Aza
28
17
Esan gabekoek, isilik gordetakoek, erdizka adierazitakoek irteera gabeko kalezulo batera eraman ditzakete jende arteko harremanak, ez aurrera ez atzera, krisiak bueltarik ia ez daukan tokira. Arantxa Iturberen Honetara ezkero ipuin liburuko 29 kontakizunotan ustekabeko asko izango dira, pertsonaiak eta gertakariak katramilatzen ikusiko dituzu isilpekoen kariaz, oker ulertuak bezainbat agertuko dira susmoak. Umorezkoak batzuetan, gaiztoak sarritan. Denak osorik eskaintzen dizkizugu Susaren webgunean.
Aza
23
17
Hirurogeitik gora poema-liburu idatzitakoa, Shuntaro Tanikawa egungo poeta japoniar handienetakoa dugu, hainbat hizkuntzetara itzulia izan dena. Euskarara ere bai, orain, zazpi poema hauetan, Iñigo Astizi esker. Japoniako lirikaz izan ditzakegun estereotipoetatik urrun —berriki euskaratutako Chuya Nakahararekin ere ezagutu ahal izan duguna—, bere aroko, egungo alegia, ahots indartsu bat aurki daiteke Tanikawaren poemotan.
Aza
14
17
Ostegunean jendaurrean aurkeztu aurretik sarean eskaintzen dizugu Eider Rodriguezen liburu berria: Bihotz handiegia. Lehendabiziko ipuinak ematen dio izenburua liburuari, maitasunaren hondakinez diharduen kontakizunak. Arroztasun sentipena dute pertsonaiek: nolakoa izaten ari da gure bikote bizitza, zein desio ote ditu auzokide perfektu horrek, norenak dira esku hauek… Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei aurre egiten beti.
Aza
09
17
Ibb herrian jaio zen 1971n Hoda Ablan, Yemengo poesiaren gaur egungo ahots nabarmenetako bat. 1989an kaleratu zuen lehen poema liburua, Ezaugarri bihurriekiko loreak, eta geroztik lanean jarraitu du, idazten eta idazle eta sortzaileen erakundeetan bere herrian. Gerra zibilak, Saudi Arabiaren bonbardaketek, kolerak, goseteak eta Mendebaldearen ahazturak jotako bere herrian, Yemenen, Hoblanen zazpi poemaren bitartez euskarara ekarri duguna, Mikel Elorzak itzulita.