Urt 19 19

100 urte Joan Brossa jaio zela

Joan Brossa (Barcelona 1919-1998) poeta guztiek eta aditu guztiek esan bai baina egiten ez dutena bururatu zuen magoa izan genuen, poesia edonon egon litekeela erakutsiz: paperean irakurtzeko poemak, kalean edo paretan edo koadroan ikusteko poemak, taula gainean antzezteko poemak, lorategietan ibiltzeko poemak… Zehazki eraikitako soneto bikainak landu izan arren, era guztietako sortzaile honek askatasuna du ezaugarri nagusitzat, ikuspegi berri bat dakar poesiarako traba akademikoak zein fisikoak apurtuta (Marcel Duchampen baimenarekin). Poesia sormenaren ekintza librea da Brossarentzat, eta kontrabandistaren azturak ditu diziplina batetik bestera egiteko geure garuneko ordena estetikoaren mugazainak tronpatuz. Liburua arte eremu bat izan liteke, abezedarioa zeharraldatu egin litezkeen zuhaitzak dira, treneko tiketa gutun edo aldarri bihurtzen ahal da. Poeta delako bilatzen du idatzitako hitzaz haratagoko poesia, ironia gozoz esan ohi zuen bezala poema literarioak izaten direlako maiz poesia gutxien dakartzatenak. Hizkera desberdinak nahasiz, Marx eta Mallarme artean, Joan Brossak ikusgarritasun handia eman zion, bere herriko mugez haraindi ere, XX. mendeko bigarren erdian Katalunian eta katalanez egindako poesiari. Koldo Izagirrek itzulia, mostra txiki bat antolatu dugu beti jende xehearen aldeko jaidura izan zuen begi-belarrizko poeta oso hau jaio zeneko ehungarren urtehurrenean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak