Aza
30
19
Susa argitaletxeak eta EHAZEk elkarlanean bilduma berria abiarazi dute: Ganbila, antzerki testuez osatua. Bilduma horretako lehen alea aurkezten dizuegu gaur: Bazterreko ahotsak, Miren Tirapu Goikoetxeak idatzi, Beheko Larraine konpainiak eszenaratu eta Gaizka Sarasola Iarzabalek editatutako liburua. Antzerki lan biren testuek osatzen dute lehen harribitxi hau: Atte hil aurretik eta Manifestu bat. Egiletza kolektiboaren bidean koka daitezke bi testuok, eta estetika propio baten bilaketaren lekukotza ematen digute, bazterreko pertsona eta pertsonaiei ahotsa emateko xedez sortutakoa: pertsonaia ironikoak, umoretsuak, ilunak, zikinak, ederrak dira orrialde hauetan topatuko ditugunak.
Aza
27
19
Hamazazpi segundo baino ez ditu igarotzen bisitariak koadro bati begira. Hamazazpi segundo batez beste. Egina omen dute ikerketa. Hori da koadro bati eskaini ahal diogun astia gure garai ero hauetan. Pentsatzen jarrita, poesiaren erritmoa guztiz bestelakoa da. Poesia da denbora gelditzea, poesia da begirada, poesia da desagertuko denari arreta jartzea. Inguruari begira egon, pentsatu gauza horiek hortxe egon direla aurretik, eta hor egongo direla beharbada, aurrerago. Kirmen Uriberen Hamazazpi segundo liburuak hamazazpi urtez idatzitako poemak biltzen ditu, 2002tik 2019ra. Intsumisioa, Japonia, Euskal Herria, New York, natura, Artea, haikuak, prosa, ondarruera. Daudenak eta ez daudenak. Hamazazpi segundo bezain hamazazpi urte luze. Osorik aurkezten dizuegu sarean.
Aza
22
19
Kalean da jadanik Lisipe bildumaren 7. alea: Trikua esnatu da, Idurre Eskisabel Larrañagak eta Lorea Agirre Dorronsorok idatzia. Azpititulua aski adierazgarria du: “Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara“. Gaur eta hemen emakume izatea eta euskaldun izatea bazterreko izateko bide dira oraindik. Prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna. Biak dira menderakuntzaren alaba, ahalduntzeko eta boteretzeko lekuak, eta jendarte berdinzale eta bizigarriago baten alde eragiteko guneak. Elkarrekin gurutzatzen dira hizkuntza eta generoa: Kasualitatea al da euskararen feminizazioa? Zer lotura dago euskararen prestigiorik ezaren eta emakumea izatearen prestigiorik ezaren artean? Fokatze berri bat da, itzalean zeuden eremu horiek ikusgarri jartzeko saioa.
Aza
22
19
Ganbila antzerki bilduma berria jarri dugu martxan Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak elkarlanean, Oier Guillanek koordinaturik. Proiektu berri honekin euskal teatroaz ikuspegi zabala eman nahi genuke, unean-unean fokua obra batean edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. Denbora luzea eman dugu euskaraz idatzitako teatro-testu bilduma egonkorrik gabe; Ganbila hutsune bat betetzeko asmoz dator ezinbestean. Hauek izango dira argitaratuko ditugun aurreneko hiru liburuak: Bazterreko ahotsak, Simplicissimus eta Francoren bilobari gutuna. Proiektuari bultzada emateko harpidetza kanpaina abiatu dugu egunotan, ganbila.eusen eman daiteke izena.
Aza
13
19
Japonian misiotan dela antzerki zuzendari batekin pilota apustua egiten duen jesuita; Donostiako Alde Zaharrean Pintxo Tasting Tour batean dabilen bitartean molotov koktelak hegan ikusten dituen kataluniarra; 36ko gerraostean, ezkonbidaia Santoñan preso duten senidea bisitatzeko baliatzen duen bikotea; Euskal Herriko etxe baten eta jabearen bilakaera kontatzen dituen xurgagailu japoniarra… Ustekabeko tokietan aurkituko du umorea irakurleak Rafa Egigurenen hamahiru ipuinotan. Liburuek, klandestinitateak, antzerkiak, zahartzaroak zeharkatzen dute idazlearen aurreneko ipuin bilduma. Eta bere lanetan ohikoa den Ekialdeko kulturak. Osorik irakur dezakezue Txipiroiak bere beltzean sarean.
Aza
12
19
68 urte bete zituen egunean, 2004ko azaroaren 12an, hil zen Lucia Berlin idazlea, duela hamabost urte. Bere literaturak egoki islatzen duenez, maizenik bere bizitza abiapuntu edo begiratoki baitu, 360 gradukoa izan zuen bizimodua, orain goian, orain behean, albo batean orain, gero bestean; baina bizitzen, gelditu barik. Irakurle eta kritikaren ezagutza berandu xamar ezagutua, azken urteotan izan du oihartzuna haren obrak Europan, Manual For Cleaning Women ipuin-bildumak batez ere. Liburu horretako hiru ipuin dakartzagu, Ainhoa Mendiluze Ormaetxea eta Isabel Etxeberria Ramirezek euskaratuak, idazle handi honen sormenaz gozatzeko lagin eder askoa.
Aza
07
19
Kazetaritzaren alorrean zaildutakoak ipuina.eus guneak oraingo honetan dakartzan bi egile berrienak. Amagoia Gurrutxagak Susa aldizkarian eman zuen argitara, 1992an, Amaitu dezagun behingoz!, harreman gordin batean sexua, gorputzak, hilekoa… gure letretara indarrez sartzen diren narrazio batean. Lan-istripu bat du abiapuntu Xabier Arzelusen Ni, zu naiz ipuinak, baina errealismoa bihurrituz egun askok zapaltzen duten bidea hartzen du istorioak. Amilgainen Hilen eguna hilerriko dialogo koral bat da, narrazioen estilo estandarretik aldentzen dena, Euzkerea aldizkarian 1929an emana. Alegia klasiko bat, azkenik, Euskal-Erria-n 1885ean plazaratua, Piarres Harisperen Zeruan donostiarrik ez.