Mar 05 26

Anna Akhmatovaren poesia

Poeta errusiarretan gailenetako bat izan zen Anna Akhmatova, gaur 60 urte Moskun hil zena. Zenbait adituk akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute; ordura arteko sinbolismoaren kontrakarrean, poesia lurtarragoa eginez. Akhmatovak hizkera poetiko konkretua eta gardena hautatu zuen. San Petersburgoko Tsarskoie Selo aristokrata-auzoan pasatutako gaztaro pindartsuaren eta hasierako arrakastaren ondoren, errotik aldatu zitzaion bizimodua Urriko Iraultzaren ostean, senarraren fusilaketa eta semearen atxiloketarekin batez ere, eta beste zidor batzuk hartu zituen halabeharrez haren poesiak ere. Hein handi batean, heriotza, pairamendua, memoria eta dolua gailendu zitzaizkion maitasunaren gai ardatzari. Euskaraz Laura Mintegik jarri zuen lehenengoz, Ttu-Ttuá aldizkarian, eta gerora Itxaro Bordak Maiatz-en. Hemen irakur daitezke poema horiek. Edukiari ez ezik formari ere erreparatuta, Josu Landak, azkenik, Munduko Poesia Kaierak bildumarako antologia prestatu zuen, online hemen irakur dezakezuna.

Mar 01 26

Sarajevoko setiokoak

Duela 30 urte, 1996aren otsailaren 29an amaitu zen, ofizialki bederen, Sarajevoko setioa. 1.425 egun eta gauren ostean. Zuzenean bizi izan zuen Izet Sarajlic idazleak, eta Sarajevoko gerrako bilduma liburuan jaso, Bosniako hiriburuko setioaren eta oro har gerraren poema bidezko kronika eta gogoeta aparta den obran. Hitzen Uberan gunean Sarajlici eskainitako artikuluan haren zenbait poema euskaratu zituen Oier Guillanek, eta gerora Iñigo Astizek zazpi poema itzuli zituen, hemen eskaintzen dizkizuegunak.
izet

Agenda

Efemerideak

Kritikak