1922an plazaratu zuen Charmes ou poèmes liburua Paul Valeryk, beste batzuen artean Itsas hilerria (Le Cimetière marin) poema zekarrena, hain famatua Frantziako literaturan. Poeta goiztiarra, sinbolismoaren bidetik jo zuen, nia protagonista zuen poesia landuz. 1892an, krisi existentzial betean, poesia idazteari utzi zion, eta ez zuen berrartu 25 urte geroagora arte. Miel Anjel Unanuak euskaratu zuen 1990ean Hegats aldizkarian Itsas hilerria, Valeryren jaiotzaren urteurrenean dakarkiguna.
Urriaren 30 batez jaio zen Angela Figuera poeta, Bilbon. Langile giroko emakumeei kantatzen zien idazle konprometitua, zenbait poemario eman zituen argitara frankismoaren garai ilun haietan, 1950 eta 70ak bitartean. Gabriel Arestiren laguna, honek ekarri zuen euskarara Aingeruen zuzenbidea obra, eta Egan aldizkarian plazaratu 1960an.
Free-jazzak batzen ditu Ibon Rodriguez Garciak euskarari ekarri dizkion Daniel Salgadoren lau poemak. Musikari eta musikariei eskainitako lau pieza, Rodriguezek berak duela urte batzuk itzulitako Albert Aylerrentzako loreak liburuko bi poemei gehitzen zaizkie hauek, poeta galegoaren lanaren erakusgarri.
Zerua argi egon arren, arnasa hartzea hain erraza ez den paisaia bat hedatzen da Dena zulo bera zenipuin liburuan. Edertasunaren eta heriotzaren igurtzi amaigabean, bakea ez, egia aitzurtu nahia da protagonista. Laguntasuna eta sentsualtasuna ageri dira, olatu artifizialak eta uharteak, doluen aurreko doluak, zorion moderatua, esku batzuek egin dezaketena baina sekula egingo ez dutena. Hendaian, Bordelen, Donostian, Irunen, Koh Phangan-en, Hondarribian, Errenterian; elkar besarkatuta kabitzeko moduko zulo txiki batekin aski zatekeen. Gauza guztien azken aldi bat —eta ondorioz lehena— aurkituko du irakurleak Eider Rodriguezen bosgarren ipuin liburuan. Osorik irakur dezakezue sarean.
Literatura eta artea baliagarritzat jotzen zituen Amiri Barakak, ekintza politiko gisa erabiltzekotan; Amerika zuriaren suntsitzeko, adibidez. Antzerkigile, poeta eta aktibista, 1934ko urriaren 7an jaio zen 60etako intelektual beltz nagusietarik bat izango zena. Haren heriotzaren urtean, 2014an, Itu Bandakoek sei poema itzuli zituzten, eta urte berean Elearazin Galder Ruizek Zergatik gara gu Amerikarrak?bideo-poema euskaratu zuen.
euskarazko azpitituluak
Testua emateaz gain, Amiri Baraka bera ikusi eta entzun daiteke poema errezitatzen, euskarazko azpitituluekin; eta egundoko indarrarekin. 2015ean, Literaturiaren baitan, eta EIZIEren ekimenez, ariketa bera egin zuen Nagore Tolosak, Baten batek Amerika leherrarazi du poemaren errezitaldia euskaraz azpidatziz, segidan eskaintzen dizueguna.
Mendea bete da urriaren 5ean Youenn Gwernig poeta, kantari eta letragilea jaio zela. Eskolan frantsesez ikasia, hizkuntza horretan hasi zen idazten, baina New Yorkera joan zelarik, bretoieraz idatzi zituen poemak, aita eta amonagandik jasotako hizkuntzan. Jack Kerouacen ezagutza egin eta hark uler zezan, ingelesez ere idatzi zuen. Atzera sorterrira joanda, kantak eta kantuan egiteari ere lotu zitzaion (E kreiz an noz, Gauaren erdian ezaguna, besteak beste). Bretoierazko letra eta kulturako izen handietako bat, New Yorkeko hamar poemaekarri zituen euskarara Koldo Izagirrek, ingeles itzulpenarekin argitaratu zuen Un dornad plu (Al Liamm, 1997) bildumatik hartuak.
Joxe Azurmendi hil zela hiru hilabete bete diren egunean, Hitz berdeak (1971) audio liburu formatuan eskaintzera gatoz auzolan eskuzabal bati esker. Azurmendiren obra literarioaren erraldoiak ia ertz batean laketzera kondenatua du XX. mendeko poesiaren mugarrietakotzat har daitekeen lan hau. Manifestu atzeratua ere emendatu diogu, zentsurak liburutik kanpo utzi bazuen ere, garai bertsuko erreferentziazko olerkia delakoan. Auzolanean, ahots koru zabala osatuta erdietsi da egitasmo hau burutzea. 102 ahots elkartu diraHitz berdeak liburuko 142 poemak grabatzeko. Manifestu atzeratua, berriz, 53 ahotsen arteko mosaiko koral txatalkatuan emandako aldaeran dakargu.