Urr 29 26

Armiarma.eus eta Wikipedia elkarlanean

Armiarma literaturaren sarean datuak biltzen dabil etengabe -idazleak, liburuak, kritikak…- eta Literaturaren Zubitegia osatzen dute datuok. Azken zortzi urteotan datuak trukatu eta Wikipedian ageri dira mundu osoaren eskura. Wikidatak 14 urte bete ditu, eta berriro  elkarlanean ari gara euskal literaturaren egoera zein den ikusteko.
Armiarma datu-basean dauden 1.119 idazleak parekatu ditugu, eta euskarazko literaturan azken hiru urtetan idatzi diren liburuak ere igo dira Wikidatara.

Datuak eta grafikoak

Euskal wikilarien elkarteak argitaratutako albistean ikusi daitekenez, idazleen generoa, jaiotako herrialdea, 1958. urtetik argitaratu diren tituluak eta generoak, argitaletxe bakoitzaren tamaina argitaratutako liburuei dagokionez, eta beste informazio asko ere oso modu grafikoan ikusi daiteke.

Urr 23 26

Miren Amurizaren Pleibak liburuari buruz
Plaz! bideopodcastaren lehen saioan

Plaz! bideopodcasta, euskarazko literatura beste modu batera ezagutzeko plaza da. Irakurle sutsua den Nahia Sillerok gidatuta, atal bakoitzean gonbidatu ezagun batek liburu bat izango du abiapuntu.
Lehenengo saioan Jone Arriolak, Elgoibarko zinema zuzendari eta gidoilariak, Miren Amurizaren “Pleibak” liburua ekarri du Plaz! podcastera. Liburuko istoriotik abiatuta Pleibak gaztaroko erreferentziez, ametsez eta laguntasun-harremanez aritu dira podcastaren atal honetan.
– Baina, kontziente al gara laguntasun-harremanak ere hautsi daitezkeela?
– Eta zer gertatzen da lagun batekin dugun harremana amaitzen denean?
– Nola egiten zaio aurre lagun baten galerari?
Hori guztioiri galdetzen digute lehen saio honetan. Ikusi eta entzuteko moduan dago sareetan.

Abu 27 26

Luzearen idazle lanak

Politikari, kazetari, kulturgile… eremu askotan jardun zuen, eta eragina utzi, Ander Arzelus Luzear-ek. Argia aldizkariaren zuzendari, El Día-ko euskal orriaren arduradun, euskarazko irratigintzan aitzindari Joseba Zubimendirekin batera, EAJko kide, bere lan militanteak espetxera eta erbestera bidali zuen. Berrogeita hamaika urte bete berri, 1949ko abuztuaren 27an hil zen, espetxeko egonaldiak haren osasuna erasana. Antzerkia idatzi zuen batez ere, eta hemen eskaintzen dizkizuegu obra bi: Gibel Handi eta Neskamearen marmarrak.  Itzultzaile ere aritu zen, besteak beste Charles Dickensen Eguarri abestia.

Abu 03 26

Gutun lotsagabea

XX. mendeko autore katalan polemikoenetako bat izan zen Maria Aurèlia Capmany (Bartzelona 1918-1991), idazle eta itzultzaile katalana, frankismoaren kontrako eta feminismoaren aldeko ekintzaile sutsua. Familia ezkertiar, katalanista eta oneko kide izanik, txikitatik piztu zitzaion gai sozial, politiko eta kulturalekiko garra, eta lur horretan errotu zen bere literatura. Eleberriak eta antzerki-lanak ditu ezagunenak, baita haur literatura ere. Gutun-liburu bat ere badu, Gutun lotsagabeak Emakumetik emakumerako gutun lotsagabeak, eta hango bat euskaratu zuen Danele Sarriugartek, Hiltzaile batek emakume zintzo bati.

Eka 05 26

Gabriel Aresti Nire aitaren etxea bere ahotsez

1975. urteko ekainaren 5ean hil zen Gabriel Aresti idazlea. Hainbat lan eta liburu argitaratua, gazte hil zen, eta berak idatzitakoak, eta bere hitzaldi zenbait eta poema ere betirako gorde dira grabazio batzuetan.
Nire aitaren etxea (Gabriel Aresti).

Eka 04 26

Txillardegik lehen nobela argitaratu zuen 1957. urtean: Leturiaren egunkari ezkutua

leturia
Leturiaren egunkari ezkutua, Txillardegiren lehen nobela, 1957an Euskaltzaindiaren ardurapean, «Len eta orain» sortan argitaratu zenean, etapa berri bat hasi zen euskal-nobelagintzan. Horrela abiatzen du Leturiaren egunkari ezkutua aztertuz, Ibon Sarasolak 1975. urtean Kriselu argitaletxean plazaratutako  Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza saiakera liburuko lehen kapituluko atala, Leturiaren egunkari ezkutuari eskainia.
Txillardegi eta Saizarbitoriaren lanei buruz idatzi zuen Sarasolak, “bi autoreok hautatu ditut nere ustez ziklo bat hersten eta beste bat irekitzen duten bi pauso dezisiboak direlako gerraondoko euskal nobelagintzan“.
SarasolaITxillardegiSaizarbitoria
(gehiago…)

Eka 03 26

Allen Ginsberg idazlearen jaiotzaren mendeurrenean Harkaitz Canok euskarari ekarritako Ulua

Allen Ginsberg Estatu Batuetako poeta 1926ko ekainaren 3an jaio zen. Mendeurrena gogoratzeko, Harkaitz Canok euskarari ekarritako Ulua dakargu berriz memoriara,

ginsberg_ulua
1956an City Lights argitaletxeak plazaratu zuen Howl eta beste poema batzuk bilduma, aurreko urtean Allen Ginsberg-ek jendaurrean irakurritako poema luzea. AEBko Administrazioak edizioaren zati bat bahitu zuen obszenitatea egotzita, eta auzitara ere eraman zituzten egilea eta editorea. San Franciscoko Six Galleryko lehen irakurraldiaren urteurrenaren karietara, 2005eko udazkenean, Susa argitaletxeak Ulua plazaratu zuen, Harkaitz Canok euskaratu eta bere ahotsez Xerezaderen artxiboa izeneko podcastean irakurria.
xerezade_ulua

Ulua Xerezaderen artxiboan, Harkaitz Canok berak irakurria:

maiatza 30 26

ARMiARMA.eus literaturaren sareari aitortza Literaturiak

ARMiARMA.eus literaturaren sarean atariari aitortza egingo zaio maiatzaren 30ean (larunbta) 12:00etan Zarauzko Literaturian.
armiarma_logoH

Api 13 26

Samuel Beckett euskaraz

Apirilaren 13an jaio zen, gaur 120 urte, XX. mendeko idazle handienetarik bat: Samuel Beckett. Ingelesez idatzi zuen lehenik, eta frantsesez gero. Gizakiaren zentzugabetasuna bere literaturaren ardatz, poesia idatzi zuen, ipuinak ere bai, baina eleberriengatik eta antzerki-lanengatik lortu zuen oihartzun eta ezagutza handiena. Molloy (Gerardo Markuletak euskaratua), Malone meurt, Comment c’est eleberriak, kasu, edo Godoten esperoan edo Fin de partie antzezlanak, XX. mendeko antzerki-pieza nagusietako bi. Euskaraz, eta online, irakur daiteke Godoten esperoan, Juan Garziak euskaratua (Alberdania, 2001). Eta baita beste pieza laburrago batzuk ere: Eduardo Mataukok eta Kristin Addisek itzulitako Azkenburuko bulkadak (Susa aldizkaria, 1990), Xabier Montoiak euskaratutako Arratsalde bat (Volgako batelariak, 2006) eta Joseba Urteagak ekarritako Lehen amodioa (Igela, 2000).

Ots 02 26

Poeta palestinarren hitza ahots

Israelgo estatua Gazan burutzen ari den genozidioaren karietara, EIZIEk kaleratzen duen  Senez aldizkarian, Hamahiru poeta palestinar: gailendu dadila hitza  poema-bilduma plazaratu zen. Isabel Etxeberria Ramirezek koordinatua, hamalau itzultzaileren eskutik, XX. eta XXI. mendeko hamahiru poeta palestinarren hitza ekarri zuten plazara. Eta orain hitza ahots bihurtu dute Azpeitiko Apoako kideek. Poesia literatur talde honetako partaideek hamahiru poeta horien poemak grabatu eta sareratu dituzte. Hementxe entzun ditzakezu.
Apoa ekimeneko lagunek, lau poema hauek helarazi dizkigute guk ere sarean entzuteko:
Hanan Ashrawi Ainhoa Odriozolaren ahotsean:

Muin Bseiso Jose Luis Otamendik irakurria:

Mosab Abu Toha Pablo Dominguezek irakurria:

Mosab Abu Toha Xabier Gantzarainen ahotsean:

Urr 07 25

Amiri Baraka irakurri eta entzun

Literatura eta artea baliagarritzat jotzen zituen Amiri Barakak, ekintza politiko gisa erabiltzekotan; Amerika zuriaren suntsitzeko, adibidez. Antzerkigile, poeta eta aktibista, 1934ko urriaren 7an jaio zen 60etako intelektual beltz nagusietarik bat izango zena. Haren heriotzaren urtean, 2014an, Itu Bandakoek sei poema itzuli zituzten, eta urte berean Elearazin Galder Ruizek Zergatik gara gu Amerikarrak? bideo-poema euskaratu zuen.

euskarazko azpitituluak

Testua emateaz gain, Amiri Baraka bera ikusi eta entzun daiteke poema errezitatzen, euskarazko azpitituluekin; eta egundoko indarrarekin. 2015ean, Literaturiaren baitan, eta EIZIEren ekimenez, ariketa bera egin zuen Nagore Tolosak, Baten batek Amerika leherrarazi du poemaren errezitaldia euskaraz azpidatziz, segidan eskaintzen dizueguna.

Urr 01 25

Hitz berdeak eta Manifestu atzeratua, audio liburu

Joxe Azurmendi hil zela hiru hilabete bete diren egunean, Hitz berdeak (1971) audio liburu formatuan eskaintzera gatoz auzolan eskuzabal bati esker. Azurmendiren obra literarioaren erraldoiak ia ertz batean laketzera kondenatua du XX. mendeko poesiaren mugarrietakotzat har daitekeen lan hau. Manifestu atzeratua ere emendatu diogu, zentsurak liburutik kanpo utzi bazuen ere, garai bertsuko erreferentziazko olerkia delakoan. Auzolanean, ahots koru zabala osatuta erdietsi da egitasmo hau burutzea. 102 ahots elkartu dira Hitz berdeak liburuko 142 poemak grabatzeko. Manifestu atzeratua, berriz, 53 ahotsen arteko mosaiko koral txatalkatuan emandako aldaeran dakargu.
hitzberdeak

(gehiago…)

Ira 25 25

Joxe Azurmendiren Txiki eta Otaegi poema 1976ko Zabal aldizkarian

txikietaotaegi
1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten  Txiki eta Otaegi .
Joxe Azurmendi idazleak 1976an, Zabal aldizkarian Txiki eta Otaegi izeneko poema plazaratu zuen, berak idatzitako beste zenbait poemarekin batera.
(gehiago…)

Ira 12 25

D.F. Wallace euskaraz

XX. mendeko literatur-lan handienen artean dago Iseka infinitua (Infinite Jest, 1996), David Foster Wallaceren eleberri mardula, egileari arrakasta komertziala eta kritikaren errekonozimendua ekarri zizkiona. Prosista aparta, saiakeragile zorrotza, kronikak eta ipuinak ere idatzi zituen 2008ko irailaren 12an, 46 urte zituela, bere buruaz beste egin zuen arte. Ordurako bere belaunaldiko idazle gailenetakoa bilakatua zen, garaikide eta ondorengo askorentzat erreferentea. Haren narrazio bat euskaratu zuen Ibon Egañak Volgako batelariak blogean, Suizidioa opari-antzeko, eta gerora Danele Sarriugartek ekarri izan dio euskarari egile estatubatuarraren lana: hitzaldi bat, Hau ura da, eta Pop asmakizuna 7 kontakizuna eman zituen Elearazi webgunean, eta Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat (Pasazaite, 2016) liburua ere, itsas kruzero baten kronika literarioa.

Uzt 04 25

Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean

Gabriel Arestiren etxea izan zen Ea, eta Poesia egunak antolatu ziren urte luzez bertan. Urtero hitzaldi, poesia errezitaldi, kantaldi eta lagun giroko ekitaldi sorta eskaintzen zen. Zaldiarri bilduman argitaratzen ziren gero hitzaldietara ekarritako ideiak eta idatziak. 2016ko edizioan Alaitz Aizpuru Joaristik Joxe Azurmendiren poesia aztertu zuen Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean izeneko ponentzia hitzaldian. Zaldiarri hura dakargu orain sarera HEA elkartearen eskutik, eta nahi dituenak eskura ditu beste hitzaldi guztiak ere.

Agenda

Efemerideak

Kritikak