maiatza 31 18

Erreka haizea, Sonia Gonzálezen saiakera

Sonia Gonzálezek bere azken liburua aurkeztuko du maiatzaren 31n: Erreka haizea. Egunerokotasuneko bizipenetatik abiatu da egilea liburu honetan, munduaren gaineko ikuspegi kritikoa emateko. Bizitzaren arrakalak disekzionatu ditu, eta zirrikituetan ezkutatzen diren sakoneko desberdintasunak, minak, ezin esanak azaleratu. Baina baita indarra ere, isiltasun behartuari hitzarekin erantzuteak ematen duen indarra. Erreka haizearen epeltasun itogarria lagun, testu laburrez osatutako arnas luzeko liburua da hau. Harremanetan estutzen gaituzten botere desberdintasunez, isilpenaz, heriotzaren hautu kontzienteaz. Osorik irakur dezakezue Susaren webgunean.

maiatza 30 18

Pita Amorren zoro ederra

Ehun urte maiatzaren 30 honetan, edo ehun eta bat (1917an jaio ote zen ere ez omen da segurua) Pita Amor, poeta izan zitekeenik inork espero ez zuen emakume eder, nartziso, lotsagaldua jaio zela mailadi sozialean gainbehera zetorren aristokraziako familia batean. Hala ere etxepe hartan Rivera eta Siqueiros bezalako artistek erakusten zituzten beren oihalak. Riverak, hain zuzen, Amorren biluzi bat margotu zuen. Maite zuen biluzia Pita Amorrek, azpikorik gabe jantzi ohi zen eta are gainekorik gabe ere, parranda gauetan. Artisten eta intelektualen musa bihurtu zen. Lainezan bizi zen ume liluragarri haren eskandaluen gorienean, Neu dut etxe azaldu zen (Yo soy mi casa, 1946). Ezin sinetsikoa. Nondik poema haiek? Alfonso Reyesek eta Xavier Villaurrutiak, besteak beste, bazekiten Pitaren idazteko premiaz. Paper soltetan, ezpain-lapitzarekin badere. Haiek lagundu zioten idatzitakoari koherentzia ematen liburuan. Publikoaren harridura ulergarria da: gorputzaren plazeretan bizi zen hark itomenak zeuzkan, kezka existentzialak, panpinak ezereza eta errautsa hartzen zituen gai… Eta zehatz idazten zuen, sakon idazten zuen, hitzak ankerki hautatuz. Pitaren iloba den Elena Poniatowskak esana du perfektuak direla haren sonetoak. Gorputza biluzten zuen bezala biluzi zuen arima, eta emakumearen sexu askatasunaren sinboloak dimentsio berri bat hartu zuen. Emankorra, Pitaren zoroa. Hona haren zazpi poema.

maiatza 24 18

Aingura Literaturian jarrita

Literaturiaren edizio berria egingo da maiatzaren 24tik 27ra bitartean Zarautzen, Aingura lemapean. Maiatzaren 24an, osteguna, Autobiographical poesia-antzerki interpretatu saioa eskainiko dute Ane Zubeldia eta Eider Perezek.
Maiatzaren 25ean (ostirala) EIZIEk mikroipuinen itzulpen tailerra antolatu du eta Artze gogoan izango dute Andoni Salamero eta Miriam Lukik Antoniano aretoan.
Maiatzaren 26an (larunbata) goizeko 10:20an hasita aurtengo liburu berrien aurkezpenak egingo dituzte idazleek: Errepidean liburuaren itzulpena Iñigo Roquek, Zauri Bolodia Oier Guillanek Iraia Elias ondoan duela, Lucien Etxezaharreta eta Juankar Lopez-Mugartzak Arima Animalia, Zu entzuteko gaude Xabier Mendigurenek, Neska bat leku inposiblean Xabier Amurizak eta Bioklik Asel Lusarragak. Arratsaldean berriz, Judith Butler idazlearen Genero nahasmendua aurkeztuko du Ana Isabel Moralesek, Keinu konplizeak errezitaldia egingo du Karlos Cid Abasolok Arantza Plaza eta Xabier Amurizarekin, Erreka haizea saiakerari buruz mintzatuko dira Sonia Gonzalez eta Miren Agur Meabe eta Emakume burugabea aurkeztuko dute Antxiñe Mendizabal eta Miriam Lukik. Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak Alice Munroeren itzulpenaren berri emango du Isabel Etxeberriak.
Maiatzaren 27an (igandea) Oroimenaren aingura izeneko mahainguruan Anjel Lertxundi, Andoni Tolosa Morau eta Maddi Zubeldia Alzheimerra eta gaixoen zaintzari buruz arituko dira, Jon Abrilen gidaritzapean.

maiatza 22 18

Claude McKayren poemak

Harlemgo Berpizkundea mugimenduko kide esanguratsuetakoa dugu Claude McKay, 1948ko maiatzaren 22an hil zena. Jamaikan jaioa 1889an, gaztetandik batu zitzaion nazionalismo beltza deituari, bere herriaren eskubideen defentsa sozialismoaren lerroetatik. Idazle gisa erreferentzia izan zen, bai bere eleberriak (Home to Harlem bereziki), bere poesia eta oro har artikulista gisa egindako lana. Bere heriotzaren 70. urteurrenaren karietara, Iñigo Astizek euskarara ekarri ditu haren lau poema.

maiatza 17 18

R arrazarena, Mark Twain

AEBetako idazle handietako bat da Mark Twain, unibertsalak dira dagoeneko Tom Sawyer eta Huckleberry Finn. Kazetaria, editorea, idazlea. Izenduna AEBetan, munduan ibilia, bere idatziek, urteen poderioz, eskubide zibil eta sozialen aldeko aldarriak bildu zituzten: esklabotzaren aurkakoak, sufragismoaren aldekoak… 1973an Maxwell Geismarrek liburu batean bildu zituen Twainek arrazaz, erlijioaz, iraultzaz eta beste hainbat gaiz idatzitako testuak, R arrazarena liburuan, 1988an Susa argitaletxeak publikatua Mitxel Sarasketaren itzulpenean. Osorik eskaintzen dizuegu.

maiatza 11 18

Izet Sarajlicen Sarajevo

XX. mendeko Bosniako poeta handienetako bat da Izet Sarajlic. Obra oso ugari baten egile —1949koa du lehen poemarioa, hogeitaka idatzi zituen, prosa…—, 1992-1995 epeko Sarajevoko gerrako bilduma liburuak egin zuen oso ezagun, Bosniako hiriburuko setioaren eta oro har gerraren poema bidezko kronika eta gogoeta itzela. Obra horretako zazpi poema ekarri ditu euskarara Iñigo Astizek, hemen eskaintzen dizkizuegunak. Lehenago ere, Hitzen Uberan gunean Sarajlici eskainitako artikuluan haren zenbait poema euskaratu ziren.

maiatza 02 18

Hannah Arendten lau poema

Duela 55 urte, 1963ko maiatzean eman zuen argitara, liburu euskarrian, Eichmann Jerusalemen, Hannah Arendt-ek (lehenago The New Yorker aldizkarian argitaratu zituen epaiketaren kronikak). Epaiketaren kronika baino gehiago den horrek, gaizki-az egindako gogoeta ere baden horrek are ezagunago egin zuen, eta polemikan sartu, ordurako pentsalari  eta idazle gisa lan handia egindakoa zena (bereziki Totalitarismoaren iturburuak). Saiakera eta kronikaz gain, ordea, poesia ere idatzi zuen Hannah Arendtek, eta euskarara ekarri ditu ale batzuk Hedoi Etxartek. Hemen dituzu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak