Aza 10 26

Iosune de Goñiren poema-liburu berria

Islandiarako bidaia baten ondoren onduta poema-liburua da hutsak zure izena ahoskatu zuenean. Islandiaren unibertso zehatza topatuko du, haren geologia eta mitologia, guztiz ulertzea ezinezkoa den zerbaiten presentzia konstantea. Gizatiarra eta ez gizatiarra nahasita dakartza poeta burlatarrak, izendatu daitekeenaren eta ezin daitekeenaren arteko hibridazioan, lau bidaideren arteko harremanak eta inguratzen dituzten landaeredia, animaliak, irudiak saretuta. Iosune de Goñiren hirugarren poema-liburua,  Susa argitaletxearekin eman du argitara.

Aza 05 26

Kamala Dasen poesia kaiera

DasIndiako hego-mendebaldeko Kerala estatuan jaioa, malabareraz, bengaleraz eta ingelesez egiten zuen Kamala Das idazleak. “Hiru hizkuntzatan mintzo naiz, bitan idazten dut, eta batean amets egiten”, utzi zuen izkiriatua. Das jaidura ikonoklasta nabarmeneko idazle eta emakumea izan zen. Bizitza osoan nekaezin jardun zuen beragandik espero zenaren aurka. Askatze nahi hori bere poemetan eta Ente Katha (“Nire istorioa”) izeneko autobiografian islatu zuen ondoen. Emakumearen askatasuna aldarrikatzeari eskaini zion bere sorkuntzaren parte handi bat, betiere bere esperientzia pertsonalaren kontakizunetik abiatuta. Eta gure artean oihartzun gutxi duen literaturaren erreferente hau ezagutzeko parada eskaini digu Joxe Mari Berasategik, Munduko Poesia Kaierak bildumarako ondu duen antologian.

Aza 04 26

Jorge Luis Borges poeta

BorgesErudizioa eta eguneroko objektuak, kosmosa eta taberna zuloa, Kartago antzinakoa eta Buenos Aires atzokoa aurkituko ditu irakurleak Jorge Luis Borgesen poemetan. Horrexegatik formaren nabarra, sonetoak eta milongak, haikuak eta “bertso aske” esaten zaion hori; horrexegatik titulu soilak eta segida mamizkoak, hitz lurrekoz funts metafisikoak, zangalatrau biziak patxadaren erdian, eta zerrenda borgestarrak turrustan. Bere narratibaren oihartzun eta eragin luze-sakonek irentsi badute ere nolabait haren poesia, honek kalitate aldetik ez dauka haren inbidiarik. Eta horren erakusgarri Munduko Poesia Kaierak bildumako kaiera, Juan Garziaren itzulpenean irakur dezakeguna.

Aza 03 26

Su txiki bat
ETAko emakumeen irudiaz Lisipe bilduman

lisi19
Zer kontatu digute ETAko militante izan diren emakumeen inguruan? Errelato ofizialek, mitoek eta fikzio jakinek erabat desitxuratu dute haien inguruko iruditeria kolektiboa: neskalagun txolinak, altzairu herdoilgaitzezko orkideak, eroak, suizidak; inozoak, besterik gabe. Eta horretan literaturak badu bere erantzukizuna: urtez urte imajinario hori elikatu eta finkatu du, emakume horiei ahotsa, agentzia politikoa eta oroimen historikoa ebatsiz. Euskal gatazka armatuaren oroimen historikoa ere patriarkala da. Eta horren azterketa egin du Lorea Azpeitia Antak Su txiki bat liburuan. Azpizenburua bera aski adierazgarria da: “ETAko emakumeak fikziozko irudi estereotipatuetatik at”. Bere doktore-tesirako landu eta ikertutako materialak hartu eta edukiz ongi hornitua den baina estiloan akademikotik gutxi duen kontakizunean aletu ditu Azpeitia Antak. 10 urte bete dituen Lisipe bildumaren 19.a duzu.

Urr 31 26

Nerea Ibarzabalen Bar Gloria edo etxetik kanpo bizitzearen kezkak

Telmo Trenado eduki sortzaileak Nerea Ibarzabalen Bar Gloria liburua ekarri du Plaz! podcastera.
Liburuko istoriotik abiatuta, etxetik eta herritik ateratzeaz, inkomunikazioaz eta anai-arreben arteko harremanez aritu dira. Tabernek gure bizitzetan duten lekuaz ere hausnartu dute, elkartzeko eta harremanak sortzeko espazio gisa. Zer aldatzen da herritik kanpo bizitzera goazenean? Eta zenbateraino partekatzen dugu barruan daramaguna gertukoenekin?

Urr 20 26

Maialen Berasategi Catalánen Erreplika

Zer den bizitza eta zer kontakizuna, bien arteko traizioa bistaratuz aurkeztu du Maialen Berasategi Catalánek bere lehen nobela: Erreplika (Susa, 2026). Idazlegai baten eta idazle adindun baten arteko enkontrua itsasertzeko etxe batean. Sos gutxi eta grina handia duen ikasle gaztea da Mara Meleiro; hark sakon miresten duen idazle eskarmentatua, berriz, Maria M. Muller. Iraganeko amorrua eta musak galduta, etxe apartatu batean bizi da orain, maitale ohiak gogoan, zakurra paseatzen, lorategiari erne. Bakardadearen Jainkosa da, Meleiroren begietara. Ikasle-egoitza batean bizi da bera, edertasun zakarraren bila. Gezurrak egia asko salbatzen dituen egunez beteriko eleberria hizkuntz eta estilo erakustaldi bikain batekin ondu du idazleak, literaturaz betetako lan gozagarrian.

Erreplika

Ira 25 26

Alejandra Pizarnik euskaraz

Hogeita hamasei urte zituela hil zen, 1972ko irailaren 25ean, Alejandra Pizarnik. Gazte, baina ordurako letren eta bereziki poesiaren esparruan arrasto sakona utzita. Poesia bat non arroztasun sentipena, nonahi atzerritar sentitzearena, presente dagoen. Beñat Sarasolak dioenez, “sentimendu hori, baina, geografikoa bainoago existentziala izatera iristen dela esan liteke, ni-aren eta munduaren artean arrakala gaindiezina egongo balitz bezala. Hala, Pizarniken poesia, nitasun indartsu baten aldarrikapena da, lehen pertsonako izenordaina enfasiz adieraztetik hasita”. Susak argitaratutako poema antologiaren hitzaurrean dakartza hitzok, Munduko Poesia Kaierak bilduman, Asier Sarasolak apailatu eta euskaratutako antologia. Lehen ere itzulia zion poemarik Pizarniki Sarasolak (Uberan, 2010), eta euskaraz ere irakur litezke bere egunerokoaren zati batzuk, Danele Sarriugartek euskaratuak (Elearazi, 2014), eta Idatz&Mintz aldizkarian Xabier Bovedak itzulitako hainbat poema.

Uzt 01 26

Bingen Ametzagaren poesia

Egindako itzulpen lanek ezagun eginagatik ere, Hamlet (1952, Buenos Aires) eta Platero eta biok (1953, Montevideo), bere poemak idatzi eta argitaratua zen Bingen Ametzaga lehenagotik, Euzko Deya eta Euzkadi agerkarietan, eta Olerti Egunetan parte hartutakoa zen.  Ametzaga Algortan jaio zen duela 125 urte, 1901eko uztailaren 1ean, eta 1969ko otsailaren 4an hil Caracasen.
ametzaga
Xabier Irujok atondu eta Susa argitaletxeak 2006an plazaratutako Itsaso aurrean poesia antologian irakur daitezke algortarraren 46 sortzezko poema eta 22 itzulpen, besteak beste Oscar Wilderen Reading Bahitegiko Leloa, 1854an Euzko-Gogoan agertu zena.

Eka 25 26

Ingeborg Bachmannen mendeurrena

Mendea beteko zukeen Ingeborg Bachmann idazleak ekainaren 25ean, 1926an jaio baitzen Klagenfurten, Austrian. Literatura alemanaren izen handienetako bat da. Gruppe 47 literatur “talde”ko kide, Bachmannen lanen indarra eta balioa azkar nabarmendu zen, hala poesian nola prosan. Eta errekonozimendu handia izan zuten irratinobeletan. Iñigo Aranbarrik ekarri zituen euskarara autorearen zazpi poema, eta gerora Susaren Munduko Poesia Kaierak bilduman antologia egin zuen Nagore Tolosak. Online irakur ditzakezun poema hauez gain, Erein-Igelak Literatura Unibertsala bildumaren baitan Aldibereko ipuin-bilduma kaleratu zuen, Idoia Santamariak euskaratua.

Bachmann

maiatza 29 26

Olatz Mitxelenaren liburu berria: Etxe arrotz hau

Etxekotutakoak maiz eraman ohi du berekin itzal erbestetar bat. Izan jendearena, eguneroko lekuena, oinordetzan jaso diren zeregin, espazio, egiturena. Zer behar da nonbait etxe egiteko? Zer bizi da gure etxeetan gutaz haratago? Zerk egin du huts zarata berrien erruz loa galtzeko? Gisako galderetan murgiltzen dira Olatz Mitxelenak plazaratu berri duen Etxe arrotz hau (Susa, 2026) liburuan jaso dituen hamar ipuinak. Arroztasuna beti da abisu bat, eta arroztasun horren eguratsea aurkituko ditu irakurleak bakardadeak piztia bihurtu du norbait errepide ertzean, umeek trofeoek bezala egiten dute hegan edo ez dira jaiotzen, etxe-aldaketan gorde ez ziren gauzen zerrendak hazten segitzen du; zehatz-mehatz ikasitako errezetak eta errepikatu nahi ez diren bizitzak, Norvegia puska bat abuztuko ilargi beteko gauean eta beste istorio batzuk.
etxearrotz

maiatza 15 26

Peio Iturralderen lehenengo poema liburua: Denboraren esku urdinak

Biribiltasunik bilatzen ez duen ahots bat dago Peio Iturralderen lehen poema liburuan. Denboraren esku urdinak. Mezuak narrastuagatik bertsoak argitsu nahiko lituzkeenak paratu; mundua marra artera ekarri. Desiraz ari da, heriotzaz, politikaz, maitasunaz eta idazketaz. Atzerapenarekin joatearen aldizkako sentipena; polizia saldoa zinetik bueltan, Zirika!, Allende, aititeren dominak, gorputzak alokagai, ametsak eta auzodefentsa. Ideia bat erdiz erdi: dena da denona. Osorik irakur dezakezue sarean.
Denboraren esku urdinak - azala - Peio Iturralde

Api 29 26

Maria Reimondezen Basatiak

Bizitzako uneren batean giza biztanleriaren erdiari baino gehiagori eragiten dion gorputz-prozesu batek —kulturala ere badenak— ez al luke gogoetarako oinarrizko gaia izan behar? Sinestezina dirudien arren, hilekoari buruz hitz egitea zaila da oraindik ere.  Ikuspegi askatzaile batetik, eta gogoeta bultzatzea helburu, Maria Reimondezen Basatiak liburuak hilekoa baliatzen du askotariko gaietara heltzeko bide gisa: gorputzak, sexismoa, ekologia, arrazismoa eta transfobia. Jatorrian galegoz argitaratutako saiakera bizia, Nerea Loiolak ekarri du euskarara eta Miren Guilloren hitzaurrea dakar. Susa argitaletxearen Lisipe bildumako titulu berria da.

Basatiak - azala - Maria Reimondez

Api 27 26

Jokin Urain idazlea gogoan

“Espetxeko literatura munduan gauza txikia da seguru asko, ezdeusa beharbada, baina literatura hori euskal literaturara eta euskal mundura ekartzen badugu, handitxoagoa da agian. Bada funts bat, badira autore ezagunak, lan bikainak” idatzi zuen Jokin Urainek Urrun da zeru urdina Ataramiñe 2002 2017 literatur koadernoen antologian. 2022ko abenduan ikusi zuen argia kartzelako lanen azken bildumak. Jokin Urain preso egondakoa izanki, espetxeetako literaturan aditu eta aritu jantziena bilakatu zen.
(gehiago…)

Mar 24 26

Oihana Aranaren poema liburu berria

“Zoriona ez dago beti / zerua bai”. Bi lerro horiek bil lezakete Zerua hemen liburuaren ikusmira. Elementu batzuek ardazten dute Oihana Aranaren poema-liburu berria: aitaren heriotzaren ondorena; maitasun berriak, hasierak eta hausturak; mina eta plazera. Zer egin gertatzen diren gauza guztiekin, zer egin gero; behintzat —traizio egin eta— poemak idatzi. Krabelinak banatzen segitzeko, bihotz gainetik arkumea libratu, negar egin, barre, hiriaz beste, esandako berben dardarara itzuli, pozera itzuli. Noiz eta hemen. Osorik irakur dezakezue sarean.
Zerua hemen | Oihana Arana

Ots 22 26

Edorta Matauko itzultzaileak agur

Aspaldiko laguna genuen Susa literatura argitaletxean Edorta Matauko, itzultzailea eta irakaslea; Susako bazkidea gainera. Asteon utzi gaitu, berak sarritan euskarara ekarritako Stefan Zweig idazlea hil zen egun berean gainera, otsailaren 22an.

matauko_knorr
(gehiago…)

Agenda

Efemerideak

Kritikak