Api
24
13
“Norbanakoaren eta taldearen arteko harremanari buruzkoak dira Elkartasun basatia liburuko poemak” adierazi du Oier Guillanek. “Tentsio hori sortzailea izaten da, batzuetan talka, beste batzuetan gatazka, baina baita ere maitasun adierazpena, elkartasun basatia”. Ostegunean jendaurrean aurkeztu aurretik, Elkartasun basatia osorik eskaintzen dizugu sarean. Poesiazko liburu bat da, baina teatroak bustita datorrena; pieza asko partiturak balira bezala konposaturik daude, interpretatuak izateko moduan ahotsez edo gorputzez. Lehen errezitaldia Donostian egingo du maiatzaren 9an, ondoren Larrabetzun ekainaren 1ean eta Oreretan ekainaren 7an.
Api
19
13
Gaur 40 urte dira Eustakio Mendizabal “Txikia” tiroz hil zutela Algortan. Itsasondon jaio zen 1944n eta 28 urte zituela hil zuten 1973ko apirilaren 19an. Galduta ez dauden Txikiaren bertso eta olerkiak bildu zituen Jon Arano poetak 1992an eta Hitz etena liburuan argitaratu zituen, hitzaurre argigarri batekin. Bilduma hura osorik paratu dugu orain sarean. Baina tamalez, Txikiak klandestinitatean idatzitako poema guztiak aurkitzeko lana oraindik betetzeko dago.
Api
17
13
Ray Bradburyren liburuak irakurriz zaletu zen Mayi Pelot zientzia fikziozko literaturara. Gero Isaac Asimov, Stanislaw Lem, Philip K. Dick. Eta halaxe ekin zion berak ere idazteari eta Maiatz aldizkarian lehen aletik hasita ipuinak argitaratzeari 1982an. Ondoren iritsi zen estreinako kontakizun liburua: Biharko oroitzapenak, 1985eko urrian plazaratua eta orain sarean osorik eskaintzen dizuguna. Narrazio hauen harira, Itxaro Bordak eta Josu Landak Susa aldizkarian Mayi Peloti egindako elkarrizketa polit bat daukazu. Bi urte geroago Teleamarauna nobela ehundu zuen.
Api
11
13
Mikel Lasa, Josu Landa, Edorta Jimenez, Joseba Sarrionandia, Jesus Lete eta Luigi Anselmik itzulitako Cesar Vallejoren poema batzuk bildu ditugu, gorazarre egitearren poeta perutarrari, datorren astelehenean, apirilaren 15ean, 75 urte izango baitira Parisen hil zela. Durango, Gernika, Bilbo ageri dira gerra garaian idatzitako poema batzuetan (“España, aparta de mí este cáliz” bildumakoak). Bestalde, bost bertsio ezberdin ditugu euskaraz “Piedra negra sobre una piedra blanca” poema ezagunarenak.
Api
04
13
Duela sei urte Inter porcos kontakizun bilduma plazaratu zuen Lucien Etxezaharretak (Maiatz, 2007ko apirilaren 9an), orain sarean osorik eskaintzen dizuguna. Narrazio askoren egilea da Lucien, baina bilduma osatzeko “kronika aberezaleak” bildu zituen: lehen zortziak 1982tik 1987ra bitartean Maiatz aldizkarian agertuak eta azken seiak 2004 eta 2007 artean. Liburuari izenburua Margarita inter porcos kontakizunetik datorkio, eta hauxe aitortzen digu bertan: “Zerriak maite ditiat beste batzuek katuak maite dituzten bezala”. Hain zuzen ere, zerri hegalari batek apaintzen du liburuko lehen orrialdea.
Api
02
13
Bederatzigarren edizioa egingo du Literaldiak Bartzelonako Euskal Etxean, apirilaren 5ean hasi eta apirilaren 26ra bitartean. Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Hedoi Etxarte beren liburu berriez mintzatuko dira eta Joseba Sarrionandiaren saiakeraren katalanezko itzulpena aurkeztuko dute. Sant Jordi egunean Harkaitz Canok eta Kirmen Uribek Twist eta Mussche nobelak sinatuko dituzte Rambletan. Eta Mugaldekoak musika taldearen kontzertua izango da larunbat honetan.