Urt 27 19

Ipuinaren gunea

XIX. mendetik hasi eta XXI.era bitartean euskal literaturan ipuingintzak egin duen tokia eta bidea bilduko du ipuina.eus webguneak, Armiarma proiektuaren egitasmo berrienak.  Koldo Izagirrek batu eta aukeratu ditu ipuinak, liburuetan argitara emanak batzuk, aldizkarietan publikatuak beste asko, gure egile ezagunenak gehienak, eta baita halako oihartzunik ez dutenenak ere. Oso genero inportantea da ipuinarena, eta asmo honek euskal literaturan izan duen garrantzi eta bilakabidea erakutsi nahi du.  Oraingoz 21 ipuin daude irakurgai, eta hilero gehiago gehituko dira Literatur Emailuen bitartez horren berri emanez. Gure literaturaren atal oso eder eta garrantzitsu batez gozatzeko aukera paregabea, batetik; eta testuen bitartez gure literaturaren bestelako ikuspegi batzuk ezagutzeko parada, bestetik.

Urt 19 19

100 urte Joan Brossa jaio zela

Joan Brossa (Barcelona 1919-1998) poeta guztiek eta aditu guztiek esan bai baina egiten ez dutena bururatu zuen magoa izan genuen, poesia edonon egon litekeela erakutsiz: paperean irakurtzeko poemak, kalean edo paretan edo koadroan ikusteko poemak, taula gainean antzezteko poemak, lorategietan ibiltzeko poemak… Zehazki eraikitako soneto bikainak landu izan arren, era guztietako sortzaile honek askatasuna du ezaugarri nagusitzat, ikuspegi berri bat dakar poesiarako traba akademikoak zein fisikoak apurtuta (Marcel Duchampen baimenarekin). Poesia sormenaren ekintza librea da Brossarentzat, eta kontrabandistaren azturak ditu diziplina batetik bestera egiteko geure garuneko ordena estetikoaren mugazainak tronpatuz. Liburua arte eremu bat izan liteke, abezedarioa zeharraldatu egin litezkeen zuhaitzak dira, treneko tiketa gutun edo aldarri bihurtzen ahal da. Poeta delako bilatzen du idatzitako hitzaz haratagoko poesia, ironia gozoz esan ohi zuen bezala poema literarioak izaten direlako maiz poesia gutxien dakartzatenak. Hizkera desberdinak nahasiz, Marx eta Mallarme artean, Joan Brossak ikusgarritasun handia eman zion, bere herriko mugez haraindi ere, XX. mendeko bigarren erdian Katalunian eta katalanez egindako poesiari. Koldo Izagirrek itzulia, mostra txiki bat antolatu dugu beti jende xehearen aldeko jaidura izan zuen begi-belarrizko poeta oso hau jaio zeneko ehungarren urtehurrenean.

Urt 15 19

Rosa Luxemburgen hilketaren mendeurrena

Duela 100 urte, 1919ko urtarrilaren 15ean hil zuten Berlinen Rosa Luxemburg. Alemaniako eta oro har munduko sozialismoaren erreferenteetako bat izan zen Rosa Luxemburg pentsalari, militante eta emakumea. 2018an argitaratu ditu Katakrak-ek Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti. Liburuak, Luxemburgek espetxetik bidalitako gutunez gain, hitzaurre (Amaia Lasa, testuon itzultzailea) eta hitzoste bat ditu (Ignazio Aiestaran), eta Ordena gailendu da Berlinen testua, hil bezperan idatzitakoa, haren testamentutzat har genezakeena. Mendeurrenean, liburu horretako sei gutun eta azken testu hau dakartzagu. Iraultzari buruz Rosa Luxemburgek dioen bezala, berari buruz ere nolabait esan ahal izateko: Izan nintzen, banaiz eta izango naiz.

Urt 13 19

Jurgi kapitainaren hiru abentura

Duela hiru urtetik sarean irakurgai zegoen Hiltzaile baten bila, Xabier Gereñoren nobela, mitikoa bihurtuko zen Jurgi kapitaina pertsonaiaren estreinako lana (1975). Ordukoan itsasontzi bateko kapitaina zen Jurgi Arregi, baina hurrengo nobelan (Espioitza) jadanik langabezian dago, eta Baionatik Bilbora joango da beharrera, detektibe agentzia batera. Laguntzaile etengabekoa bihurtuko zitzaion Peru Alikarekin batera, denetariko kasuak eta misterioak argituko zituzten nobela ugarietan, baita den-denak arrakastaz argitu ere. Gudari bat eta Iruineako asasinatzea nobelak ere horren adibide garbiak dira. Hirurak, 1977 urtekoak, eskura dituzu orain.

Urt 09 19

(H)ilbeltza krimena Baztanen izanen da


Urtarrilaren 14tik 20 berriz ere (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea Baztanen.
Liburu aurkezpenak, solasaldiak, zinema, susmagarrien gaua eta testuen irakurketa izango dira besteak beste aste osoan zehar.

Urt 06 19

Joakin Balentziaren Amaigabeko zikloa

Irun hiria Literatur saria irabazi zuen 1994an Joakin Balentziak, Olerki sailean,  Amaigabeko zikloa poemarioarekin. Sei urte lehenago Espaloian dago munduaren xilkoa lanean erakutsi zuen bidea jorratzen jarraitu zuen, ni-tik epikara hurbiltzen diren deien ildotik. Urte amaiera/hasiera honetan osorik dakargu, liburuari izena ematen dion poeman dioenez, “(…) agian zu, ni eta gu / berriro sortuko gara / amaigabeko zikloa errepikatzeko moduan…”.

Agenda

Efemerideak

Kritikak