Ira
27
06
1906ko irailaren 27an, duela100 urte, jaio zen AEBetako Oklahoman Jim Thompson idazlea, eta 1977an hil. Bere herrian hasieran arrakastarik izan ez bazuen ere, genero beltzaren maisutzat hartzen da gaur egun, askoren ustez Hammett eta Chandlerren pare. Euskarara ere ekarria izan da Jim Thompsonen lana: 1.280 arima (Elkar, 1986) Xabier Olarrak euskaratua, Ihesa (Igela, 1991), Juantxo Zigandak euskaratua, eta Emakume demonioa (Elkar, 1994), Idoia Gillenea euskaratzaile duela. Azken bi hauek osorik eskaintzen dizkizugu. Udazken honetan, bestalde, Miel Anjel Elustondok itzulita, Igelak Hiltzaile bat nire baitan kaleratuko du. (gehiago…)
Ira
24
06
Mendebaldeko egungo gizartearen satira zorrotz jorratzen duen idazlea da Chuck Palahniuk, zinemak mundura hedarazitako Fight Club nobelaren egilea, besteak beste. Gerora ezagun bakarrik ez, ikono eta guru ere bilakatu da. Belaunaldi oso baten ordezkaria da: Bret Easton Ellis, Irvine Welsh eta Douglas Couplandekin X belaunaldia eramaten edo ekartzen omen du lerroetara. Satirarako duen gaitasunak harritzen du bere liburuetan. Hauntedda bere azken lana.
Ira
21
06
1985ean argitaratu zuen Susa argitaletxeak Jon Aranoren Bileterik gabe poemarioa. Ahots kritiko eta mutiria zekarren plazara, baina ez estilorik gabea, ez zalaparta hutsa, idazlearen garaiko oihua izanagatik ere, jantzi klasikoagoez ere janzten bazekiena. Aranoren poesiaren oihartzuna Malezia sorta liburuak berretsi zuen (Susa, 1990), eta 2002an XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman jaso zen haren poemen antologia bat. Hemen irakur dezakezu.
Ira
21
06
Bi liburutan kaleratu zuen Bernard Larregik Royaumonten Biblia ospetsuaren euskal bertsioa, biak izenburu berarekin: Testamen Zaharreko eta Berriko Historioa. Guztiarekin ere, argitaratze orduko premiak zirela eta, lehen liburukian (1775) argitaratu ez ziren Testamentu Zaharreko hainbat atal ere eskaini zituen printzipioz Testamentu Berriari bakarrik zegokion bigarren liburuan (1777); horrezaz gainera, saindu batzuen bizitzak ere erantsi ziren bigarren liburuki hartan. Nahasmendu hori guztia gogoan harturik, eta horrelako testuei zor zaien begiruneari inolako traiziorik egiten ez zaiolakoan, Klasikoen Gordailuak hiru multzo desberdin baina trinkotan banatu du Larregiren obra guztia: Testamentu Berriaz diharduena, Testamentu Zaharrari dagokiona eta, azkenik, sainduen bizitzez ari den atala. Jadanik sareratuta dagoen Testamen Berriko Historioa (1777) delakoari, bada, Testamen Zaharreko Historioa (1775-1777) eta Zenbeit sainduen bizitzea (1777) eransten zaizkio gaurkoan, hiruak liburu desberdinak balira bezala. Parada ezin hobea, beraz, lehenago emana ez genuen Abisua irakurtzailleari delako proemiotik hasi eta Larregiren hizkuntz bizitasuna dastatzeko.
Ira
14
06
XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumak Juan kruz Igerabideren poemen antologia jaso zuen 2002an. Hainbat jenerotan jarduna —narrazioak, saiakera, eleberria, aforismoak—, poesia du bere literaturgintzaren zutabeetako bat Juan Kruz Igerabidek, eta bereziki nabarmentzekoa da haur eta gazteentzako poesiaren alorrean egindako lana. Ildo horren arrastoekin, ahots propioa garatu du idazleak bere poemarioetan: Notre-Dameko oihartzunak (Elkar, 1984), Bizitzarekin solasean (Elkar, 1989), Sarean leiho (Alberdania, 1994) eta Mailu isila (Alberdania, 2002). Hona hemen Susak kaleratu zuen Poesia Kaiera.
Ira
14
06
Sebastian Mendibururen idazlan guztiak sareratzeko xedea bete nahi du gaurkoan Klasikoen Gordailuak. Hori zela eta, oiartzuarraren Euskaldun onaren biziera (1762) liburua eta hainbat irakurlek faltan nabari zuten otoitzgaien sorta mardula (Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I) (I) —1759, 1904—, Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II) —1760, 1904— eta Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (III) —1760, 1905—) erantsi zaizkio orain arte eskainitako idazlanen zerrendari. Erlijiozko literaturaren zaleek ez ezik, hizkuntzaren dastatzaileek ere badute non bazka, beraz
Ira
13
06
2002ko urtarriletik astero igorri ditugu literatuaren inguruko albiste eta ekitaldien iragarpenez osatutako Literatur Emailuak —bidalketa guztiak ikusgai dituzu—. Aurrerantzean, orain arteko Emailu bakoitzeko albiste guztiak batu eta Emailuen bloga izango dugu; astero astero elikatuko duguna. Hamaika sail ezberdinetan, hemendik aurrera ere; orain arte bezala, literaturaren inguruko albiste, argitalpenen berri, efemerideen gaineko lotura eta literatur ekimen ezberdinen agenda osatuko dugu. Blogean gainera, susa-literatura.eus eta armiarma.eus guneetako informazio gehiago (Kritiken hemeroteka, nazioarteko efemerideak…) izango ditugu eskura.
Ira
10
06
Kantu egile gisa goretsia, idazle gisa erdeinatua. Abeslari baino lehen poeta, abestiak egiterakoan ere poeta. Mende erdi bete da Leonard Cohenek Let us compare mythologies poema liburua kaleratu zuenetik.
Ira
07
06
Narratiba eta kazetaritza lanekin batera, poesiak aparteko tokia du Pako Aristiren literatur lanean. Iraileko ipuin eta poemak (Elkar, 1989) liburuan publikatu zituen lehen poema haien ondotik, segida xamarrean kaleratutako bi poemarioek —Castletown (Erein, 1996) eta Oherako hitzak (Erein, 1998)— erakutsi ziguten Aristiren poesigintzaren ildo nagusia: egunerokotasuna, bizitzea, amodioa, konpromiso etikoa… Bere poesiarik narratiboena dakar Libreta horiko poemak (Susa, 2003) lanak, kaleratu duen azken poema liburuak. 2001ean XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Susak Aristiren poemen antologia bat. Osorik eskaintzen dizugu orain.