Hiru dira oraingo honetan dakartzagun ipuinak. Mende hasierakoa lehena, 1912koa, Jose Manuel Etxeitaren Pepe Anton kiputza. Berak hain ondo ezagutu zituen “ekialde urruneko” uretan kokatutako istorioa, ikasgaia delakoa izanagatik ere, gure literaturari berri xamarra zitzaion mundua dakar. Itsasoko haize irekitik, eskola barneko mundu itxira, horixe du kontagaia Piarres Larzabalen Huntzaren faltaz ipuinak, 1955ekoa berau. Mikel eta erdaldunak narrazioa da hirugarrena, Jose Basterretxea Oskillaso-rena. 1962koa, erdaldunarekiko ikuspuntu itxia ageri du, baina azpimarratzekoa da ipuinaren lehen zatian darabilen egitura, kontakizun paraleloarekin. XX. mendeko hiru adibide diferente, hiru estilo desberdin, ipuina.eus egitasmora gehitu ditugunak.
Euskal disko eta liburu azoka antolatu dute ekainaren 1ean (larunbata) Ziburun. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte Ziburuko herriko plaza gure literaturako nobedade eta lanez mukuru egonen da. Ziburuko Baltsan elkarteak halaber Argia astekaria omendu gura izan du bere mendeurrenean. Susa literatura argitaletxea, Euskal Herriko beste hainbatekin batera Ziburuko azokan izanen da.
Ziburun euskal literaturak izan duen tradizioa ezagutzeko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek, Joanes Etxeberri (1580-1665), Piarres Etxeberri (XVII. mendea), Pierre Argaiñaratz (XVII. mendea), Beñat Gazteluzar (1619-1701), Jan Battista Kamusarri Murgi (1815-1842) eta Piarres Larzabal (1915-1988) idazle ziburutarrak nabarmenduz.
2002an Caine saria irabazi eta literaturaren sustapenerako Kwani? agerkaria sortu zituenean ezagun egiten hasi zen Binyavanga Wainaina kenyarra. Urte batzuk geroago sareak astindu zituen Nola idatzi Afrikari buruz artikuluarekin, hainbat estereotipori aurre egiten baitie testu ironiko horretan. 2011n Egunen batean toki honi buruz idatziko dut: memoria bat liburua kaleratu zuen, testu bikain batean Afrikaz mendebaldean zabaltzen den irudia irauliz, kritikatuz, erakutsiz egungo belaunaldi gazteek bestelakoa dela bizi duten Afrika, erakutsi nahi dutena… LGTBI aktibista, idazle eta kultur eragilea, 48 urte zituela hil da maiatzaren 21ean Binyavanga Wainaina. Elearazi webgunean euskaratu zuen Danele Sarriugartek Nola idatzi Afrikari buruz, irakurgai daukazuena.
Asteon hil da Nanni Balestrini idazlea, maiatzaren 20an. Militante politikoa izanik Italiako 1968an parte hartu zuen. Novissimi eta Gruppo 63 neoabangoardietako kidea izan zen. 1977ko mugimenduaren ostean erbestearen eta espetxearen artean hautatu behar izan zuen. Baina idazten jarraitu zuen. Euskaraz, Ikustezinak liburu ezaguneko pasarte bat ekarri zuen euskarara Joserra Utretxek 1990ko martxoan plazaratutako Susa 25 aldizkarian. Hedoi Etxartek, Sinplistak liburua aurkezteko osatu zuten fantzine bateko Balestrinien testu baten itzulpena eskaini digu: Gutuna nire irakurle esperientziagabe eta baketsuari. Testu hori La violenza ilustratta libururako hitzaurre moduan idatzi zuen Balestrinik.
Gaur aurkeztuko du Miren Agur MeabekHezurren erretura izeneko bere azken liburua. Oroitzapenetan —eskola-egunetan, familia giroan, jolasetan…— bilatu ditu Meaberen narrazioetako protagonistak bere nortasunaren lorratzak. Onartzen ditu denboraren joanak emandako gal-irabaziak. Badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Babak eltzetik ateratzen ikasi du. Bere egin du falta direnen absentzia. Ez du sinesten amodioaren balio absolutuan, nahiz eta azken aukera eman maite-kontuei. Ezagun zaizkio beste andre batzuen irrikak eta beldurrak. Ez du galdu ironiaren ufada. Eta bakardadeak eman dio hazten jarraitzeko azken bultzada.
Literaturiaren edizio berri bat izango dugu asteburu honetan Zarautzen. Ostiraletik igandera literaturarekin lotutako emanaldi, liburu aurkezpen, hitzaldi eta tailerrak izango dira herriko gune ezberdinetan. Urtero bezala, aurten ere larunbatean -goiz eta arratsalde- eta igande goizean liburu azoka izango da Musika plazan. Susa argitaletxeak udaberriko nobedadeak zuzenean aurkezteaz gain, katalogoko liburuak izango ditu eskuragai literaturzalearentzat. Jose Luis Otamendik eta Iñigo Astizek errezitaldiak egingo dituzte Garoa liburudendan Disoluzio agiriak eta Analfabetoa poema liburuak aurkezteko; Beñat Sarasolak Uxue Apaolazarekin egingo du solasaldia Deklaratzekorik ez nobelaren gainean eta Miren Agur Meabek Josune Muñozekin batera aurkeztuko du Hezurren erretura narrazio liburu berria. Garazi Arrulak eta Ion Olanok Idea Vilariño eta Cesare Paveseren Munduko poesia kaierak aurkeztuko dituzte igande goizean.
Baita hondakinak ere argitaratu zuenetik zazpi urte igaro direnean ikusiko du argia Iñigo Astizen bigarren poema liburuak. Analfabetoa. Denok gara analfabeto iberieraz idatzitako inskripzio baten aurrean, baina horrek ez du esan nahi gaur egun inguratzen gaituzten mezuak osotasunean ulertzen ditugunik. Hain zuzen ere, kodeak, zeinuak ulertzeko saiakerak —batzuetan ezintasunak, beste batzuetan ulertzeak ematen duen poz txikiak— zeharkatzen du Astizen liburua. Maiatzaren 8an aurkeztuko du, Donostiako Pandora tabernan.
1919ko maiatzaren 3an jaio zen Pete Seeger kantari estatubatuarra. Mundu osoan oihartzun egiten du bere kantagintzak eta Euskal Herrian ere sonatuak izan ziren bere kantu eta aldarriak. Duela bost urte hil zenean 13 kantu euskaratu zituen Josu Landak eta Emailu batean eman genituen; beranduago, Harkaitz Canok ere 13 kantu euskaratu zituen Lou Topet kantariaren proiektu baterako. Pello Zubiriak Zaborra kantua euskaratu zuen 2003an.
Zu naiz ni zara izenburuarekin dator aurtengo Literaturia, maiatzaren 10etik 12ra bitartean Zarautzen. Jenisjoplin Uxue Alberdiren nobelaren jendaurreko irakurraldiarekin hasiko da Zarauzko Modelo aretoan maiatzaren 10ean, ostiral arratsaldean. Iñigo Astizen Manifestua iragarri dute gero egitarauan.
Larunbatean, egun osoan zehar Garoa liburudendan azken nobedadeak aurkeztuko dituzte idazle hauek: Patxi Zubizarreta, Ione Gorostarzu, Aintzane Usandizaga, Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola, Ainara Maia eta Miel Anjel Elustondo. Biharamunean berriz; Idea Vilariño eta Cesare Paveseren Munduko poesia kaierak, Mayi Peloti buruzko liburua edota Edu Zelaietaren Mundutik mundua aurkeztuko dira.
Anjel Lertxundi omenduko dute larunbat eguerdian Otto Pette eleberriaren 25. urteurrena ospatzeko, Patxi Santamariaren performancea eta brindisa txakolinarekin. Igandean berriz, Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren 100. urteurrena dela eta solasean arituko dira Anjel Lertxundi eta Lourdes Otaegi maiatzaren 12an (igandea) 13:30ean Zarauzko Modelo aretoan.
Larunbatean goiz eta arratsaldez, eta igande goizean euskal argitaletxeen liburu azoka izango da Musika plazan. Literaturiaren egitarau osoa, hementxe.