Abu
18
26
Duela 90 urte, 1936ko abuztuaren 18an, Espainiako gerra hasi eta hilabetera, hil zuten faxistek Federico Garcia Lorca. Izen ezinbestekoa literatura unibertsalean, asko izan dira euskarara ekarritako haren lanak. Poeta New Yorken (Erein, 2003) osorik itzuli zuen Juan Luis Zabalak, eta baita poeta granadarraren antologia ederra bildu ere Munduko Poesia Kaierak bilduman. Horretaz gain, Lauaxetak, Gandiagak, Arestik eta beste zenbaitek euskaratu dituzte Garcia Lorcaren lanak, gehienak Armiarman irakurgai daudenak.
Abu
14
26
Gaur egun Lituania den Szetejnien jaioa 1911n, 2004ko abuztuaren 14an hil zen Cracovian Czeslaw Milosz idazle poloniarra. Poeta handia, 1980an Nobel saria jaso zuen. 1984an Pamielak karrikaratutako Alkohola poemak libururako haren bi poema euskaratu zituen Tere Irastortzak. Maiatz aldizkariaren 9. zenbakian, berriz, 1985ean, beste poema bat argitaratu zen. Eta Literatur Gazeta-k Nobel saria jaso zuenean eginiko hitzaldia plazaratu zuen, Eduardo Zabalak. Testuok orrialde batean bildu genituen. 2011n, berriz, Iñigo Astizek euskaratu zituen 11 poema.
Abu
11
26
Hogei urte abuztuaren 11n Mazisi Kunene idazlea hil zela. XX. mendeko Afrikako kulturan izen erreferentziala, euren identitatearen oinarriak berreskuratzeko ezinbestekotzat jo zuen Aime Cesairek. Poeta, kultur eragilea, apartheid-aren aurkako ekintzailea, zulueraren ahalduntzea bultzatu zuen, hizkuntza hegoafrikarren ondarea ere bilduz eta lehen mailara ekarriz. Beren hizkuntzetan egindako lanak ingelesaren parera igotzeko lan egin zuen, bereziki hizkuntza eta kultura zuluaren aldarri eginez. Poeta, haren zazpi pieza ekarri zizkion euskarari Gotzon Barandiaranek. Arantxa Hirigoienek ere poema bat euskaratua zuen Susa aldizkariaren 33. zenbakian.
Abu
09
26
Hogeita hamasei urte zituela, duela 30 hil zen, 1996ko abuztuaren 9an, May Ayim idazlea. Hanburgon jaioa, ama alemaniar eta aita ghanatar banaren alaba, gaztetatik izan zuen interesa kultura afro-alemaniarrarekiko, eta Ratisbonako Unibertsitatean defenditutako tesiak ere horixe izan zuen gaitzat. Bere saiakerez kanpo, gai hori jorratzen dute Ayimen poema ugarik. Bereziki gurasokeriazko diskurtsoak zituen jomugatzat, arrazakeria isil hori, etorkorra dena ulerkorra bainoago. Irakurleari atsedenik ematen ez dion poesia da berea, ez boteretsuen ez besteen hobenik garbitzen ez duena. Munduko Poesia Kaierak bilduman irakur daiteke Garazi Ugalde Pikabeak egindako itzulpenean.
Abu
03
26
XX. mendeko autore katalan polemikoenetako bat izan zen Maria Aurèlia Capmany (Bartzelona 1918-1991), idazle eta itzultzaile katalana, frankismoaren kontrako eta feminismoaren aldeko ekintzaile sutsua. Familia ezkertiar, katalanista eta oneko kide izanik, txikitatik piztu zitzaion gai sozial, politiko eta kulturalekiko garra, eta lur horretan errotu zen bere literatura. Eleberriak eta antzerki-lanak ditu ezagunenak, baita haur literatura ere. Gutun-liburu bat ere badu, Gutun lotsagabeak Emakumetik emakumerako gutun lotsagabeak, eta hango bat euskaratu zuen Danele Sarriugartek, Hiltzaile batek emakume zintzo bati.
Abu
01
26
Egile esperimental garrantzitsuenetakotzat jotzen da Ernst Jandl idazle austriarra, duela 101 urte abuztuaren lehenean jaioa. Tradizio dadaistan hasia, hitz-jokoak, esperimentatzea, umorea… izan dira bere poesiaren ezaugarri nagusiak. Antzerkia eta opera ere idatzitakoa, Iñigo Astizek eta Samara Veltek euskarara ekarri zituzten hamar poemetan testuen edukiak bezainbat antolamenduak ere duen garrantzia nabari daiteke. Luigi Anselmik Bertzerenak (Pamiela, 2006) liburuan itzulitako bi poema ere jarri ditugu irakurgai.