Uzt 28 05

Espaloian dago munduaren xilkoa

Joakin Balentziaren lehen poesia lana izan zen Espaloian dago munduaren xilkoa, 1989an Susa argitaletxearekin kaleratua. Aurreko urtean narrazio liburua kaleratua zuen Pamielarekin, Heriotzaren ipurdikoa izenekoa. Gerora, beste bi poema liburu argitaratu ditu, Gipuzkoa Donostia Kutxarekin saria irabazitako Amaigabeko zikloa 1995ean, eta 2002an, Hatsa Elkartearen bitartez, Egunkari ezkutua. Argitaratzen hasi aurretik, orduan ohizkoa zenez, literatur aldizkarietan egina zuen bidea, Korrok aldizkariaren atzean ziharduen taldean ibili baitzen. Osorik eskaintzen dizuegu Espaloian dago munduaren xilkoa.

Uzt 21 05

Gaua zulatzen duten ahausietan

1987ko azaroan kaleratu zuen Omar Nabarrok Gaua zulatzen duten ahausietan poemarioa. Lehenago hiru poema liburu kaleratuak zituen, hirurak Susa argitaletxearekin: Itxastxorien bindikapena (1985) eta Egutegi esperimentala (1986) berak bakarrik, eta Gizaeuropa (1986) Joseba Urizarrekin batera. Handik bi urtera kaleratu zuen Odoleko eskifaia,  Elkar argitaletxearekin, oraingoz bere azken poema liburua. Gaua zulatzen duten ahausietan liburuari Iñaki Goitioltzak (Iñaki Uriarte) egin zion hitzaurrea. Hemen duzu osorik.

Uzt 19 05

Jim Thompson: iruzurra eta bizi beharra

Ahaztu bat. Gerora Europan, Frantzian bereziki, berreskuratu zutena. Zinemak bizitza eman ziona, baina zinemak hil zuena. Handienetako batzuen filmetako gidoilari —Kubrick eta Peckinpah, besteak beste—, aktore ere bai —Farewell, My Lovelly—, industriak lurperatu zuen. Nouvelle Vagueko zuzendariek berreskuratu zuten gero. Beranduegi ordurako. Zinematik literaturara, aspaldi kaleratutako nobelak hasi dira itzuli eta berrargitaratzen orain.

Uzt 14 05

Katharina Blumen ohore galdua

1985eko uztailaren 16an, orain hogei urte, zendu zen Heinrich Böll idazlea.  Alemaniako Kolonia herrian jaio zen 1917. urtean, eta II. Mundu Gerraren ondorengo Alemaniako prosaren gailurretako bat izan da. Gerran parte hartu eta preso egon ondoren, 1947tik aurrera hasi zen idazten. Bere eleberriek Alemaniako gizartearen erretratu kritikoa osatzen dute. 1972an Nobel saria jaso zuen. Bere bi lan ezagunenetakoak euskaratuta daude, Pailazo baten aburuak eta Katharina Blumen ohore galdua (horrez gain nabarmentzekoa da Talde eta anderearen erretratua lana ere).  Lehenik, baina, Aingeru Epaltzak ekarri zuen euskarara bere narrazio bat, 1985ean, Korrok aldizkarian kaleratua: Lanerako zaletasuna gutitzeko pasadizoa. Jose Antonio Azpirozek euskaratu zuen Pailazo baten aburuak (Elkar, 1986), eta  Pello Zabaletak Katharina Blumen ohore galdua (Elkar, 1989). Azken hau osorik eskaintzen dizugu.

Uzt 12 05

Vinicius de Moraes: “Nork ordainduko ditu hobiratzea eta loreak, amodioz hiltzen banaiz?”

Musikagile bezala ezagunagoa, idazlea ere izan zen Vinicius de Moraes (1913-1980). Poemak idatzi zituen. Kristautasunaren balioez, eta beste. Heloisaz. Zineman ere jardun zuen, dokumentalak egiten. Zinema kritikan ere bai. Eta kazetari. Bizitza sorkuntzari eman zion. Literaturari, musikari, sorkuntzari. Sorkuntzari bakarrik ez. Amodioari ere bai. Eta bizitzari. Bizitza eman zion bizitzari. Hil zen arte, 1980ko uztailaren 9an. Duela 25 urte.

Uzt 07 05

Marinela, Joseba Sarrionandia eta Mikel Antza

1985eko udaberrian elkar ezagutu zuten Mikel Antzak eta Joseba Sarrionandiak. Sarrionandiak Fernando Pessoaren O Marinheiro antzezlana euskaratu zuen, eta Mikel Antzak testuarekin antzezlana prestatu, eta Susa argitaletxearekin Marinela lana kaleratu. Liburuak, testuaren jatorrizko bertsioaz gain, Iurretakoaren hitzaurre eta oharrak dakartza. Elkar ezagutze horren ondotik etorri ziren Martuteneko espetxean antolatutako kultur ekitaldiak, batez ere azkena, 1985eko uztailaren 7koa (igandea), orain 20 urte, Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak kartzelatik hanka egin zutenekoa. Hemen daukazue Marinela liburua osorik.

Uzt 05 05

Ironia eta sarkasmoa Laponian: elurra eta basoak

Arto Paasilinna. Egungo idazle finlandiarrik garrantzitsuena. Arrakastatsuena, emankorrenetakoa. Hogeita hamar liburutik gora idatzi ditu, ia denak nobelak. Hastapenetan bere nobelek harrera eskasa zuten, itzuli, eta atzerrian Gallimard argitaletxea kaleratzen hasi arte. Ordutik hogeitaka hizkuntzatara izan dira itzuliak bere lanak. Komedia ekologikotzat deskribatuak izan dira nobelok. Bere lanik ezagunena Jäniksen vuosi da. 1975ean kaleratu zena, eta gero zinemara eraman zutena.

Agenda

Efemerideak

Kritikak