Eka
25
15
Kirikiño Euzkadi-n iraupenaz mintzo zaigu, gerla hasi zenetik hamaika hilabete igarota, guda galgarri honek ez du amaitzeko itxuraren apurrik ere. Anitz aberri dira nahasirik borrokan, eta horien artean nabarmena da Bulgaria eta Errumaniaren jokabidea, badirudi enkantean jarri dutela gerla honetan sostengua nori eman. Eskualduna-k soldadu hilen ehorzketaren afera dakargu, gorpuak errearazten baitituzte, lur sainduan ehortzi gabe. Bestalde frantses armadak hartzen dituen ildo guziak aleman hilez beteak antzematen ditu. Orain pausan direnez, Jean Saint-Pierrek inguruko bazterrak, errekak eta herriak korritzeari ekin dio, ibileran garaztar diputatua, Zerbitzari eta Xikito Kanbokoa bisitatu ditu. Hendaia eta Donibane Lohizunen espioiak eta desertoreak preso altxatu dituzte, gertakari horiek hizpide gezurra merke saltzen ahalegintzen diren Espainiako kazetak salatzen ditu Eskualduna-k. Umezurtzak direla eta, Baionako kazetak daraman solasa eta frantses kazetek darabiltena bi dira.
Eka
18
15
Gerlak anitz umezurtz utzi ditu pausaleku orotan. Eskualduna-ren aburuz bilatu behar da zer egin “Umezurtzen nonbrea bederen ttipitzeko ahalaz, eta heien zorigaitza eztitzeko”. Wilson AEBetako presidenta eta Bryan atzerri-ministroaren arteko liskarra bildu du kazetak. Gallipoli garaipen gisara ageri da. Aurreko ostiralean, Parisen mundu bat omen zen Bihotz-Sakratuaren Pariseko elizan, gizon anitz, gehienak soldaduak, eta kronikariak fermuki gaztigatzen digu, gerra hasiz geroztik kazeta honek ez du ezer txarrik aipatu lehenagoko gure etsai naturalez, gorriez. Gorri batzuk aldiz, gezurrak hedatzen jaioak dira, eta Aita Santuaren inguruan esandakoak gezur hutsa direla salatzen du kazetariak. Hona galdea, frantses zenbaiten begietan katolikoak ez ote dira Alemanak baino etsaiago?
Eka
11
15
Mihi gaiztoak gaizki esaka ari diren honetan, ele makurrak zokoratu behar direla ohartarazten digu Eskualduna-k. Italiak ireki fronte berriaren berri eman digu kazetak. Greziako Konstantin hil zorian omen, hilez gero Grezia aliatuen alde jarriko omen da. Espainiako gobernuak galdatu die bertako kazetei gerla honen berri ez emateko. Aldaketa Frantziako su zelaietan, eguzkia Euskal Herrian baino goiztiarragoa da Arras aldean. Xori gizonen gerla moldea berria da Gerla honetan, etsaiaren hegazkinlariek preso dituztenen zerrendak airetik jaurti dituzten, batzuk hiltzak zituzten soldadu euskaldunek. Donibane Lohizunen hogei bat gerla zakur hautatu dituzte. Euzkadi-k ohartarazten digunez, Alemanen alde su eta gar ari direnak haserre dira Espainiako gobernuarekin. Italia gerlan sartu aurretik Espainiatik Italian barna hainbat merkantzia bidaltzen ziren Alemaniara, orain bidalketa hori eten da. Kirikiñok doixtarren aldeko Vazquezen jokabidea salatzen du. Bestalde, ezaguna denez, Gezurroff eta Patatenberg herriak elkarren ondoan dira.
maiatza
28
15
Poza du erakutsi Eskualduna-k, ordua zen, Italia gerlan sartu da, ez da itsu-itsuan aritu, aterpea preparatu du. Italiak Alemaniari hitza emana eman zion ez ziola kontrarik eginen, baina hortzak luzatu zaizkio gure Italiari eta Austria beheiti zihoala ikusiz Biba gerlaka hasi da. Ez da iritzi berekoa Euzkadi, Italiaren jokamoldea kritikatu du kazeta jeltzaleak, egokiera profitatu duela dio Kirikiñok dioskunez abertzale batek ezin du jokamolde hori onartu, begi bistan baita bereak ez diren lurrak erdietsi nahi dituela. Kontu batean bat datoz bi kazetak, biek italiarrek musikarako duten dohaina ekarri dute gogora. Batxik ez daki geldirik, Glasgowetik Genoara bidean da.
maiatza
14
15
Nork sinetsiko zuen 46 urteko gizonak artoak egiteko utzirik beharko genituela ikusi, zakua bizkarrean, gerlarako bideari lotzen? Kazetak Euskal Herrian geratu direnei elkarri laguntzea eskatzen die. Fuera bekaizkeria! gerlan eta etxaldeetan elkarri lagunduz aitzinatuko direlakoan. Lusitania transatlantikoaren hondoratzearen berri dakarte bai Eskualduna-k bai Euzkadi-k. Milatik gora hildako eragin ditu U-20 urpeko alemanak. Asaldaturik ageri da Kirikiño, horrelako triskantza ikaragarriak hotz-hotzean egiten duen gizonak, ba al du Jaunaren beldurrik? Azkenik badirudi gerlan sartu dela Italia, Osterreitzen aurka sartu ere. Fede konturik ez da falta bi kazetetan, aita santuaren sostengua Frantziako katolikoei, Lurdeko urak sendatu zuen soldaduaren istorioa, Metz hiriko apezpikuak Joana d’Arcekoaren potreta kendu zuenekoa, eta salaketa bat, Betor bakea! Oihu egin dio Elgoibarko lekaide gerlazale bati Kirikiñok
maiatza
07
15
Denek dakite norainokoa den gure etsaiaren jite okaztagarria. Kronikariaren aburuz alemanaren urguiluaren adierazle dugu segidako errepika. “Ni,… Oro ni,… Biba ni,… Nor naiz ni?… Bethi ni, …Bakarrik ni”. Alemanen alemankeriak salatzen ditu Eskualduna-k, konparaziora bizirik buruz behera ehortzi zituztenen kasuarena. Alta, mendirik handienak azkenean ordokitzen dira, pazientziaren artea da guzia. Hona hainbat adibide, seiehun mila austriar Siberiara bidean jarri omen dituzte errusiarrek, azken hauek Hungariako bidean dira, hori hunkiturik Austriaren bihotza eskura dute. Italiarrak limurtzen saiatu da Eskualduna, negua igaro eta gerlan sartuko…
Api
30
15
Aste honetan ere ezin neurtu zentsuraren tamaina, pentsa, Gallipoli ez da inon ageri gure prentsan. Eskualduna-ren aburuz errabian dela ageri du alemanak, ke hori lodi bat igorri du ipar-haizeari esker. Diotenez ogirik batere jan gabe erraz bizi da alemana, euskaldun anitzentzat artoa den ber, lur-sagarra da aleman gehienen ogia. Frantziak Gerlaren hasieran denbora zuen eskas, egun aldiz alde du, kanoien hazkurria ez da ments, oraingo honetan kanoien mintzoak erabakiko du borrokaldia, gainera airean alemana da ihesi dabilena. Kazetak sineskeriak hedatzen dituztenak kritikatu ditu, nonbait, haur mutu baten lehen eta azken solasa gerla uztailean bururatuko dela izan da, ez da iragarpen bakarra, ama birjina agertu zaio zortzi urteko haur bati, eta besteak beste gerla maiatzean finituko dela esan dio. Gerlak ez ditu Baiona hiriko eraikuntza lanak gelditu. Uruguaiko euskaldunek Argentinakoen pare, 25.000 libera bildu dituzte sorterriko soldaduen sostengurako. Zuberoako kronikariak diru-laguntzen afera dakargu. Gerla hasi zenez geroztik Liginaga-Astüek hamabost herritar galdu ditu, gerla hasi aitzin 308 biztanle ziren.
Api
23
15
Nekez sinetsiko luke esaldi hori ziloa derrigorrezko habia duen soldaduak. Ezin esan gerla honetan zein den berritasunik handiena. Lurreko gerran eta estrategiari dagokionez ziloena begitantzen zaigu berrien. “Hola bizi ala hil, zer ote da hobe?” galdera pausatzen du kazetariak. Alta, airezko gerra da ezezagunen, bai Eskualduna-k bai Kirikiñok zepelinen “balentriak” aletzen dizkigute. Bestalde Garros xori-gizona preso hartu dutela gaztigatzen digu Baionako kazetak. Italiaren balizko parte hartzea, Austria gerlaz asea omen, lehengo lepotik burua aste honetakoan ere.. Euskal Herrian gizona gerlan duten emazte eta seme-alabendako diru-laguntzen afera kezka iturri dira hainbat merentzat. Batxi onik dela diosku Kirikiñok.
Api
16
15
Kexu da Eskualduna diru-laguntzak behar bezalaxe banatzen ez direlako. Meren egitekoa omen da makur horien zuzentzea, beharra denari eman eta ez denari ez eman, ez da jostetarik beharrarekin. Lehengo lepotik burua su zelaietan, atzo guretua berriz berendua eta alderantziz, dirudienez, frantses, ingeles, belgikar, serbiar, montenegroar eta errusiar armaden sailek baturik bi mila kilometro pasatxo egiten dute. J. Saint-Pierrek gerlaritzak hartzen ditu mandoak ere, horietakoren bat Euskal Herritik ekarria da eta horren ondorioz ezaguna, euskaldunak euskalduna laster antzematen du. Iheskaria izenburupean Oxobik idatzi bertsoak leitu daitezke kazetan, egiazki gertatzen ari dena hedatzen du Moulierrek bertso horietan. Tortura kasu bat berritzen digu kronikariak, bestalde turko eta zikin sinonimotzat hartzen ditu. Alemana lurraren gainean den gezurtirik handiena denez, beti erne eta azkar egon behar etsaia osoki garaitu arte. Aste honetakoan Zuberoako kronikaren falta nabaritu dugu.
Api
09
15
Gu jendeago gara. Atxiko direnen bizi baldintzak aletzen ditu Eskualduna-k. Frantzian aleman presoek maniarik ez baina behar duten guzia dute eskura, Alemanian aldiz, oro da bortxa, alemanendako frantsesa sortzetikako etsaia baita. Ez dezala irakurleak gal jatorri ezberdineko presoen jokaera aztertzean kronikariak ondorioztatzen duena. Bestalde Felix Heguy Arrosako apez gazteak Berlin ondoko Zossen presondegiko bizimodua lehen eskutik berritu digu. Alemanian preso den euskaldun batek gutuna igorri dio familiari, ezin izan du euskaraz idatzi, baina esaldiren bat isuri zaio, hona horietako bat, “Egor azue ogi bat aste guziez”. Baina oro ez da lanturua, bular guziz Biba alemanak! egin du oihu Eskualduna-k, armada alemana jaioa da itsasontziak hondoratzeko arteak hedatzen, baina honetan sei ontzi aleman suntsitu ditu. Gilen antikristoa bertso-sorta irakur dezakezu kazetan. Kirikiñok dioskunez jateko gauza urri dabil Dotxerrian eta bere kronikan ingelesen gizontasunaz, alemanen ankerkeriaz eta zenbait politikari espainiarrek lelokeriak esateko duten joeraz mintzo zaigu.
Api
02
15
Berriz ere gerla noiz finituko galdera pausatu digu Eskualduna-k. Noiz baino nola den amaituko du arrangura, ez du bake oker eta maingurik nahi, hobe aski luze joan dadin , etsaia osoki garaitu arte. Kazetak hamaikagarrenez alemanen ankerra agerian utzi du, batetik anaiaren hiltzea gutunean eta bestetik Jainkoa gurekin kantan, gerla honetan, alemanek egin demasak ikusirik Jainkoa beti Frantziarekin da. Ez alferrik, euskaldunak fedea erakusten ere nagusi dira. Alemania ahulduz doa eta aliatuak azkartuz, jeneral japoniar baten aburuz primadera honetan azken ukaldia emanen diote Alemaniari, “Euskaldunak, altxa bihotzak, udan gure herria, gure mendiak eta gure itsasoa ikusiko ditugu”. Errusiarren garaipen gaitza erdietsi dute Przmysl hirian eta frantziar gerlariek baso bat arno gehiago ukan dute errusiarren ohoretan. Eskasia ari dira nozitzen Alemanian, Frantzian aldiz Desclaux moltseroa itzalpean da. Zuberoako kronikan errefuxiatu belgikarrei legez eman beharreko diru-laguntzaz mintzo dira.
Mar
26
15
Garbiki mintzo da Eskualduna desertzioaz, alemanek sustatu ele gaiztoek erraten dute ez dela desterrua hemengo Euskal Herritik hango Euskal Herrira joatea, gerla bukatu bezain laster duela berrogeita lau urte gertatu zen moduan horientzat barkamendua izanen dela, gezurra da hori, ez da barkamendurik izanen gerla honetan bere eginbidea bete ez duenarentzat, Eskualduna-k zigorrak ditu aletzen. Austriarren gibelatzea, Italiaren jarrera, Konstantinopolis berriz ere erortzear delarik turkiarren ahultzea, kazetaren irudikoz beldurtzen hasia da Alemaniako Gilen. Bestalde euskaldunak non diren barreiatuak agertzen digu, deskantsuan dira, urtarrilaren azken egunetik ez dute indarrik egin. Erromatar soldaduen hezurrak topatu omen dituzte, duela bi mila urtekoak, pausaleku horretan gerla gehiago izan dira baina oraingoarekin deus ez. Lehiaketa bat pausatu digu Eskualduna-k aste honetan, Errusiarrek Przsemysl hiria hartu omen dute, “bi sos, hitz hori hobekienik, xuxenkienik irakurtuz erraten duenari, hutsik gabe”. Ezaguna denez, Zuberoako kronikariak ez ditu sozialistak maite.
Mar
19
15
Eskualduna-k zuhurtzia eta harrotasun anoak neurri bertsuan ditu banatzen. Gerla noiz finituko den galderari erantzuten ahalegintzen da. Alemania galtzez da nagusi, bideak idortuko dira eta aliatuak Alemaniara mugituko dira, Konstantinopolis erortzear da eta eskualde hartako herri txipiak harrituko dituzte aliatuek elez eta ekintzez. Ez omen dute Japonia, Italia, Errumania, Greziaren beharrik, alde jartzen badira hobe, fite egin dezatela hautua, bihar berantegi izan liteke. Gisa berean zuhurtzia ageri da Eskualduna-ren kroniketan, etsaiaren ahalak, ahal guztiak finituko direnean finituko da gerla, zuhurtziak irabaziko du gerla, erokeriak gal lezake. Haurride saldoa gerlan dituenarendako kontsolamendu eskasa.
Mar
12
15
Bihotzaren altxagarri diren zenbait pasadizo berritzen dizkigu Eskualduna-k, baina gisa berean gaztigatu bihozgabeak ere badirela gutartean. Berriak egunka sailak maiz aurreko astekoaren errepika dirudi. Kazetak agertzen duenez Konstantinopolis garaituez gero, soka bilur zabal eta luze bezain tinkoa ezarriko genioke etsaiari, Euzkadi-n Kirikiñok dioskunez Bosforoa urrun dute oraindik aliatuek. Itsasaldean libratzen ari den gerra datuez hornitu ditu Eskualduna-k, aliatuak dira nagusi eta gainera etsaiak ontzi gehiago galdu ditu. Bestalde, Errusiako frontean gerra moldea bestelakoa dela ohartarazten digu. Gutun bat dakarkigu aste honetako kazetak, soldadu batek osaba Ottori igorria, “Zazpi hilabetez gerlan ibiltzeak nahitaez gogortzen du gizona”. Xoriñoen arrangurak bertso-sortan gerraren inguruko gogoetak dakarkigu Oxobik.
Mar
05
15
Eskualduna-ren aburuz bertze solasik ez da, oldar handia dute denek aipatzen. Joffrek hogeita hamaika eskutik omen du, eta ezin jakin zuhurtziaz edo xuhurtziaz jokatu nahi duen. Presoak ere hizpide hartu ditu kazetak, gobernuak ez omen ditu presoak ahantzi. Bestalde, alemanen gezurrak salatu ditu, Aita Santua ez da Frantziaren kontrako. Saint-Pierrek soldaduen anoaren ingurukoak berritzen dizkigu, ogia, haragia, pinta erdi bat arno egunean, alta xahakoa negu honetan pausan dago, zimurtua, zoko batean dilingo. Bakoitzak baditu bere bihotz min gordeak baina orok dute kuraia erakusten. Usu denez erlijioa aipatzen du Eskualduna-k, “nehun baino hurbilago dugu hemen Jainkoa”. Lau mila emazte sartu omen dira armada ingelesean, diputatu izan nahi zuten “moko bipil” horiek soldadu bihurtu dira. Zuberoako kronistak ez du sozialistak kritikatzeko egokierarik alferrik galtzen. Bestalde, Liginaga herri txipian bederatzi hil, bost desagertu eta hiru kolpatu gerra hasi zenetik. Kirikiñok Euzkadi-n gaztigatzen digunez aliatuak Dardaneloak igaro eta Marmaran sartu berri dira, Konstantinopolis erortzear?