Abe
27
12
Pio Barojak 1911n idatzitako antzezlana da Agur, bohemia! (Adiós a la bohemia), Ramon eta Trini maitale izandakoen arteko solasaldia taberna batean. 1923an estreinatu zen Cervantes Antzokian; Piok egunkaria irakurtzen ari den agurearen papera jokatu zuen eta bere anaia Rikardok tabernako morroiarena. Urte batzuk geroago, Pablo Sorozabalek opera txiki bat egin nahi zuen eta, Barojak libretorako moldaketa eginik, musika paratu zion; 1933an jokatu zen lehen aldiz Madrilgo Calderon Antzokian.
Abe
19
12
Erik Satie (1866-1925) musikari eta pianista frantsesaren komedia liriko surrealista bat da Medusaren azpijokoa, 9 eszenaz egituratua, 1913an idatzia (martxoan testua, ekainean musika) eta liburuan 1921ean argitaratua, Georges Braque pintorearen hiru xilografia kubistaz apaindurik. Komedia honen emanaldi oso berezi bat izan zen 1948ko udan Ipar Carolinako Black Mountain College-n: John Cagek jo zuen musika, Willem de Kooningek diseinatu zuen oholtza, Buckminster Fuller izan zen Medusa Baroia eta Elaine de Kooning izan zen Frisette, tximino mekanikoaren dantzak Merce Cunninghamek egin zituen, eta Arthur Pennek zuzendu zuen antzezlana.
Abe
13
12
Sean O’Casey (1880-1964) antzerkigile irlandarra, familia oso apalekoa zen; Seanek sei urte zituela hil zitzaien aita hamahiru anai-arrebei. Conradh na Gaeilge elkarteko kide egin zen 1906an, Herritarren Armadako idazkari nagusi izendatu zuten 1914n, eta 1917tik aurrera (Thomas Ashe adiskidea gose greban hil zenez gero) idazle bilakatu zen. Euskaraz obra bakarra daukagu, 2003an Zubizabal aldizkarian itzulia: Libra bat kobratu nahi dut (1939), orain digitalizaturik eskaintzen dizuguna: Jerry eta Sammy posta bulegora sartu dira libra baten bila. O’Casey hil eta berehala, haren bizitzan oinarritutako filma errodatu zuten Jack Cardiff and John Ford-ek 1965ean: Young Cassidy.
Abe
04
12
Max Aub abangoardiako antzerki idazletzat jotzen da (Botila bat, 1924; Mesfidati miresgarria, 1924; Zekenkeriaren ispilua, 1927; eta abar), nahiz eta nobelak eta poema liburu eder askoak ere idatzi zituen, adibidez: Labirinto magikoa, sei nobelaz osatutako saila (1943-1968), Espainiako gerrari eta exilioari buruzkoa. Duela bederatzi urte Zubizabal aldizkarian euskaraturik agertutako Konkordia plazako hitzaldia monologoa eskaintzen dizugu, honela aurkezturik datorrena: ekintza gaur bertan gertatzen da Parisko Konkordia plazan, 1950eko urriaren 7an. Truman jauna oholtzetako batean dago; bestean Stalin jauna, bere aurkaria. Plazaren erdian batetik bestera dabil Astakirten Handia hizketan.
Abe
03
12
Durangoko Azoka egunetan 88 ekitaldi izango dira Ahotsenean, musikakoak 52 eta 36 liburuei buruzkoak; beste era batera esanda: ordu erdiro ekitaldi bat. Idazle hauek izango dira Ahotsenearen bosgarren aldian: abenduaren 6an Bernardo Atxaga, Eric Dicharry, Ramon Saizarbitoria, Jon Arretxe, Pako Aristi; abenduaren 7an Rikardo Arregi, Xabier Etxeberria, Bertol Arrieta, Xabier Soubelet; abenduaren 8an Joxemari Iturralde, Karmele Jaio, Harkaitz Zubiri, Hedoi Etxarte; abenduaren 9an Oier Guillan, Asier Sarasola, Ainara Maia, Iñaki Segurola, Urtzi Urkizu, Peio Jorajuria.