Abu
28
21
2012ko ekainean sortu zen, lagun talde baten ekimenez, Edo! argitaletxea. Eta bost urtean 16 lan eman zituen argitara harpidedun eta lankideen borondatezko lanean oinarritutako argitaletxe honek, artea eta ilustrazioari lotutako hainbat lan tartean. Eta Karmele? izan zen argitara eman zutenetako lehenetakoa, Samara Veltek idatzitako antzezlana, eta Edotafioa azkena, 2017ko azaroan haien ibilbideari amaiera eman zion despedidako testua. Biak eskaintzen dizkizuegu.
Abu
17
21
Duela 40 urte hil zen, 1981eko abuztuaren 17an, Mariama Bâ, Senegalgo idazle eta ekintzaile feminista. Emakumearen egoera eta tradizioek horretan duten eragina salatu zuen Bâk, eta nagusiki ezaguna da Hain gutun luzea eleberriagatik. Narrazio indartsua, Afrikar literatura garaikidearen ikurretako bat, tradizioa eta modernitatea, arlo publikoa eta pribatua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu liburuak. Poligamiaren esperientziatik abiatuta, Ramatulayeren ahotsak garai hartako Senegalgo emakumeen istorioa eta historia gorpuzten ditu. Iokin Otaegik euskaratuta, edo! argitaletxeak plazaratu eta orain osorik eskaintzen dizuegu Hain gutun luzea.
Abu
11
21
Abuztuaren 29a bitarte, Kepa Akixo Zigor eskultore eta argazkilariak “Egu iturria” izeneko erakusketa du Miarritzeko Bellevue jauregian. Hatsaren Poesia ekinaldiko ohiko kolaboratzailea, Miarritzeko erakusketan ere poema laburrak ez dira eskas. Baina obra moduan orain arte kaleratu duen behinekoena Zoro garaia izan zen, 1992an Maiatz argitaletxeak emana, orain osorik irakurtzeko moduan paratu dizueguna. Eskultorearen gisan ari zaigu poemotan ere Akixo, eleak zizelkatuz bezala.
Abu
09
21
Gaurko egunez, duela 13 urte, hil zen Mahmud Darwish, palestinarren poeta nazionaltzat jo izan dena. Haren mezu poetikoaren indarragatik, eta Palestinako herriaren eguneroko sufrimenduaren eta umiliazioaren testigantza zuzena emateagatik, Israelgo agintariek konfinamenduak eta espetxeratzeak sufriarazi zizkioten. Orain arte ere, bagenuen Darwishen poema ugari euskaraz gozatzeko aukera, baina oraingoan beste bederatzi poema gehiago ekarri dizkigu euskarara Xabier Bovedak, Idatz&Mintz aldizkariaren 70. zenbakian.
Abu
05
21
Indartsu segitzen du Booktegi webguneak lanean, ebook formatuan eskainiz literatura piezak. Munduko ahots unibertsal horietako bi ekarri ditu berriki: Saki eta John Berger britainiarrak. Nemesisen jaia euskaratu du Ana Moralesek, egun seinalatuetako opariak direla-eta gizarte konbentzioei buruzko Sakiren narrazioa. Amaia Apalauza Ollok, berriz, Bergerren Harriak ekarri dio euskarari, Palestinako gatazkari buruzko kronika-artikulu ederra.
Abu
01
21
Virginie Despentes-ek, frantsesez idatzitako literaturaren enfant terrible-ak, 2015. urtean argitaratu zuen Vernon Subutex trilogiaren lehenengo atala. Gaur egungo Parisen kokatua, nobela koral honetan Despentesek klase sozial, sexualitate eta adin anitzeko pertsonaia mordoaren testigantzak jasotzen ditu, hondoratzen ari den ongizatearen gizartearen irudi kaleidoskopiko bat sortuz. Eta hemen dakarzkizuegu Vernon Subutex 2 liburutik ateratako bi pasarte, bi boz: ezkerreko mugimendu politikoarekin desenkantatuta bizi den Loïc gaztea eta Marie Ange, emozio eta bizitza krisi bat sufritzen ari dena, Ane de la Presa Urturik euskaratuta.