maiatza 30 16

Brendan Behanen hiru poema

Txikitatik jaso zuen Irlandako literaturaren berri etxean, errepublikazale eta langile klaseko giroan. Lanbidez pintorea, urte gehienak borrokari eman zizkion Brendan Behan idazleak. IRAko kidea, hainbat urtez egon zen preso. Poesia idatzi zuen hasieran, irlanderaz, baina arrakasta antzerkitik etorri zitzaion: The Quare  Fellow eta The Hostage lanengatik batez ere. Kronikak eta memoria liburuak ere idatzi zituen: Borstal Boy autobiografikoa, adin txikikoen kartzelako esperientzia kontatzen duena, Confessions of an Irish Rebel… eta baita narrazioak ere. Pertsonaia publiko eta ospetsua, 41 urte zituela hil zen. Dublindarraren hiru poema dakartzagu, Paddy Rekaldek euskaratuak.

maiatza 24 16

Josep Romanilhari ebatsiak

Okzitaniako idazlerik garrantzitsuenetakoa da Josep Romanilha. Eskolako errienta, Federi Mistral izan zuen ikasle eta, urteetara, elkarrekin jardungo zuten Felibreen mugimendu linguistiko-literarioa sortzen eta zabaltzen. Idazle ez ezik editorea ere izan genuen, eta okzitanierazko literaturaren harroaldiko epizentroa izan zen bere liburu-denda. Poesian hasi bazen ere narrazioan atera zituen zakukoak, ahozko tradizioa jaso, edertu eta piperrez ondua emanik bere herriari. Robert Lafon irakasle eta saiakeragile handiak frogatua duen bezala, Alphonse Daudet ezagunaren zenbait obra Romanilhari eginiko plagioak dira, manipulatuak, noski, protagonista jator eta politikoki ez biziki zuzenak ziren okzitaniar lotsagabeak paristarren eta oro har turisten gustuko etnotipoak bihurtuta. Romanilhak, ondarea aberasteaz gain, idazkera  molde berri bat proposatu zuen, proventzala oinarri, latinisten eta populisten artekoa, publiko zabalaren mesederako. Urtez urte Mon Dimanche astekarian eman zituen ipuinak bilduman argitaratu zituen Li conte Provençau (1883) tituluarekin, eta data hori ezarri ohi da okzitanierazko prosa modernoaren sorreratzat. Ipuinotan dago Cucugnan-go medikua ospetsua (Lou mège de Cocugnan), Daudetek aurrez beretzat hartua edo saldua (Le medecin de Cocugnan). Plagio honek beste bi plagio probokatu zituen gure letretan: Jean Hiriart Urrutik berea balitz bezala sinatu eta iturriarekiko inolako aitorrik gabe Hilak hil izenarekin argitaratu zuen (RIEV, 1907) Cucugnan herria Garroze herria bihurtuz;  geroago Leon Leonek bertsio labur bat argitaratu zuen Bihurriko medikua izenarekin (Gure Herria, 1927) Bihurri herria asmatuz Cucugnan (edo Garroze, auskalo) ezkutatzearren. Hiriart Urruti baita apez saindu biotan Romanilharen testuari lotuena, haren plagioa eskaintzen dizuegu aste honetakoan, Okzitaniako literaturari barkamena eskatuz eta Josep Romanilha handiaren gorazarre gisa, 125 urte direnez hil zela: Gora Romanilha gurea eta kiskal bitez infernuan ohoinak oro jeloskorrez!

maiatza 18 16

Arrotz eta eder, Pako Aristiren poema liburu berria

Literaturiarekin bat eginik, Arrotz eta eder poema liburua aurkeztuko du Pako Aristik jendaurrean, Donostiako Liburutegi zaharrean. Noiz izan gara ederrago 17 urte genituenean baino?, esan ohi da xaloki; denok baitugu mundua perfektua izan zeneko oroitzapen bat, nork berea, uste izanik zerbait irabazten edo zerbait galtzen dugula biziaroen kontrakarrean. Nolanahi ere den, poetak gogorarazten digu, arrotz garela herentzia kultural eta sozialaren menpeko bizi garen artean; eta menpekotasun horretatik askatzen garenean agertzen dela gure benetako izaera, eder bihurturik. Noiz izan gara ederrago gaur garena baino? Pako Aristik, uztailaren 16an, Eako Poesia Egunetan egingo du lehendabiziko errezitaldia.

maiatza 17 16

Mario Benedettiren 13 poema

Uruguai eta oro har Hego Ameriketako urte ilunei letren argia jarriz bizi izan zen Mario Benedetti. Eleberrigile, antzerki autore eta poeta, Hego Ameriketako XX. mendeko bigarren erdialdeko literatur mugimenduetan ahots nabarmenetakoa izan zen, gizartean zapalduei ahotsa eman ziena, hain zuzen ere. Maiatzaren 17an sei urte hil zela, haren hamahiru poema dakartzagu sarera, Xabier Bovedak euskaratu eta Idatz& Mintz-eko 59. alean argitaratutakoak.

maiatza 11 16

Literaturia, plazer hutsa

Literaturiaren zortzigarren edizioa egingo da maiatzaren 19tik 22ra bitartean Zarautzen, larrua gai gisa hartuta eta “Plazer hutsa” lelopean. Miren Agur Meabek egingo du sarrera hitzaldia, Isaac Xubin idazle galiziarrak Sarrionandiaren poemak irakurriko ditu, Anne Sextonen poemen errezitaldia eskainiko du Harkaitz Canok, Itu Bandak “Isabel Iturberen bizitza eta heriotza” estreinatuko du, Ekhine Eizagirreren Alde erantzira nabil poemetan oinarritutako ikuskaria izango da, Eider Rodiguezekin eta Kirmen Uriberekin solasean jardungo dute. Eta Garoa liburu-dendan liburu berriak aurkezten ariko dira: Oier Guillan, Peru Magdalena, Joxean Agirre, Asier Serrano, Aritz Mutiozabal, Pako Aristi, Goiatz Labandibar, Egoitz Zelaia, Markos Gimeno. Antzerkia Metrokoadroka kolektiboaren eskutik. Eta musika emanaldiak: Ruper Ordorikak, Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik. Hementxe duzu egitaraua.

maiatza 07 16

Jerzy Lecen Aforismoak

Galitzia eskualdeko Lwow herrian jaio zen Stanislaw Jerzy Lec (1909-1966), Polonian. Poema eta artikulu satirikoak publikatu zituen gaztetan. Judua zenez, Tanopol kontzentrazio eremura eraman zuten alemanek Polonia inbaditu zuteneko (1941). Bi urte geroago ihes egin zuen suntsimenetik, eta partisano poloniarrekin ekin zion erresistentziari. Gerra amaitutakoan Szpilki aldizkari satirikoaren sorreran hartu zuen esku, baina, gerraurreko ildoari jarraituz, poemagintzan saiatu zen bereziki: Bizitza umorezko poema da (1948), Poema berriak (1949) eta Israelen bizi izan zen bi urteren emaitza zuen Jerusalemgo eskuizkribua (1956). Estalinismo aroaren amaierarekin (1956), trabarik gabe publikatu ahal izan zituen bere senaren emaitzarik onenak, aforismoak, arrazoiketa sakonik eta argudiatze sendorik behar ez duten pindarrak, espiritu zorrotzaren txinpartak (Ilea laztutako pentsamenduak, 1959). Bitxia da nolako argitasunak ematen dituzten Jerzy Lecen pentsamenduok estalinismoaz honatago ere kritika eta kontzientzia manipulatu nahi zituen sistema bati buruz. Agian, ez zaigu hain bitxia gertatuko egilea alderdi komunistako kidea zela eta Poloniako Herri Armadako itzulpen eta propaganda unitatean jardun zuela jakinik.

maiatza 05 16

Haroldo Contiren
ahots isilarazia

Gaur 40 urte eraman zuten, gaur arte. Argentinako Armadaren Inteligentziako 601 Batailoiak hartu zuen preso Haroldo Conti idazle eta irakaslea, eta desagerrarazi.  Hainbat eleberriren egilea (En vida; Mascaró), bere belaunaldiko idazle aipagarrienetako bat da. Idazlea eta ezkerreko militantea, Argentinako diktadurak jasaten ez zuen konbinazioa. Haren omenez, idazle buenosairestarraren eguna da Maiatzaren 5a, eta guk Anaia baten heriotza narrazioa eskaintzen dizuegu, Gotzon Barandiaranek euskaratua.

maiatza 03 16

Padraig Mac Piaraisen
hamar poema

1916ko maiatzaren 3an, gaur 100 urte, fusilatu zituzten Dublinen Tomas O Cleirig, Tomas Mac Donnchadha eta Padraig Mac Piarais, Pazkoko Altxamenduko buruzagietarik hiru. Altxamendua amaitu eta astebetera exekutatu zituzten matxinadaren lehenengo buruzagiak. Politikariak, iraultzaileak eta langile mugimenduko liderrak izateaz gain, haietako batzuk idazleak ere baziren. Inoizko iraultza literarioentzat joa izan da Irlandakoa. Eta haien artean, nabarmen, Padraig Mac Piarais, izen ingelesarekin ezagunagoa, Patrick H. Pearse (Thomas Clarke eta Thomas MacDonagh, kideenak). Poeta eta antzerkigilea (MacDonnchadha ere hala zen), euskaraz paratu ditugu haren hamar poema.

Agenda

Efemerideak

Kritikak