Euskal poetak eta artistak Arestiren omenez
Zorroza, mailuak, poesia, Bilbo, Arantzazu, aitaren etxea, egia… Gabriel Arestirekin lot genezakeen hitzen zerrenda oso luzea da. Egunotan asko jalgi zaizkigu atzera plazara, 50 urte baitira, ekainaren 5ean, hil zela. 1986an Susa argitaletxeak bere lanen bilduma egin zuenetik asko dira poetaz idatzi direnak, esan direnak, kantatu direnak, antzeztu direnak.
Beste asko oraindik ere esaten, kantatzen, antzezten ari direnak. Bere hitzak, eta berari buruzkoak. Haietako batzuk dakartzagu urteurren honen karietara. Juan San Martinen ediziopean, Agiriak izeneko liburua kaleratu zuen Gipuzkoako Aurrezki Kutxak 1978an. “Euskal poetak eta artistak Arestiren omenez” azpizenburua darama obrak, eta halaxe, garai hartako hainbat poeta eta artistaren obrak jasotzen ditu. Hona hemen osorik ikus- eta irakurgai, Arestiren omenez.