudiak eta galerak. Osorik irakur dezakezue liburua sarean.
Aza
17
22
Garizkoak eta goroldiozkoak, bi paisaiek egiten dute bat lehen pertsonan emandako kontakizun honetan. 50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharrago dela jabetu den emakume bat ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan. Semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika. Orainaren gogoa eta oroimenaren galdera Anari Alberdi Santestebanen lehen liburuan. Osorik irakur dezakezue sarean.
Aza
11
22
Argia. Fokua. Ikusgarritasuna. Aitortza. Bai, horiek guztiak behar dira existitzeko, ikusiak izateko, eta, hala, eragin ahal izateko. Alabaina, hori da patriarkatuaren ezaugarrietako bat, emakumeen gaineko itzala. Eta hori da zeharkatzen gaituen sistema. Leire Milikua Larramendiren Lur gainean, itzal azpian liburuan emakume nekazarien parte hartzearen egoera gerturatzea da asmoa: batetik, erakusteko emakumeek sistema patriarkaleko edozein arlo eta eremutan dituzten egiturazko ezaugarriak partekatzen dituztela; eta, bestetik, ikusarazteko nola landatar eta nekazari izaerak zapalkuntza-geruza gehigarriak dakarzkien testuinguru urbanozentrista eta kapitalistan. Irakurgai duzue Leire Milikua Larramendik emakume nekazariez eta parte hartzeaz Lisipe bilduman idatzitako saiakera.
Aza
09
22
Uruguaiko eta Espainiako diktadurei ihes egin behar izan die Cristina Peri Rossi poetak, egun Bartzelonan bizi denak, eta bere ahotsean esperientzia unibertsalak topatuko ditugu. Maria Osesek euskarara ekarri dizkigu, poetaren urtemugaren karietara, haren 15 poema, hementxe eskaintzen dizkizuegunak.
Aza
04
22
Duela 55 urte, 1967ko azaroaren 2an hil zen Caracasen Andima Ibinagabeitia. Euskal kultur eta literaturaren langile handia, Euzko Gogoa aldizkariarekin egindako lana azpimarratzekoa da. Beste hainbat alorretan lanean jardundakoa, idatzi ere idazten zuen, eta Pako Sudupek osatu zuen, Elkar etxeak plazaratua, Andimaren idazlan hautatuak obra. Ibinagabeitiak idatzitako artikuluen antologia bikain batetaz gain, hark idatzitako artikulu guztien erreferentzia dakar. 2000. urtean, berriz, Erbestetik barne-minez kaleratu zuen Susa argitaletxeak, Ibinagabeitiaren gutunak jasotzen dituen liburua. Biak dituzue irakurgai.
Aza
03
22
Editore eta kultur eragile inportantea izan da Leopoldo Zugaza durangarra. Atzo zendu zen. Euskal letren munduan aspaldi murgildua, 1975etik aurrera euskarazko liburuak eta euskal gaien ingurukoak kaleratzen hasi zen, Leopoldo Zugaza argitaldaria izenpean.
1975etik 1979ra bitartean ia 40 liburu argitaratu zituen, horietatik lehenetakoa Mikel Zarateren Ipui antzeko alegi mingotsak. 1977an Irrisko sorta poema liburuen bilduma abiarazi zuen Manu Erzillaren Hitzik ainitz idatzi dut poemarioarekin, eta gero beste zazpi etorri ziren, 1979ra arte.
Gerediaga elkartearen eta Durangoko liburu azokaren sortzaile eta bultzatzaile, oraindik Durangon zabalik dagoen Hitz liburudenda ere sortu zuen Zugazak. Zarautzen Olerti etxea sortu zuen.